XIX. mendeko Espainiako Historia: Desamortizazioa eta Foruak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 12,39 KB
Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836)
Mendizabalen desamortizazio dekretua testu juridiko garrantzitsua da. 1836ko otsailaren 21ean, Mendizabal Ogasun ministroak Maria Kristina erreginaordeari zuzendutako gutuna da, aurreko urtean ezabatutako ordena erlijiosoen ondasunak saltzeak ekarriko zituen onurak azaltzeko.
Desamortizazioaren helburu nagusiak
Mendizabalek elizaren lurrak saltzearen bidez lortu nahi zituen onurak honako hauek ziren:
- Zor publikoa murriztea.
- Jabe bihurtzeko aukerak emanez, erregimen liberala babestu eta lurrak hobeto ustiatuko zituen jabe talde zabal bat sortzea.
- Industria eta merkataritzaren garapenerako oztopoak kentzea, nekazaritzaren berpiztearen ondorioz.
Testuinguru historikoa eta politikoa
1833an, Fernando VII.a hil zenean, bere alaba Isabel adin txikikoa zen; beraz, bere ama Maria Kristina jarri zen erreginaorde. Urte horretan bertan lehenengo karlistada hasi zen eta liberalismoaren barruko ideologien zatiketa handitu zen. Hasieran gobernu kontserbadorea osatu zen, baina liberalen eta armadaren presioaren ondorioz, moderatuak jarri zituen buruan eta monarkia konstituzionala ezarri zen.
Progresistek karlistaldian egindako matxinadaren bidez boterea lortu zuten, Mendizabal gobernuburu zelarik. Baina moderatuek berriro eskuratu zuten boterea. Orduan, progresistek mugimendu handi bat antolatuz boterea lortu eta iraultza liberala hasi zuten, Mendizabal Ogasun ministro izanik eta neurri garrantzitsuak hartuz, adibidez, desamortizazioa.
Ogasunaren egoera eta lurraren banaketa
Desamortizazioa egin zen unean, ogasuna egoera larrian zegoen. Ezin zion zor publikoari aurre egin eta, gainera, sinesgarritasunik ez zuenez, ez zuen mailegurik ez bonorik saltzea lortzen. Gainera, lehen karlistadak krisia are gehiago handitu zuen. Momentu horretan lurjabe gehienak eliza eta nobleziaren familia gutxi batzuk ziren. Lur hauek gaizki ustiatuta egoten ziren gehienetan. Udalek auzoko lurrak ere bazituzten, nekazariek beraien zatia ustiatzeko.
Desamortizazio prozesuaren bilakaera
Desamortizazioaren neurria XVIII. mendean hartu zen Espainian lehen aldiz. Mendizabalena bosgarren desamortizazio prozesua izan zen, hiru dekreturen bidez egin zuena eta elizaren ondasunetan eragin zuena: lehenik, 1835ean ordena erlijiosoen ondasunak konfiskatu ziren; ondoren, ondasun hauek salgai jarri ziren; eta azkenik, 1837an, desamortizazioa klero sekularretara zabaldu zen. Ondoren etorriko zen Paskual Madozen azken desamortizazioa Mendizabalenean oinarritzen da.
Ondorioak nekazaritzan eta Euskal Herrian
Hala ere, ez zen nekazaritza modernizatzea lortu. Burges dirudunak egin ziren lurren jabe eta nekazal produkzioa handitu zen, lur gehiago lantzen zelako. Gainera, nekazari pobreei beraien herri lurrak pribatizatu eta errenta igo zieten, jornalari bihurtuz. Euskal Herrian elizak ez zuen botere handirik eta honek ez zuen asko eragin. Gainera, desamortizazioa foru erakundeek kontrolatu zuten. Populazioaren gehiengoa karlismoaren alde borrokatu zen, eta beraiek desamortizazioaren kontra jarri ziren. Gerra karlista piztuaraziko zuen egoera sortu zen liberalismoaren aurka jartzean.
1839ko Urriaren 25eko Legea eta Foruak
Testu juridiko eta publiko hau Gorteek egin eta Maria Kristina erreginaordeak berretsi eta jakinarazitakoa da. 1839ko urriaren 25ean idatzi zen eta euskal lurraldeari zuzenduta zegoen. Estatu liberalaren sorreran, Maria Kristinaren erregeordetzan kokatzen da. Lege honen bitartez, euskal lurraldeetako (Nafarroa barne) foruak berresten ziren, baina “monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe” (1. art.). Honez gain, lurralde hauekin negoziatu ondoren, foruek konstituzioari egokitzeko aldaketak egin beharko direla dio.
