Nietzsche: Mendebaldeko Zibilizazioaren Kritika
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,56 KB
Nietzscheren susmoa honako hau da: bi mila urteotan gizadiak egin duen bidea galbidea eta okerbidea izan da, eta kristautasunari leporatzen dio bereziki horren errua. Gizakiok erratu garen susmoa zabaltzen duenetik, susmoaren filosofia deritzon filosofo taldean koka dezakegu Nietzsche, Marxekin eta Freudekin batera.
Susmoaren Filosofia
Marx gizartearen ideia politikoak eta juridikoak gizarte-klase nagusiaren zerbitzuan dauden susmoaz mintzo da; Freudek, bigarrenik, gure jokabidearen gidari arrazionalak benetako eragileak ez direla adierazten du. Nietzschek, azkenik, zientzian, erlijioan eta filosofian erabili diren ereduak gizakiaren okerreko jarraibideak diren susmoa edo ustea argudiatzen du.
Susmoaren filosofiak mendeetan zehar hedatu den mendebaldeko kulturgintza osoa kritikatzen du. Nietzscheren arabera, mendebaldean eta bereziki Europan, onginahia, etsipena, ahultasuna eta antzeko balioak goresten dira.
Prozesu honek Platonen pentsamenduan du abiapuntua, eta kristau-moralarekin indartzen ditu bere printzipioak.
Nietzscheren ustez filosofoak, mundu fisikoarekin gustura ez dagoenez, haraindiko munduaren irudia asmatzen du bere nahiak eta desirak mamitzeko.
Nietzschek mendebaldearen historia osoaren aurkako erasoan, gorrotoa, ironia eta adimen zorrotza erabiltzen ditu. Iraganari astindu gogorra emanez, etorkizuneko gizarte-egoera aurreikusten ahalegintzen da, eta hurrengo bi gizaldietan nihilismoa nagusituko dela aldarrikatzen du.
Nietzscheren ekarpena benetan kontuan hartzekoa da, Europako kulturaren egoera ustela salatzen duelako, ikuspegi psikologikoa azkeneraino nola eraman daitekeen erakusten duelako, eta bizitzaren aldeko filosofia bat sorrarazten duelako.
Metafisikaren Kritika
Nietzscheren arabera, filosofiaren aro tragikoaren amaiera Sokratesekin hasten da. Filosofo greziarrak hasiera ematen dio arrazoiaren nagusigoari, eta horrenbestez, arrazoiak adierazitakoa egiteko agintzen du moralak. Greziarren ilustrazio-aroan sortzen den pentsaeraren arabera, bizitzaren alderdi irrazionala eta ludikoa anker gutxiesgarritzat hartzen da. Nietzscheren iritziz, Platonekin bitan banatzen da filosofiaren historia: alde batean tragedia-artea dago, bestean, zientzia-filosofia arrazionala.
Joera eredugarri horrek okerrera egiten du Sokratesen ondorengo filosofoekin. Heraklitok izatearen finkotasuna ukatu, eta errealitatearen benetako izana mugikortasuna dela dio. Jatorrizko sutearen ondorengo munduan sortutako gauza guztiak bilakatu egiten dira, eta askotarikoa sortzen da banakotik. Prozesuaren barnean ez dago jomuga etikorik, errepikapenaren jokoa baizik. Bizitzaren gorabehera guztiak ulertzeko, artea ezinbestekoa da. Kontzeptuak bakarrean hartuta, oskol hutsalak dira, abstrakzio hutsak, eta ez dute ezer finkorik adierazten.
Bizitzaren mamia ezin daiteke kontzeptuen bidez adierazi, ezin hartuzkoa eta guztiz iheskorra baita, aldakorra delako guztiz. Metafisikak uko egin nahi dio errealitatean egon badagoen aldakortasunari, eta uko egiten zaio horrenbestez izanari.
Nietzscheren esanetan, metafisikak uko egin dio mundu fisikoari, espazioan eta denboran gauzatzen den munduari. Beste era batean esanda, metafisika ez da zentzumenekin fio, errealitatearen aldakortasuna erakusten dutelako eta era horretan pentsamenduaren aurkako bihurtzen direlako. Nietzscheren ustez, mundu mugikorra eta zentzumenezkoa jarri behar da abiapuntuan, eta ez kontzeptuak eta pentsamenduak sortutako ideiak.
Transzendentziaren Ukapena
Erlijioak sortutako transzendentziak gizakia makurrarazi du, eta Nietzscheren aburuz, horrek egundoko zama jarri du gizakiaren bizkar gainean. Hau da, gizakiak berak asmatutako haraindikoaren ispilutzeak eraginda, ahuspezturik dago itxurakeriaren aurrean.
Nietzschek aldarrikatzen duen bitalismoaren arabera, gizakiak bere barnean aurkitu behar du bizitzarako helmuga, inondik ere kanpora jo gabe. Ez du bere burua kanpoko indarren esanetara jarri behar, kikilduta balego bezala. Azken batean, Jainkoaren eta munduaren artean ez dago alderik.
Nietzschek gizakia uztarpetik atera nahi du, haraindiko mundu jainkotiarretik askatzeko, gizakiak ametsetan sortu duen irudipena delako. Nolanahi ere, ez du haraindikoaren joera gutxiesten, nork bere burua hobetu nahiak aipaturiko irudipena ekar dezakeela uste duelako, izaera edo biziera hobea lortzeko kanpora ateratzeko joera. Beraz, izatearen barnean ez dago hierarkiarik, ez dago besterik, honako mundu hau baizik, lurrean, espazioan eta denboran ezagutzen dena. Mundu finkoa, espazioez eta denboraz kanpokoa, aldiz, pentsamenduaren izate modua baino ez da.