San Agustinen Filosofia: Gaitza, Askatasuna eta Bi Hiriak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,92 KB
Askatasuna eta Gaitzaren Arazoa
Gaitzaren Izaera: Ongiaren Gabezia
San Agustinen filosofiaren oinarrietako bat gaitzaren arazoari buruzko hausnarketa da. Arazoa izaki ustelgarrien ikuspegitik aztertzen du. Gauza ustelkorrak onak dira, Jainkoak sortu baitzituen. Ustelkorrak dira, eta aldi berean onak; izan ere, ustelkorrak izango ez balira, Jainkoa izango lirateke. Horregatik, existitzen diren gauza guztiak onak dira, baina ez guztiz onak, Jainkoa baita guztiz ona den Izaki absolutu bakarra eta aldaezina.
Sorkariak neurri batean dira onak, eta izatearen proportzioan doa ongia. Beraz, ezin dugu ongiaren kontrakoa izakitzat hartu, gaitza ongiaren gabeziari deitzen diogun izena besterik ez baita.
Askatasuna eta Jainkoaren Grazia
Askatasunari buruz, San Agustinek pentsaera teologikoa du. Askatasunik gabe ezinezkoa da gizakia izatea, erabaki dezakeelako baita gizaki. Jainkoak gizakia sortzean, bera maitatzeko beharra eman zion. Hortaz, Jainkoa lortzeko askatasuna du, eta ez badu lortzen, zorigaitzekoa izango da.
Gizakiak ongiaren eta gaizkiaren artean aukera egiteko gaitasuna du: liberum arbitrium (aukera askea). Jatorrizko bekatutik ateratzeko, Jainkoaren grazia behar du. Horri esker, liberum arbitrium-ak askatasuna lortzen du eta ongia egin dezake. Aukeramenarekin eta graziarekin lortzen du askatasuna, ongirako bidea, hain zuzen ere. Gizakia bekatuak ahultzen du; beraz, barneko graziarekin dagokion ezagutza ekoiztu behar du.
Bi Hiriak: Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria
Gizadiaren Historiaren Borroka
Gizadiaren historia bi hirien arteko borroka da. Gizakiak bi taldetan banatuta daude:
- Lurreko Hiria: Jainkoa mespretxatuz, norbera Jainkoa baino maiteago dutenak. Mundu hiritarrak dira.
- Jainkoaren Hiria: Jainkoa gauza guztien gainetik, nor bere buruaren mespretxuraino maite dutenak. Zerukoak, justuak eta predestinatuak dira.
Jainkoak bakarrik daki zein izango den azken aroaren iraupena. Kristo bigarren aldiz etortzean gertatuko da Azken Epaiketa, eta orduan banatuko dira bi hiriak.
Nahasketa Historian eta Erromaren Gainbehera
Bi hiriak nahasturik bizi dira historian zehar. Nahasketa hori dela eta, Santuak lurrean bizi dira. Lurreko hiria maite dutenek munduan bertan bilatzen dute saria. Borroka horrek denboraren amaiera arte iraungo du, non Jainkoaren Hiriaren behin-behineko garaipena etorriko den. Azken Epaiketa arte hiri hauek bereizi ezinak dira.
Jainkoaren semeak ez diren zenbait gizaki Elizaren etsaiak bezala agertzen dira, eta egunen batean Jainkoaren seme bezala onartuak izango dira. Ordea, onak bezala agertzen diren asko ez dira salbatuko.
Historia honetan, Erromatar Inperioaren gainbehera borroka horren isla bat izan zen. Hondamendiaren kausa ez da Erroma paganoaren luxu eta plazer grina, Inperioa ahuldu egin baitu. Itxaropen bakarra kristautasuna da.
Platonen Eragina San Agustinen Pentsamenduan
Hiru Maila Nagusiak
Platonen eragina San Agustinen pentsamenduan hiru maila nagusitan aztertzen da:
Metafisika: Dualismo Errealista
Bi mundu daudela esaten dute biek. Platonek ideien mundua perfektuak diren izakiez osatutakoa dela dio, eta mundu sentigarria ideien kopia dena, etengabe aldatzen ari diren izakiez osatua dago. Agustinek ere errealitatea bikoitza dela dio: alde batetik, Jainkoaren erreinua, benetakoa dena, eta, bestetik, etengabe aldatzen ari den mundu fisikoa.
Ezagutzaren Arazoa: Argiztapenaren Teoria
Bi pentsalariek dualismo epistemologikoa baieztatzen dute, dualismo metafisikoarekin lotuta dagoena. Bi mundu dauden moduan, bi ezagutza mota daude:
- Ezagutza sentikorra: Faltsua edo iritzi mailakoa, errealitate aldakorrari buruzkoa eta ezagutza lortzeko balio ez duena.
- Arrazoizko ezagutza: Benetako errealitatearena, ezagutza unibertsala eta benetakoa, ideiei buruzkoa.
Platonengan, Ongia da arima argitzen duena benetako ideiak ezagutzeko, eta Ongiak ematen die argia ideiei. Agustinen arabera, Jainkoak betiereko ideia eredugarriak giza ariman jartzen ditu, eta giza arima argitzen dio ideiak ezagutzeko (Jainkoaren Argiztapena). Platonentzat dialektika da bidea egiara iristeko; San Agustinentzat, berriz, barnerapena.
Gizakiari Buruzko Ikuspegi Dualista
Arima da gizakiaren ezaugarri bereizgarria. Arima eta gorputzaren arteko lotura istripuzkoa da. Gorputza arimaren kartzela dela dio Platonek. Ariman aurkitzen da arrazoia, adimena, gizakiak egia ezagutzeko ahalmena.
Desberdintasun nagusia:
- Platon: Arimak aurrexistentzia du, eta ezagutza ahaztuta dituen ideiak gogoratzean datza.
- San Agustin: Arima ez da aurrexistitzen, eta ezagutza bere barnean Jainkoak jarritako betiereko ideia eredugarriak ezagutzean datza.