XIX. Mendeko Euskal Olerkariak: Erromantizismoa eta Iparragirre
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 6,53 KB
XIX. Mendeko Euskal Olerkariak
Sarrera
Olerkia idatzizkoa da, eta horrek kultua eta landua izatea eskatzen du. Baina ez da nahikoa idazlea kultua izatea. Olerkiak irakurri, ulertu eta gozatu behar dituenak ere alfabetatua izan behar du. Horregatik, herritarrak alfabetatu arte, irakurle gutxik izan dute olerkiez gozatzeko aukera. Beraz, bakar batzuentzat izanik, eragin txikia izan du literatura idatziak oro har, azken mendeak arte.
Kontuan hartu behar dira datu hauek:
- Euskaran alfabetatu gabeak izan dira azken 50 urteak arte.
- Horregatik, bertsolaritza izan da nagusi gurean XX. mendeak aurrera egin arte.
- Ondorioz, olerkariek herritarrek kantatzeko moduko moldeetan eta neurrietan eman izan dute beren lan poetikoa: zortziko txiki eta handian.
Herriaren historiak berak markatzen du garai bakoitzean zein diren jendearen sentipenak. Olerkaria horren jakitun denez, egoerara egokitu eta sortzen ditu poemak:
- XVI. mendean, adibidez, elizgizonek egindako olerkietan erlijiozko sentimenduak ziren nagusi.
- XIX. mendean (1876), aldiz, foruak indarrez kendu izanak euskaldunen politikarako minberatasuna ere bizkortu egin zuen, eta garai horretatik aurrera, askapen politikoa, euskara eta abertzaletasuna izan ziren mende honetan olerkariek erabilitako gaiak.
- XX. mendearen bigarren zatian, berriz, poesia soziala deitua sartzen da indarrean, industrializazioak eragindako gatazken haritik. Izan ere, olerkariaren adierazpenak inguruan gertatzen denaren isla dira.
Erromantizismoa
Ilustratuek arrazoimenean jarritako konfiantza sendoa eten egiten da. Erromantikoak ez du uste ongizatea arrazoimenean eta jakintzan oinarritu daitekeenik. Garai hartako lasaitasuna, oreka, harmonia eta zentzua baztertu egiten dira (horiek ziren Argien mendeko, XVIII. mendeko, balioak) eta subjektibotasuna, gizabanakoaren garrantzia, arrazionaltasuna, bat-batekotasuna, irudimena, sentimendua eta intuizioa hobesten dira.
Beraz, mundua ezagutzeko ez dira eredu aproposak ez Geometria (Descartes), ez Matematika (Newton). Poetaren intuizioa da bidea. Bakoitza da norberaren munduaren sortzaile.
Hauek dira balio berriak:
- Ideala
- Urruti-mina, bai denboran (Erdi Aroa), bai lekuan (Ekialdea).
- Sinbolismoa da muga horietara iristeko bidea.
- Herri eta hizkuntza minorizatuek berebiziko garrantzia hartzen dute.
- Artearen helburua artistak askatasunez lortzen duen edertasuna da.
- Benetako bizitza ez dago hemen. Maitasuna heriotzarekin lotuta agertzen da.
Literatura erromantikoaren ezaugarriak:
- Subjektibismoa, nitasunaren obsesioa. Arazo pertsonalak dira gai nagusi: maitasuna, heriotza, norberaren barne-mundua..., baina, kasu gehienetan, urrutiko leku eta aldietara jotzen du poetak bere obretan. Hala, iragan ideal batean bilatzen da inguruko errealitate prosaikoak (arrunta, poesiaren artifiziorik gabekoa) ukatzen duena.
Piarres Topet Etxahun (1786-1863)
Bertso autobiografikoetan oinarrituz, badakigu ez zuela bizimodu erraza izan. Zuberoako Barkoxe herrian jaioa, zoritxarreko haurtzaroa izan zuen. Berak Etxahunen bizitziaren khantoria izeneko bertso-sailean kontatzen digunez, gurasoek ez zuten maite izan "edertasunez pobre nintzelako sortu".
