Gernu-aparatua: Funtzioa, Atalak eta Fisiologia

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 9,52 KB

Gernu-aparatua

Giltzurrunek, ureterrekin, maskuriarekin eta uretrarekin batera, gernu-aparatua osatzen dute. Funtzio hauek dituzte:

  • Barne-ingurunearen erregulazioa: Zelulen kanpoko likidoko ioien kontrolaren arduradun nagusiak dira.
  • Metabolismoko hondakin-produktuen kanporaketa.
  • Funtzio endokrinoa: Zenbait gai jariatzen dituzte, hala nola, eritropoietina (globulu gorriak eratzeko ezinbestekoa), renina (presio arterialaren erregulazioan parte hartzen duena) eta D bitamina (kaltzioaren metabolismoan funtzio garrantzitsua betetzen duena).

Atal nagusiak

  • Giltzurrun-parenkima: Azalaz eta muinaz osatua.
  • Gernu-bideak: Kalizak, pelbisa, ureterrak, maskuria eta uretra.

Marrazkia:

  1. Giltzurruna
  2. Giltzurrun gaineko guruina
  3. Ureterra
  4. Maskuria
  5. Beheko kaba-bena
  6. Aorta
  7. Giltzurrun-arteria eta -bena
  8. Psoas muskulua

Giltzurrun-egitura

Kolore nabar-gorria, azal leuna eta indaba-forma duten organo-bikotea dira. Giltzurrun batek 10-12 cm-ko luzera, 6 cm-ko zabalera eta 3 cm-ko lodiera du. Bizkarrezurraren ondoan eta alde banatan kokatzen dira, lunbar ornoen altueran. Eskuineko giltzurruna beherago kokatzen da. Giltzurrunak gantz perirrenalez inguratuta daude, eta honen inguruan eta guruin suprarenala ere inguratuz, zuntzezko kapsula ageri da.

Giltzurrun-parenkiman (ehun konektiboa, odol-hodiak eta estalkia ez direnean) gernua iragazi eta aldatu egiten da; gernu-bideek, ostera, gernua garraiatzen dute kanporatzeko. Giltzurrun-parenkimaren kanpoko aldeari azala deritzo, eta muina inguratzen du. Muinak ildoen itxura dauka, eta Malpighiren piramidez osatuta dago. Piramide hauen oinaldea kanpoaldean kokatzen da, eta erpinak, papilak osatzen dituztenak, giltzurrun-hiliorantz. Giltzurrun-hilioa barrunbe-ertzean kokatzen den pitzadura da, eta bertatik sartu eta irteten dira odol-hodiak, nerbioak eta ureterrak giltzurrunera. Piramide artean ageri den azala, Bertinen zutabeek osatzen dute. Malpighiren piramideak ertzetan kaliza txikietan batzen dira, eta hauetariko 2 edo 3 batzen dira kaliza handiak sortzeko. Kaliza nagusiak batu egiten dira pelbisa lortzeko, eta bertan ureterrak sortuko dira.

Marrazkia:

  1. Ezkerreko giltzurruna
  2. Peritoneoa (abdomenaren barruko aldea estaltzen duen mintza da, tolesdura asko ditu bertan dauden organoak biltzeko)
  3. Zuntzezko kapsula
  4. Gantz perirrenala

Nefrona: Giltzurrunaren unitate funtzionala

Nefronak dira giltzurrunaren unitate funtzionalak. Odola iragazten dute, gero substantzia ezberdinak birxurgatuz eta jariatuz; modu honetan, gernua aldatzen da.

Egiturak

  1. Giltzurrun- edo Malpighiren korpuskulua
  2. Aparatu juxtaglomerularra
  3. Gertuko hodixka bihurgunetsua
  4. Henleren lakioa
  5. Urruneko hodixka bihurgunetsua
  6. Hodixka biltzailea

Nefronen zati batzuk azalean kokatzen dira. Muinaren barnean kokatzen dira Henleren lakioak eta hodixka biltzaileak. Giltzurrun-korpuskulua glomeruluaz eta Bowmanen kapsulaz osatuta dago. Glomerulua, arteriola aferentetik datozen kapilar-multzoaz osatua dago, eta Bowmanen kapsulak inguratzen du. Kapilarrak arteriola eferentea osatuz batu egiten dira.

