Sokratesen Filosofia: Egia, Metodoa eta Bertutea
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,35 KB
Sokratesen pentsamendua eta egia unibertsala
Sokratesen filosofiak sofisten ideiak ukatu eta egia unibertsala eta objektiboa defendatzen zuen. Sofisten erlatibismoaren aurka, Sokratesek balio moralak absolutuak eta gizaki guztientzat komunak direla zioen (antierlatibismoa). Gainera, uste zuen egia hori ezagutu daitekeela (antieszeptizismoa), kontzientzia eta adimena erabiliz. Haren arabera, balore moralak gizakien barnean daude, eta elkarrizketa da horiek ezagutzeko tresna nagusia. Beraz, hitza egia bilatzeko ezinbesteko tresna zen.
Metodo sokratikoa: Ironia eta mayeutika
Metodo sokratikoa, jakintza eskuratzeko bidea, bi fase nagusitan oinarritzen zen:
- Ironia: Sokratesek aurkariaren ustezko jakinduria zalantzan jartzen zuen, bere ezjakintasuna aitortu eta egiaren bilaketa hutsetik hasteko. Hau da, iritzi okerrak eta aurreiritziak deseraikitzen zituen. Horretarako, elkarrizketan, galdera-erantzun moduan, solaskidearen kontraesanak agerian uzten zituen.
- Mayeutika: Egia norberaren barnean dagoela ustez, Sokratesek elkarrizketaren bidez laguntzen zuen hori “erditzen” edo ateratzen. Galderak egiteko modu estrategikoa erabiliz, bere helburua ez zen bere egiak ezartzea, baizik eta besteari norbere egia aurkitzen laguntzea.
Definizio unibertsalak eta metodo induktiboa
Horrez gain, Sokratesek definizio unibertsalak bilatzen zituen metodo induktiboaren bidez, hau da, behaketatik orokortasunera iritsiz. Definizioek esentzia unibertsala islatu behar zuten. Bere pentsamenduak erakusten duenez, balore unibertsal horiek pertsona guztientzat baliagarriak dira, denboraren eta testuinguruaren gainetik.
Intelektualismo morala eta eudaimonia
Sokratesek intelektualismo morala defendatu zuen: inork ez du nahita gaizki jokatzen, baizik eta ezjakintasunez. Ongia ezagutzen duenak ongi jokatzen du beti. Horrela, jakintza eta bertutea elkarlotuta zeuden. Beraz, ezjakintasuna da gaizkiaren iturburua, eta jakintsua beti ona da.
Azkenik, Sokratesentzat, filosofiaren helburu nagusia eudaimonia edo giza zoriona zen, ongia ezagutuz eta bertutea praktikatuz lortzen dena. Filosofia honek gizakiak hobetzeko tresna gisa balio zuen, eta Platonengan eragin handia izan zuen.