Gaztaroan, etxean neskame zuten neskatxarekin maitemindu zen. Gurasoek semearen aukera onartzen ez zutenez, etxe aberats bateko alabarekin ezkonarazi zuten. Ezkontza behartu horrek ez zuen ondorio egokirik izan. Harreman gatazkatsuak, eta ustez, adarrak tarteko, emaztearen amorantea zelakoan, bere lagun bati egin zion tiro. Ondorioz, hainbat urte egin zituen espetxean, eta, handi irten eta gero, erromes ibili zen, Compostelan eta Erroman, eskale hil zen arte.
Etxahun, bertsolari eta olerkari gisa nabarmendu zen. Bere bizitzako gorabeherek, gehienak larriak eta garratzak, egin zuten olerkaria ezagun.
Iparragirre (1820-1881)
Urretxun jaio eta mutiko zelarik, Madrilera joan zen bizitzera. 13 urte baino ez zituenean, Euskal Herrira itzuli zen eta karlisten aldeko borroketan sartu, euskal foruen aldeko lehian. Frantziara joan behar izan zuen. Bertan olerkiak irakurtzeko eta egiteko izan zuen denbora. 1839an lehen karlistaldia amaitutakoan, ez zuen onartu Bergarako besarkadak eskaini baina bete ez zuen promesa, eta atzerrira alde egin beharra izan zuen, beste askorekin batera.
Atzerrian, Caroline Duprez abeslari soprano frantsesaren babesa izan zuen. Haren ondoan, frantsesa ikasteaz gain, zenbait olerkari frantsesen olerkiak irakurtzeko eta musika eta kantu-ikasketak egiteko aukera ere izan zuen.
1852an Euskal Herrira bueltatu zen. Orduan kantatu zuen lehen aldiz Gernikako arbola, Madrilgo kafetegi batean. Euskal Herrian ere egin zuen hainbat kantu-saio, gobernukoak aztoratu, epaitu, espetxeratu eta kanpora bota zuten arte: "ez etortzeko gehiago probintzi honetara; orduan hartu nuen Santander aldera" kantatzen du berak.
Artzain eta tabernari, Argentina eta Uruguai aldean, nahikoa lan izan zuen bere zortzi seme-alabak aurrera ateratzen. Miresten zuten lagunek euskal aldundietatik diru-laguntza lortu zioten. Laguntza hori jasotzera Euskal Herrira itzuli zen 1877an, familiakorik gabe. Itzulaldi horretakoa du Hara nun diran abesti ospetsua. Ez zuen etxekoekin berriz elkartzeko aukerarik izan, 1881ean hil baitzen alborengoak edo pulmoniak jota.
Bilintx (1831-1876)
XIX. mende bukaeran Donostiak bizi izan zuen giro euskaltzalearen behin-behineko ordezkari dugu Indalezio Bizkarrondo, Bilintx bertsolaria. Donostiak inoiz eman duen bertsolaririk goraipatuena ez ezik, Koldo Mitxelenak zioen bezala, literaturaren arloan euskarak duen ahotsik erromantikoena. Hainbat ezbeharren ondorioz, maiteminez triste bizi izan zen gizona, baina, era berean, haren bertsorik gogoangarrienak buruz ikasita, egungo gure txolarte eta lagunarteko ospakizunetan pozez kantari eduki ohi gaituen olerkari kuttuna.
Gillermo Joakin Indalezio Bizkarrondo Donostian jaio zen 1831ko apirilaren 30ean. Alde Zaharrean jaioa izango zen, San Bizenteko parrokian bataiatu baitzuten biharamunean. Zizurkilgo Nikolasa Erkizia Makazaga azpeitiarrarekin ezkondu zen 1869ko apirilaren 4an. Bilintx ia mutilzaharra zen ezkondu zenean, 38 urte baitzituen, eta emaztea, oraindik neska gazte, 22 urte baitzituen. Hiru seme-alaba izan zituzten.
Kontu garbirik ez dakigu Bilintx izengoitiaz: nork jarritakoa zuen ez behintzat, baina inguruko guztiek ez bazen, gehienek Bilintx deitzen zioten, hots, Bilintxek berak bere bertso-paperak izenpetzen zituen bezalaxe.