Atal tubularra

Mintz basalaren gainean kokatzen da, zelulaz osatutako geruza bakar batez eratuta dago, eta Bowmanen kapsularen jarraipena da.

  1. Gertuko hodixka bihurgunetsua
  2. Henleren lakioa: Hodiaren luzera nahiko aldakorra da.
  3. Urruneko hodixka bihurgunetsua: Honen epitelioa antzekoa da, tolestura gutxiagorekin.
  4. Hodixka biltzailea: Hodi hau osatzen duten zelulek mitokondria gutxi izaten dituzte. Hodi biltzaileak muinean batu egiten dira, papila osatuz.

Marrazkia:

  1. Arteriola eferentea
  2. Gertuko hodixka bihurgunetsua
  3. Urruneko hodixka bihurgunetsua
  4. Hodixka biltzailea
  5. Aparatu juxtaglomerularra
  6. Henleren lakioa
  7. Malpighiren muskulua
  8. Arteriola aferentea

Giltzurrunen baskularizazioa

Odola aortatik irteten diren giltzurrun-arterien bidez heltzen da giltzurrunetara. Arteria hauek zatituz doaz, arteriolak eta kapilar arterialak sortuz. Sistema benosoa (giltzurrun-benak, benulak eta kapilar benosoak) arteriarekiko paraleloa da, eta beheko kaba-benan bukatzen da.

Gernu-bidea

Funtzioa: Gernua giltzurrunetik kanporaino eramatea da.

Ureterra

Psoas muskuluarekin erlazionatuta dauden hodi muskularrak dira, maskurian isurtzen direnak.

Maskuria

Muskuluz osatutako zaku-itxurako egitura da, eta bertan metatzen da gernua.

Uretra

Gernu-bideen azkeneko atala osatzen du. Ezberdintasun nabarmenak daude emakumeen eta gizonen uretren artean. Bertan bi esfinter daude.

Gorputzaren likidoak

Ura gorputzaren likido garrantzitsuena da. Gizonengan, gorputzaren pisuaren bi heren suposatzen ditu, eta emakumeengan, berriz, erdia. Bularreko haurrengan % 75era irits daiteke, baina ehuneko hori gutxitzen doa zahartzarora heldu arte; murrizketa lehenengo 10 urteetan nabariagoa da. Bi konpartimentu likido ageri dira gorputzean:

  1. Zelularen barnekoa: Konpartimentu nagusia da, eta gorputzaren pisuaren % 30-40 edo gorputzaren uraren % 50-70 osatzen du.
  2. Zelularen kanpokoa: Zelulen inguruan egoten da. Gorputzaren pisuaren % 20a osatzen du. Hiru ataletan banatzen da:
    1. Plasma: Odolari zelulak kentzerakoan geratzen dena da.
    2. Likido interstiziala: Plasmatik zelula barneko likidora substantziak garraiatzen ditu.
    3. Likido transzelularra: Digestio-jariaketak, begi barneko likidoa, e.a.

Gernuaren osaera

Iragazketa glomerularra

Gernuaren osaeran, lehenengo pausoa iragazketa glomerularra dugu. Ura eta solutuak plasmatik Bowmanen kapsularen gernu-espaziora igarotzen dira. Iragazketa glomerularrak plasmaren antzeko solutuen kontzentrazioak ditu, proteinen osaeran izan ezik, iragazketa-mintza proteina gehienentzat iragazgaitza baita.

Giltzurrunetako odol-fluxua

Denbora-unitatean giltzurrun-arteriatik igarotzen den odol-kantitatea da. Normalean, 1200 ml/min-koa izaten da; horrek bihotz-gastuaren % 25a suposatzen du. Odol-fluxuaren mantentze zehatza ezinbestekoa da gorputzaren homeostasia erregulatzeko.

