Kant, Ilustrazioa eta Sapere Aude: Pentsatzeko Ausardia
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,2 KB
KANT ETA ILUSTRAZIOA: SAPERE AUDE!
Sapere aude latindar esamoldea honela itzul daiteke: “Ausart zaitez pentsatzera”. Horrela ere interpreta daiteke: “izan adore zeure kabuz arrazoia erabiltzeko”. Kantek bere artikuluan, “Zer da Ilustrazioa? Galderaren erantzuna”, azaltzen du kontzeptu hau.
Autonomia eta Adingabetasuna
Kanten iritziz, autonomiak bereizten ditu gizakiak; erabaki pertsonalak hartzeko gaitasunak desberdintzen gaitu beste izakietatik. Era autonomoan jokatzeak, adingabetasuna atzean utziz, gizakia heldutasunera iritsi dela adierazten du. Hau da, gizabanakoa bere kabuz pentsatzen ausartzen dela, irizpide pertsonalak dituela, bere buruaren jabe dela.
Era autonomoan jokatzeak heteronomia atzean uzten duela esan nahi du; besteen iritziak kontuan hartuz jokatzea, norberak iritzi horiek barneratu gabe.
Kantek uste du Ilustrazio garaia gizadiaren adingabetasuna atzean uzteko garaia dela, gizakia bere kabuz pentsatzen hastekoa.
Zer da Ilustrazioa? Kanten erantzuna
Hona hemen zer dioen Kantek bere artikuluan:
“Ilustrazioa, gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik. Adingabetasuna, besteren gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna. Norbera erruzkoa, adingabetasunaren zergatia ez datzanean adimenik ezean, nor bere buruaz bestearen gidaritzarik gabe erabakitzeko gaitasun eta kuraiarik ezean baizik. Sapere aude! Ausart zaitez zeure adimenaz baliatzera! Hona hemen Ilustrazioaren esana”.
Ilustrazioaren Oztopoak
Honen arabera, edozein pertsona ilustratu daiteke, nahikoa da ausardia izatea. Baina hau lortzeko oztopo batzuk gainditu behar ditu:
Alferkeria
Berak esan duen moduan, “hain erraza da adingabe izatea”, hau da, besteek gutaz pentsatzea. Askoz errazagoa da engainatzen uztea bere kabuz pentsatzea baino.
Koldarkeria
Askotan arriskutsua da boterearen kontra jotzea, horregatik ausardia ezinbestekoa da.
Tutoreen (boteretsuen) Interesak
Tutoreei ez zaie interesatzen askatasunez pentsatzea eta adieraztea; zail jartzen digute.
Oztopo hauek gainditzea —adingabetasuna— oso zaila da. Konturatu gabe, “gure bigarren natura” bihurtu da, hau da, besteen ideiak eta aginteak jarraitzea, kritikatu eta birpentsatu gabe, naturala izango balitz bezala.
Norberaren erruzko adingabetasun honetatik ateratzea ez da gauza erraza eta gutxik lortuko dute; oso prozesu luzea, progresiboa eta erreformaren bidezkoa (iraultzak indarkeria dakarren neurrian ezin du bermatu barneko erreforma, heziketaren bidez lortu behar dena).
Ilustrazioa lortzeko zutabeak
Kantek pentsatzen zuen bere garaia ondo bideratuta zegoela Ilustrazioa lortzera (zientzia eta tolerantzia politikoari esker), baina oraindik lortu gabe. Lortzeko zutabeak bi dira:
- Askatasuna: pentsatzeko eta adierazteko maila guztietan (politikan, zientzian eta erlijioan).
- Arrazoia: kritika moduan, bai kanpokoa (aurreiritziak, autoritatea) bai barnekoa (ezagutzaren mugak).