Langile Mugimendua: Espainia eta Euskal Herriko Historia
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,75 KB
Langile Mugimenduaren Hastapenak Espainian
Industrializazioaren ondorioz sortu zen langile klasearen lan-baldintzak oso gogorrak ziren: soldata txikiak, hamar ordu baino gehiagoko lanegunak, gizarte-babes eza (ez zuten langabezia, gaixotasun edo istripu asegururik, ezta erretirorik ere)... Langileen auzoetako bizi-baldintzak ere oso gogorrak ziren: pilaketa, higiene eza, elikadura eskasa... Enpresaburuen gehiegikerietatik defendatuko zituen lan-legerik ez zegoenez, langileak elkartzen eta egoera jasangaitz hartatik ateratzeko ekimenak antolatzen hasi ziren.
Espainian lehen langile-ekimenak 1830eko hamarkadan burutu ziren, Katalunian gehienbat. Langileek, Britainia Handitik iritsitako borroka-ereduari jarraituz, makinak apurtzen zituzten.
1840tik aurrera langile-elkarteak agertzen hasi ziren, egoera ezohikoetan (langabezia, elbarritasuna...) elkarri laguntzeko helburuarekin. Greba langileen protesta-tresna nagusi bilakatu zen, agintariek "ekintza kriminal" deklaratu arren. Jarduera mota hau elkartzeko eskubidea defendatzeko, lan eta bizi-baldintzen hobekuntza eskatzeko eta abarretarako erabili zen.
Seiurteko Iraultzailean, langile-mugimenduak bultzada handia izan zuen, langile-elkarte asko eta asko legeztatu baitziren.
Ideologien Bereizketa: Anarkistak eta Sozialistak
Langileak bi taldetan bereizi ziren ideologiaren arabera: anarkistak eta sozialistak. Espainian anarkistak nagusitu ziren. Ideologia biek zuten azken helburutzat jabetza pribatuaren eta klase-gizartearen deuseztapena:
- Anarkistek estatuaren erakunde oro ezabatu nahi zuten.
- Sozialistek, berriz, Marxen teorien aldekoak izanik, langileek iraultzaren bitartez estatuaren botereaz jabetzea nahi zuten, bertatik klaserik gabeko gizartea ekarriko zuketen aldaketak egiteko.
1919tik aurrera, anarkisten ekintzak erradikalizatu egin ziren eta egoera terrorista larria bizi izan zen, Katalunian batik bat. Halako bandolerismo aldi bat bizi izan zen Katalunian, eta hainbat enpresaburu eta langile anarkista hilik gertatu ziren.
Alderdi Sozialistari dagokionez, hauteskunde-politikari ekin zion, eta 1910etik aurrera errepublikanoekin koalizioan aurkeztu ziren. Sektore batzuk politika horren kontra jartzeak alderdian bi joera sortarazi zituen: moderatua edo erreformista eta erradikala edo iraultzailea.
Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930) oso gogor jazarri zuen anarkismoa, eta afiliatuen kopurua asko jaitsi zen. Alderdi Sozialistak, aldiz, erregimena babestu zuen eta bere sindikatu UGT Espainiako eta Euskal Herriko sindikatu indartsuena bilakatu zen.
Eliza Katolikoaren Jarrera
Eliza Katolikoak ere, industrializazioak enpresaburu eta langileen artean sortutako arazoak eta ideia iraultzaileek langileengan zuten eragin gero eta handiagoa ikusita, lan-harremanen gaiari ekin zion. Sozialismoa eta ideologia horrek aldarrikatzen zuen klase-borroka gaitzetsi ondoren, Elizak enpresaburu eta langileen arteko harremanetarako jarraibideak finkatu zituen, enpresaburuak eta langileak sindikatu katolikoetan elkartzera bultzatuz.
Langile Mugimendua Euskal Herrian
XIX. mendearen azken laurdenean Bilboko itsasadarraren ezkerraldean gertatu zen industrializazio-prozesuak eta Bizkaiko meategien ustiakuntzak lan-esku ugaria behar zuten. Hori dela eta, laster sortu zen Bizkaian industri proletalgoa, neurri handi batean kanpotik etorritako jendearekin osatuta.
Euskal Herriko langileak sozialismoaren eskutik hasi ziren antolatzen, eta berak jarraitu zuen euskal sindikalismoaren indar nagusiena izaten XX. mendearen zati handi batean. Hala ere, XX. mendearen hasieratik beste joera sindikal batzuk agertu ziren, horietatik garrantzitsuena sindikalismo katolikoa eta abertzalea izan zen.
Sozialismoa Euskal Herrian
Sortu zen une beretik sozialismoa euskal lurraldeetan ere agertu zen, Facundo Perezaguaren eskutik. Berak sortu zuen 1886an lehenengo talde sozialista Bilbon. Ondoren, Sestaokoa, Ortuellakoa, Zugaztietakoa... etorri ziren.
1890ean Bizkaiko lehen greba garrantzitsua egin zen. Meatzariek eman zioten hasiera, baina siderurgiara eta ontzigintzara ere zabaldu zen. Langileen garaipena osokoa izan ez bazen ere, sozialistek zuzendutako greba hark bultzada handia eman zion sozialismoari. Ondoko urteetan greba ugari egin ziren, beti ere sozialisten gidaritzapean.
La Lucha de Clases, Bilbon argitaratzen zen astekaria, izan zen sozialismo bizkaitarraren komunikabide nagusia. Bere zuzendaria izan zen Tomás Meabek Agrupación de Jóvenes Socialistas sortu zuen 1904an.
1915etik aurrera, Indalecio Prietok, alderdiko joera moderatuaren buruak, hartu zuen Bizkaiko sozialismoaren buruzagitza, Perezagua, sektore erradikalekoa, baztertuta utziz. Indalecio Prieto sozialismo bizkaitarraren buruan egon zen Gerra Zibila amaitu arte eta, era berean, estatuko buruzagi sozialista nagusienetakoa izan zen.
XIX. mendearen amaierara arte, euskal sozialismoa Bizkaira mugatu zen. Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetara beranduago heldu zen eta oso astiro zabaldu zen, Eibarren salbuespenarekin.
Sindikalismo Abertzalea: ELAren Sorrera
Sabino Aranarentzat sozialismoa "ateo eta maketoen ideologia" zen; beraz, langile euskaldunak sozialismotik urrundu behar ziren. Horrela, langile euskaldunak antolatzeko, Solidaridad de Obreros Vascos (SOV), gero Solidaridad de Trabajadores Vascos (ELA/STV), sortu zen 1911n. Hasieratik izaera bikoitza izan zuen: abertzalea, Sabino Aranaren ideologian oinarritzen baitzen, eta katolikoa, Eliza Katolikoaren doktrina soziala hartzen baitzuen abiapuntutzat.