Protistoak: Algak eta Protozooen Ezaugarriak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,65 KB

Zelula eukariotoz osatutako antolamendu bakuneko organismoa, zelulabakarra nahiz zelulanitza izan daiteke. Bi talde nagusi daude: protofitoak eta protozooak.

Protofitoak (edo Algak)

Nutrizioari dagokionez, autotrofoak dira: kloroplastoak dituzte fotosintesia egiteko (landareen antzera) eta zelulosazko pareta dute (landareen antzera).

Pigmentu fotosintetiko motaren, zelula-paretaren konposizioaren, flagelo kopuruaren eta haien antolamenduaren arabera, hainbat taldetan sailkatzen dira: zelulabakar mikroskopikoak eta hari-formako makroskopikoak.

Alga Zelulabakar Mikroskopikoak

Flagelo bat baino gehiago izan ditzakete, fotosintesia egiteko argiaren bila joateko. Landareen antzekoak dira kanpoko itxurari dagokionez, baina, landareek ez bezala, ez dute benetako ehunik osatzen duten zelula espezializaturik.

Hainbat talde bereizten dira:

  • Diatomeak: pareta zelularra zelulosaz gain silizez ere osatua dute.
  • Dinoflagelatuak: bi flagelo desberdin eta kolore berezia dute (hainbat pigmentu fotosintetiko dituztelako).
  • Euglenoideak.

Alga Makroskopikoak (edo Zelulaniztunak)

Ez dira higikorrak, baina ugaltze-zelula flagelatuak eta higikorrak dituzte.

Hiru talde handitan banatzen dira kolorearen arabera (pigmentu nagusiaren eta klorofila motaren araberakoa):

  • Chlorophyta edo Alga Berdeak (ustez, landareak hauetatik eboluzionatu zuten).
  • Phaeophyta edo Alga Nabarrak.
  • Rhodophyta edo Alga Gorriak.

Algen Metabolismoaren Malgutasuna

Zenbait alga, adibidez, Euglena motakoak, argirik ez dagoenean, metabolismoa aldatzeko gai dira konposatu organikoak lortzeko:

  • Pareta zelularra dutenek ingurunean disolbatutako mantenugai organikoak xurgatzen dituzte.
  • Pareta zelularrik ez dutenek, berriz, bakterioak edo organismo txikiagoak fagozitatzen dituzte.

Algen Bizi-zikloak

Algen bizi-zikloak sexu bidezkoak (gametoen fusioaren bidez) edo asexualak (esporen bidez) izan daitezke. Itsas urazaren (Ulva lactuca) kasuan, belaunaldi-txandaketa du; hau da, belaunaldi batek esporak sortzen ditu eta hurrengoak gametoak.

Belaunaldi-txandaketaren Prozesua (Itsas Uraza):
  • Gametofito haploideak (n) gameto haploideak (n) sortzen ditu. Bi gameto elkartzean, zigoto diploidea (2n) sortzen da.
  • Zigototik esporofito diploidea (2n) sortzen da.
  • Esporofitoak, meiosiz, espora haploideak (n) sortzen ditu, eta hauetatik gametofito haploideak (n) garatzen dira.

Protozooak

Protozooen ezaugarri nagusiak:

  • Organismo eukarioto eta zelulabakarrak dira.
  • Ez dute fotosintesia egiten (heterotrofoak dira).
  • Gehienak mugikorrak dira.

Protozoo Motak

Higidura motaren eta lokomozio-egituren arabera sailkatzen dira:

  • Mastigoforoak (Flagelatuak): Flagelo bat edo gehiago dituzte. (Adibidez, loaren gaitza sortzen duen Trypanosoma).
  • Sarkodinoak (Errhizopodoak): Ameben antzeko higidura dute, pseudopodoen bidez mugitzen dira. (Adibidez, uretan bizi diren amebak).
  • Ziliatuak (Zilioforoak): Zilio ugariz estalita daude eta horien bidez mugitzen dira. (Adibidez, Paramecium).
  • Esporozooak (Apicomplexa): Ez dute higidurarako egitura berezirik helduaroan (irristatuz higitzen dira). Guztiak parasitoak dira. (Adibidez, malaria eragiten duen Plasmodium).

Protozooen Aniztasuna eta Elikadura

Milaka protozoo espezie daude. Gehienak ur-gezetan bizi dira, baina itsasoan eta lurreko ingurune hezeetan ere aurki daitezke. Heterotrofoak dira: batzuk partikula organikoak edo beste organismo txikiagoak irensten dituzte (adibidez, ziliatuek zilioak mugitzen dituzte elikagai-partikulak ahorantz bultzatzeko), eta beste batzuk mantenugai organiko disolbatuak xurgatzen dituzte.

Protozooak eta Gaixotasunak

Gizakiei gaixotasunak eragiten dizkieten protozoo-espezieak 20 inguru dira. Nahiz eta kopuruz gutxi izan, eragin handia izan dezakete osasun publikoan; malariaren kasuan ikus daitekeen bezala, gizaki asko hil ditzakete. Gehienetan, intsektu bektoreen bidez kutsatzen dira.

Protozooen Ugalketa

Orokorrean, protozooen ugalketa asexuala da (erdibitze edo gemazio bidez). Hala ere, gehienek ziklo sexualak ere badituzte, eta meiosi bidez gametoak sortzen dituzte, aldakortasun genetikoa handituz.