Lehen Karlistaldia eta Bergarako Ituna
Fernando VII.a hil zenean, gerra zibila sortu zen ondorengotza eta foruengatik. Batzuk Karlos Maria Isidro infantearen aldekoak ziren (karlistak) eta besteak Isabel II.aren aldekoak (liberalak). Lehenengo gerra karlistak Euskal Herrian eragin handia izan zuen. Lehen fasean, Tomas Zumalakarregi jeneral karlistak landa guneetan hartu zuen indarra Bilboko setioan hil zen arte; hiri gehienak liberalen esku zeuden. Bigarren fasean, armada liberala indartzen hasi zen baina, azkenik, gerraz nekaturik, Bergarako Ituna sinatu zuten bakea ezarriz Marotok (karlista) eta Esparterok (liberala). Marotok erregina izateko eskubidea eman zion Isabel II.ari foruen truke.
Foruen eraldaketa eta 1841eko Lege Hitzartua
Maria Kristinak lege honen bidez foruak berretsi zituen, beti ere konstituziora moldatuko baziren. Esparteroren erregeordetzan euskal probintziek ez zuten onartu aldaketarik, baina bai Nafarroak. 1841eko abuztuaren 16an Lege Hitzartua sinatu zen, Nafarroako foruak asko murrizten zituena. Esparterok euskal lurraldeetan ere legedi progresista ezarri zuen eta euskal probintzietako foruzaleak matxinatu egin ziren. Liberal moderatuek eta karlistek ere parte hartu zuten. Esparterok gogor zapaldu zuen matxinada eta 1841eko urriaren 29ko dekretuaren bidez ezerezean utzi zituen foruak, hiru lurraldeak Espainiako beste lurraldeen maila berean jarriz.
1876ko Konstituzioa: Errestaurazioaren Oinarria
Testu juridikoa da, Estatu baten lege gorenak baititu, eta publikoa da; gainera, lehen mailakoa da, zuzenean argitaratua. Erregeak sinatu zuen, baina Gorteek ere parte hartu zuten. Seiurteko Iraultza ostean, Errestaurazioaren hasieran idatzi zen, Alfontso XII.arekin monarkia ezarri ondoren. 1876ko ekainaren 30ean idatzi zen Madrilen, estatu liberala bermatzeko helburuz.
Konstituzioaren printzipio nagusiak
Artikuluetan agertzen ziren printzipioak honako hauek ziren:
- Subiranotasuna: Gorteen eta erregearen esku gelditu zen (sarrera).
- Erlijioa: Estatu konfesionala da (11. art.) eta erlijio katolikoa da ofiziala, baina gurtza askatasuna onartzen da era pribatuan soilik.
- Eskubideak: Adierazpen, biltzeko eta elkartzeko askatasuna ematen da (13. art.).
- Botere banaketa: Botere legegilea Gorteek eta erregeak dute (18. art.) eta botere betearazlea erregeak du (50. art.).
- Gorteak: Bi ganbaraz osatzen dira: Senatua eta Diputatuen Kongresua (19. art.). Senatua norberaren eskubidez aukeratuek, koroak izendatutakoek eta sufragio zentsitario murritzez hautatutakoek osatzen zuten (20. art.). Diputatuak sufragio zentsitario murritzez aukeratzen ziren hasieran, eta 1890etik aurrera gizonezkoen unibertsalaren bidez (28. art.).
- Botere judiziala: Berdintasun juridikoa ezartzen da (75. art.).
Cánovas del Castillo eta Sistema Politikoa
Seiurteko iraultzaileak hondoa jotzean eta errepublika ezartzeko saioa ezerezean gelditzean, 1874 amaiera aldera, Errestaurazioari hasiera eman zitzaion; 1923ra arte egon zen indarrean. Antonio Cánovas del Castillok eratu zuen Errestaurazioko sistema politikoa eta bereak izan ziren 1876ko konstituzio honen printzipioen ideiak. Hiritarren demokrazia eskaerak alde batera utzi zituen eta eskubide indibidualak ezerezean utzi zituen. Alderdi Kontserbadorearen sortzailea izan zen.
1876ko Konstituzioa liberal moderatua izan zen, 1845ekoaren antzekoa, baina hobeto moldatzen zen liberalismoaren joera guztietara. Erregeari eskumen handiak ematen zitzaizkion. 1845eko printzipio moderatuak hauek ziren: subiranotasuna errege eta gorteen esku egotea, estatu konfesionala izatea, botere banaketa argirik ez egotea eta erregeak eskumen zabalak izatea (hala nola ministroak izendatzea, gorteak biltzea eta desegitea eta legeei betoa jartzea). 1869ko konstituzioaren eskubide eta askatasun batzuk ere aitortzen zituen. Espainian gehien iraun duen konstituzioa da orain arte, bai kontserbadoreek bai liberalek malgutasunez gobernatu zezaketelako.
1876ko Uztailaren 21eko Legea: Foruen Abolizioa
Testu juridiko publikoa da. Antonio Cánovas del Castillok, Errestaurazioko aitzindari eta Alderdi Kontserbadoreko burua zenak, idatzia 1876ko uztailaren 21ean, gobernuko presidente zelarik Gorteetan aurkeztutako legea da. Hiru euskal probintziei zuzenduta dago, foruen aldaketak jakinaraziz; azken batean, foruak deuseztatzen zituzten aldaketak ziren.
