Merkatu motak: Lehia Monopolista, Oligopolioa eta Monopolioa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Economía

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,17 KB

1. Lehia Monopolista

  • Enpresa asko: Enpresa batek badu nolabaiteko tartea prezioa igotzeko.
  • Produktu-desberdintzea: Produktuek behar berberak asetzen dituzte, baina ez dute elkar guztiz ordezten; zenbait kalitate-maila, diseinu, marka eta abar daudelako.
  • Lehia monopolistako merkatuen funtzionamendua: Publizitatearen bitartez, enpresak beren produktuak desberdintzen saiatzen dira, erosleak gehiago ordaintzeko prest egon daitezen. Sormen handiko publizitatea da, erakargarria, enpresa iragartzaileak erabiltzaileen leialtasuna lortu behar duelako. Badira publizitaterik egin beharrik ez dutenak ere: tokiko eremuan jarduten duten enpresak. Esate baterako, dentistek eta gasolina-zerbitzuguneek sektorean desberdintzea lortzen dute, trebetasunari esker lehenengoek, eta kokapenari esker bigarrenek.
  • Monopolista txikiak: Kontsumitzaileak produktuak bereiztea lortzen denean, publizitate-ahaleginek kontsumitzailearen leialtasunari eustea eta bezero berriak lortzea izan ohi dute helburu. Kontsumitzailearen leialtasuna dutenez, enpresa horiek nolabaiteko aukera dute produktuaren ezaugarriak edo prezioa aldatzeko. Zenbait elementu monopolista egoteak aukera ematen die saltzaileei produktuen prezioak aldatzeko, bezeroen leialtasunari esker.

2. Oligopolioa

  • Enpresa gutxi: Merkatu-kuota osoa enpresa gutxi batzuen artean banatzen da.
  • Merkatu homogeneoa: Ordezko produktu perfektuak dira.
  • Kapital-inbertsio handiak: Ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko behar diren inbertsioak eta teknologiak enpresa handien esku daude soilik.
  • Oligopolioaren funtzionamendua: Baliteke enpresa oligopolistek elkarren artean lehiatzea merkatua bereganatzeko, edo ez lehiatzea. Lehendabiziko kasuan, kolusioarik gabe jarduten dute, eta bigarrenean, berriz, kolusioaz.
  • Kolusioa: Merkatu oligopolisten arloan, enpresen arteko lehia askearen kalterako hitzarmena da.
  • Kolusiorik gabe: Enpresak prezioak finkatzen saiatzen dira, kontuan hartuta zenbat sal dezaketen eta lehiakideek zer-nolako erreakzioak izan ditzaketen. Hiru estrategia daude:
    • Aurrea hartzeko merkataritza-politikak: Enpresa bakoitza lehiakideek zer egingo duten igartzen saiatzen da, horren arabera jarduteko.
    • Prezio-gerrak: Enpresak salmenta-prezioa jaisten badu, eta besteek jaitsi gabe, haren merkatu-kuota eta diru-sarrerek gora egingo dute, gainerako enpresen kontura. Enpresa guztiek proportzio berean jaisten badute prezioa, kontsumitzaileak izango dira egoera horren onuradun bakarrak.
    • Prezioen lidergoa: Merkatuan lider den enpresak prezioa eta eskaintzaren gainerako baldintzak finkatzen ditu, eta merkatu oligopolistako beste enpresek onartu egiten dituzte, negoziaziorik gabe. Espainian, gasolinaren merkatua merkatu oligopolista da: enpresak 30 inguru diren arren, REPSOL enpresak nagusitasunezko posizioa du, berak duelako gasolina-zerbitzugune gehien, eta gainerako enpresentzako jarraibideak ezartzen ditu.
  • Kolusiozkoa: Elkarrekin lehiatu beharrean, kartela osatzen dutela esaten da. Enpresek zenbait buruko monopolio moduan jarduten dute, eta hori kontsumitzailearen kalterako da.
  • Kartelak enpresen elkarketa informalak dira: Bi modutan gauzatzen dira:
    • Prezioa alde batera utzita lehiatuz: Enpresen lehia diseinuan, kalitatean edo beste edozein faktoreren inguruan izaten da, baina aldez aurretik elkarrekin adostutako prezioa errespetatzen dute.
    • Merkatu-banaketa eginez: Merkatua zati berdinetan bana daiteke.

3. Monopolioa

  • Enpresa bakar batek asetzen du eskari osoa, eta erabateko ahalmena du erabakitzeko zenbat ekoitziko duen, eta zer preziotan. Merkatuan sartzeko hesi bereziak daude merkatu mota honen jatorriaren atzean:
  • Baliabide bat eskuratzeko esklusiba izatea: Enpresa batek ondasun edo zerbitzu jakin bat lortzeko ezinbesteko ekoizpen-faktoreren bat kontrolatzen badu, berak bakarrik eskaini ahal izango du produktu edo zerbitzu hori.
  • Lege-eskubideak izatea:
    • Patenteak: Lege-babesa lortzeko formula bat da. Industrian aplika daitekeen asmakizuna egin duenari aitortzen zaio hura esklusiban ustiatzeko eskubidea, denbora jakin baterako.
    • Administrazio-emakidak: Sektore publikoak enpresa bati ondasun jakin bat ekoizteko edo zerbitzu jakin bat emateko eskubidearen esklusiba ematen dio.
  • Emandako zerbitzuaren ezaugarriak: Zenbait zerbitzuren ezaugarriak direla eta, ez da komeni merkatu berean enpresa bat baino gehiago aritzea. Adibidez, uraren eta argiaren hornidura efizienteagoa da zerbitzua enpresa bakar batek ematen badu. Horrelako monopolioari monopolio naturala esaten zaio.
  • Kostu-abantailak: Enpresa batek lehiakideek baino kostu txikiagoan ekoizten badu, merkatuan nagusitu egingo da. Adibidez, Espainiako trenbide-sarea RENFE konpainiarena da.