Marxen Materialismo Historikoa eta Klase Borroka
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,29 KB
Sarrera
Historia klaseen arteko borroka baino ez da, non menderatzaileak eta menderatuak etengabeko gudan dauden. Guda hau bukatzeko iraultza bat beharrezkoa da, dauden gizarte klaseen desagerpena sortuz.
Marxen Pentsamendua
Marxen helburua gizartea aldatzea da. Horretarako, Marxek historiaren azterketa sakona egiten du, ekoizpenetik hasita eta materian oinarrituta. Marxen materialismoa bi ideia desberdinetan banatzen da: alde batetik, azpiegitura, eta, bestetik, gainegitura. Azpiegitura gizakiek ekoitzi eta haien artean trukatzen dituzten ondasun materialak dira, produkzio-prozesu osoa osatuz. Marxek zioen azpiegiturak gainegitura baldintzatzen duela. Gainegitura instituzio ideologikoak eta juridiko-politikoak dira. Azpiegituran, produkzio-harremanak gatazkatsuak dira. Jabetza pribatuak interes desberdinak sortzen ditu, eta kontraesan horiek klaseen arteko borroka eragiten dute. Marxek klaseen arteko borroka azpimarratu zuen, eta borroka hori iraultza baten bidez amaituko zela esan zuen. Klaseen arteko borroka hori historiaren motorra izango da. Hauek borrokaren bidez gainditu behar dira. Ondorioz, klaserik gabeko gizarte batera helduko da gizakia, hau da, gizarte komunistara.
Marx vs. Hegel: Dialektika
Alde batetik, Marxek Hegelen idealismoari kritika egin zion. Hegelen arabera, dialektikari esker arrazoimenak bere burua ezagutzen du. Metodo honen abiapuntuan edozein kontzeptu daukagu, tesia deritzoguna. Kontzeptu hori bere baitatik ateratzean eta ukatzean antitesia lortzen dugu. Ukazioak sorturiko kontraesana gainditzean, emaitza sintesia izango da. Hegelen ustez, ideia dialektikaren bidez garatu behar da, eta metodo hau erabili zuen errealitatea azaltzeko. Marxek, aldiz, materia erabiltzen du ideiaren ordez. Marxek zioen produkzio-harremanek historia baldintzatzen zutela. Marxek Hegelen dialektika erabili zuen, idealismoa kritikatu arren; izan ere, Marxentzat materia da dialektikoki aurrera egiten duena, batez ere produkzio-harremanetan dauden kontraesanen bidez, hau da, klase-borrokaren bidez.
Marx vs. Nietzsche: Erlijioa
Bestalde, Nietzschek, Marxek bezala, erlijioa kritikatu zuen. Nietzscheren arabera, erlijioak bi moral mota sortzen ditu: jaunena eta esklaboena, alegia. Moralari kritika egin zion. Hori dela eta, Jainkoaren heriotza aldarrikatzen du. Horrek bi ondorio nagusi dakarzka: alde batetik, supergizakiaren etorrera (gizakiaren eraldaketa); eta, bestetik, nihilismoa (balioen desagerpena). Marxen arabera, alienazio erlijiosoaren bidez, erlijioak gizakiari bizitza hobea eskaintzen dio hil ondorengo munduan. Baina hori lortzeko, gizakiak men egin behar du, eta horrela alienazio erlijiosoa sortzen da; izan ere, Marxentzat erlijioa herriaren opioa da.
Gaur Egungo Egoera
Nire ustez, Marxek deskribatutako egoerak eta gaur egungoak zerikusi handia dute. 2007an hasitako krisi ekonomikoaren ondorioz, gaur egun gero eta nabarmenagoak dira klaseen arteko desberdintasunak. Hala ere, askok ez dute errealitatea den bezala ikusten, komunikabideek manipulatzen uzten direlako. Marxek aipatzen duen iraultza gaur egun gertatzea oso zaila da, gure gainean daudenek, hau da, menderatzaileek, ez baitigute uzten errealitatea den bezala ikusten. Azken finean, gu zapalduak gara, eta gure gainetik daudenak eta boterea dutenak gure zapaltzaileak dira.
Gako Kontzeptuak
Klaseen arteko borroka
Materialismo historikoa historiaren interpretazio materialista da, hau da, ekonomian eta ondasun materialen produkzioan oinarritzen dena. Produkzio-sistemak giza historia osoa baldintzatzen du, eta historia klase-borrokaren bitartez etorkizuneko gizarterantz doa. Produkzio-bitartekoen jabeen eta produkzio-indarren arteko harremanetan sortzen diren kontraesanak klaseen arteko borrokan islatzen dira, eta borroka hori da historiaren motorra.
Aldaketa Iraultzailea
Produkzio-indarren eta produkzio-bitartekoen jabeen arteko kontraesanak harreman horietako protagonisten arteko kontraesanak dira. Kontraesan horiek borrokaren eta iraultzaren bidez soilik gaindi daitezke. Borrokarik gabe ez dago aurrerapenik. Iraultza gauzatzeko, klase-kontzientzia behar da, klaserik gabeko gizartea (gizarte komunista, alegia) lortzeko helburuarekin.