Legearen edukia eta ondorioak
Lege horrekin Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako biztanleak soldadutzara joatera eta zergak ordaintzera behartzen ziren (1. art.). Horrez gain, gobernuari baimena ematen zitzaion foruetan erreformak egiteko (4. art.).
Hirugarren Karlistaldiaren testuingurua
Seiurteko Demokratikoaren hasieran, 1868ko iraultza liberalaren ondorengo marko politikoak eta estatu laikoak katolikotasunaren haserrea ekarri zuten, eta karlistek indarra hartu zuten. Hainbat trikimailuren ondoren (publizitatea, propaganda…), euskal nekazariak eta foruzaleak ere beraien alde jarri ziren. Orduan eraso militarra antolatu eta Hirugarren Karlistada hasi zen, 1872an. Hasierako borrokaldien ondoren su-eten bat sinatu zen, ondoren karlistek apurtu zutena. Euskal lurraldeak bereganatu zituzten hiriburuak izan ezik, baina ezin izan zuten liberalekin amaitu. 1875ean liberalek garaipena lortu zuten Katalunian eta Maestrazgoan, eta 1876an Lizarran, gerra amaituz.
Kontzertu Ekonomikoaren sorrera
Gerra amaitutakoan, konstituzio bat eratu zen. Karlistek gerra galdu zutenez eta Errestaurazio fasean Cánovas del Castillo gobernuburu zenez, foruetan aldaketa sakonak egitea pentsatu zuen. Gainera, Espainiako iritzi publiko gehiena foruen kontrakoa zen. Legea egin eta hurrengo urtean, euskal probintziek onartzen ez zutela ikusita, Cánovasek Batzar Nagusiak ezabatu eta Foru Aldundien ordez diputazio probintzialak jarri zituen. Abolizioaren ondoren, Cánovasek ez zeukan probintzia hauen estatistika administratiborik zergak kobratu ahal izateko eta, beraz, ados jarri ziren probintzia bakoitzak bere zergak kudeatzen jarraitzeko, estatuari kopuru bat ordainduz. Hitzarmena 1878ko otsailaren 28an jarri zen indarrean: lehenengo Kontzertu Ekonomikoa izan zen. Nafarroak ere bazuen berea, "Konbenio" izenez ezagutua. Kontzertu ekonomikoa behin eta berriz berritu zen Francok, gerra ondoren, Gipuzkoa eta Bizkaiari kendu zien arte. Franco hil ondoren, 1981ean, berriro berreskuratu zuten eta gaur egun indarrean dirau, 2001ean sinatu bezala mugagabea delarik.
Joaquín Costa: Oligarkia eta Kazikismoa (1901)
Testu hau Joaquín Costaren “Oligarquía y caciquismo” lanaren pasarte bat da, 1901ean Madrilen argitaratutakoa. Bertan Errestaurazioko sistema politikoa kritikatzen du. Testu zati honetan, gobernua osatzen duten hiru osagaiak sailkatzen ditu:
- Oligarkia: Agintean txandakatzen diren alderdi bietako buruek osatzen dute, Madrilen bizi direnak.
- Jauntxoak (Kazikeak): Probintzietan bizi diren tokiko boteredunak.
- Gobernadore zibilak: Oligarkiaren eta jauntxoen arteko bitartekari lana egiten zutenak.
Costak dio oligarken eta jauntxoen gobernu honek ez duela herria ordezkatzen, hauteskunde iruzurra egiten baitute bere posizioaz baliatuz.
Errestaurazioaren krisia eta Erregenerazionismoa
Errestaurazioa Antonio Cánovas del Castillok diseinatutako sistema da, gizarte ordena eta ekonomia egonkorra mantentzeko. Hala ere, herritarren eskubideak mugatu eta hauteskunde iruzurra (tupinada) erabiltzen zen bi alderdien arteko txandaketa bermatzeko. Alfontso XII.a hiltzean, Maria Kristina jarri zen erregeordetzan eta Sagastak hartu zuen gobernua 1885ean. Alderdi liberalak herrialdea egonkortu zuen, baina 90eko hamarkadan krisi ekonomikoak tentsioak areagotu zituen: manifestazioak, mitinak eta atentatuak (Cánovasen hilketa, adibidez) hasi ziren.
Honi 1898ko krisia gehitu zitzaion, Espainiak Kuba, Puerto Rico eta Filipinak galdu zituenean. Egoera honetan, sistema politikoaren aurkako iritziak agertu ziren, hala nola Joaquín Costak zuzendutako erregenerazionismoa eta 98ko Belaunaldia talde literarioa. 1902an Alfontso XIII.a errege jarri eta Errestaurazioaren krisia sakondu zen: zorpetzea, pobrezia, nazionalismoen indarra eta langile mugimenduak zirela eta. Azkenik, 1923an Primo de Riverak estatu-kolpea eman zuen, Errestaurazioari amaiera emanez.