Municheko Batzarra (1962): Frankismoaren Aurkako Aldarrikapen Demokratikoa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,17 KB

Municheko Europako Mugimenduaren Batzarra (1962ko ekainak 7-8)

Identifikazioa

Testu hau Erregimen frankistaren aurka dauden 118 ordezkari espainiarrek idatzitako dokumentua dugu. Munichen idatzi zen, garaiko Alemaniako Errepublika Federalaren parte zena, 1962ko ekainaren 8an, bertan ospatutako Europako Mugimenduaren aldeko batzar batean, hain zuzen. Lehen mailako testua dugu hau eta helburu politikoa du. Testu honen hartzaile nagusia garaiko Espainiako gobernua da, hau da, Erregimen frankistako kideak, bere osotasunean; izan ere, bertan proposatzen diren aldaketak jorratu beharko ditu Europan sartu ahal izateko.

Ideia Nagusiak

Testu honen ideia nagusia, Espainiak Europako kide izan nahi badu, estatu demokratiko bat izan behar duela da. Ideia nagusi hau sarreran azaltzen da, eta hau azaldu ondoren, Municheko Konferentzian proposatutako ideia garrantzitsuenak biltzen ditu artikuluetan:

  • Espainiak benetako erakunde demokratikoak eratzea.
  • Pertsonen eskubideak benetan betetzea, hala nola norberaren askatasuna eta adierazpen askatasuna.
  • Erkidego naturalen izaera aitortzea.
  • Askatasun sindikalak baieztatzea eta langileen eskubideak bermatzea.
  • Alderdi politikoak antolatzeko askatasuna.

Kongresuko kideek ziurtatzen dute oinarrizko arau hauek bete ondoren, eta Espainian demokraziarako eboluzio prozesu bat dagoela ikusita, Europan sartu ahal izango dela.

Inguruabar Historikoa

Testu hau Espainian Francoren diktadura jasaten ari zen urteetan kokatzen dugu. Francoren diktadura, Bando Nazionalak 1939an Gerra Zibila irabazi zuenetik Franco bera hil arte egon zen Espainian, 1975 arte, hain zuzen. Garai hauetan, Espainiak hainbat etapa eta miseria jasan zituen, hala nola gerraosteko goseteak, Francok bere etsaiekiko ezarri zuen errepresioa, komunikabide guztietako zentsura... Francok estatu totalitario bihurtu zuen Espainia. Denbora igaro ahala, Espainiak kanpo potentziei ateak ireki behar zizkiela konturatzen hasi ziren, eta Francoren gobernua ahaleginetan hasi zen kanpo harremanak hobetuz. Honen adibide garbia dugu Gerra Hotzean parte hartu izanak. Ondorioz, potentziek bakartzea amaitutzat eman zuten eta mugak ireki zizkioten Espainiari. Horrelako ekintzekin eta beste hainbatekin, kanpo potentziekin harremanak handitu zituzten, eta horrela 1962ko ekainera iristen gara, Municheko Konferentzian egindako proposamenera arte. Bertan, Frankismoaren aurka zeuden 118 kideek aldarrikapen bat egin zuten, beren desberdintasun politikoak alde batera utziz, testuan azaltzen zaizkigun ideia hauek proposatuz. Francoren diktaduraren jarraipenerako ezinezkoak ziren bertan esandako ideiak, eta ondorioz, Francok ez zituen ideia hauek onartu.

Iruzkina

Testu hau garrantzi handikoa izan da Espainiaren historian zehar. Testu honek erakusten diguna da Francok oposizio handi bat zuela, izan monarkikoak, kristau-demokratak edota komunistak. Honek erakusten digu Espainiako biztanleriaren zati bat Francoren diktaduraren aurka zegoela eta aldaketa prozesu bat nahi zuela, demokraziarako aldaketa bat, alegia. Testu honen azterketan konturatu gaiteke Frankismoarentzat kolpe latza dela hau argitaratzea. Izan ere, diktadura batek Europan ez duela lekurik adierazten die hartzaileei, eta demokrazia batean bizitzea ezinbestekoa dela Europan sartu ahal izateko. Frankismoaren printzipio guztien aurka doa artikulua, eta Europarekiko mespretxua eta abertzaletasun handiago bat ezartzea eragingo du garaiko Espainian. Garai hauetan istilu handiak sortuko dira Espainian. Errepresioa jasango dute Frankismoaren aurka daudenek. ETA talde armatuak nazioartean izena hartuko du Burgosko Prozesuaren bidez, eta ondorioz, pixkanaka Francoren diktaduraren aurkako pentsamendu eta mugimenduak sortuko dira, estatu demokratiko bat aldarrikatuz. Testu honek gaur egun ere garrantzi handia du. Europan estatu totalitario bat ezinezkoa dela adierazten du, eta bakarrik demokrazia erabili daitekeela gobernatu ahal izateko. Gaur egun hala da: Europa osatzen duten kide guztiek demokrazia batean oinarritzen dute beren estatua, eta bertan finkatzen diren lege demokratikoak betetzera behartuta daude Europar Batasuneko parte izateko eta bertan jarraitu ahal izateko.