Hodixken garraioa

Gernu-aparatuaren unitate funtzionalean, hau da, nefronan, gernuaren osaerako funtzio hauek betetzen dira: iragazketa, birxurgapena eta jariaketa.

  • Glomerulua: Kapilar glomerularretik igarotzen diren odolaren substantzia gehienak, pisu molekular handiko proteinak eta odol-zelulak izan ezik, iragazkorrak dira, eta, horregatik, Bowmanen kapsularen gernu-estaziora igarotzen dira.
  • Gertuko hodixka bihurgunetsua: Iragazketa glomerularraren bi herenak birxurgatuak izaten dira: Na+, Cl-, K+ eta uraren % 65a, bikarbonatoaren % 80a eta ia glukosa, aminoazido, proteina eta fosfato guztia.
  • Henleren lakioa: Bitan bana genezake:
    • Beheranzko aldea: Urarekiko iragankorra da.
    • Goranzko aldea: Urarekiko iragazgaitza da.
    Henleren lakioan, Cl- eta Na+-ren % 25a, uraren % 15a eta Mg2+-ren gehiengoa birxurgatzen dira.
  • Urruneko hodixka bihurgunetsua eta hodixka biltzaileak: Gernuaren azkeneko aldaketaz arduratzen dira. Urarekiko iragazkorrak dira. H+ eta K+-ren jariaketa burutzen da. Azkenik, Ca2+-ren birxurgapen nagusia burutzen da.

Giltzurrunaren funtzio nagusiak

Hondakin-produktuen iraizketa

Iraizketa glomerularraren ondorioz, katabolismo proteikoaren hondakinak gernura garraiatzen dira, kanporatuak izateko.

Gorputzaren homeostasiaren eta azido-base orekaren mantentzea

Giltzurrunak ura eta elektrolitoak konstante mantentzen ditu. Birikekin batera, ezinbestekoa da azido-base orekaren erregulaziorako.

Giltzurrunaren funtzio endokrinoa

Giltzurrunek zenbait substantzia jariatzeko gaitasuna dute. Funtzio endokrino bereziak burutuko dituzte.

Mikzioaren fisiologia

Behin giltzurrunetan gernua eratutakoan, ureterretara igarotzen da. Gernua ureterretan zehar higidura peristaltikoen bidez garraiatzen da.

Maskuriaren betetzea

Distentsio-gaitasun handia dauka. Bolumena 400 ml baino handiagoa denean, mikzio-gura larria izaten da.

Maskuriaren hustuketa

Prozesu hau muskulu baten uzkurduraren eta barneko esfinterraren lasaiketaz burutzen da. Bi ekintza hauek nerbio-sistemaren bidez koordinatzen dira.

Txosten-marrazkiak

1. Giltzurruna

  1. Azala
  2. Kaliza
  3. Giltzurrun-arteria
  4. Giltzurrun-bena
  5. Giltzurrun-pelbisa
  6. Ureterra
  7. Malpighiren piramidea
  8. Giltzurrun-kapsula

2. Giltzurrunaren atalak

  1. Giltzurrun-kapsula
  2. Muina (piramidea)
  3. Odol-kapilarrak
  4. Bertinen kapsula
  5. Giltzurrun-kapsula
  6. Kaliza txikia
  7. Kaliza handia
  8. Hilioa
  9. Giltzurrun-arteria
  10. Giltzurrun-bena
  11. Giltzurrun-pelbisa
  12. Ureterra

3. Nefronaren atalak

  1. Atal tubularra
  2. Henleren lakioa
  3. Tubulu distala
  4. Hodixka biltzailea
  5. Bena renalaren adarra
  6. Glomeruluaren arteriola
  7. Bena renalaren arteriola
  8. Bowmanen kapsula
  9. Glomerulua

4. Glomeruluaren egitura

  1. Glomerulua
  2. Aparatu juxtaglomerularra
  3. Arteriola eferentea
  4. Arteriola aferentea