Lehen Mundu Gerra: Ezaugarriak eta Zergatiak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,52 KB

Lehen Mundu Gerra (1914-1918)

Gerraren Kontzeptu Berria

"Gerra Handia", hala deitu zioten Lehen Mundu Gerrari:

  • Gerra honek milioika soldadu mobilizatu zituen, eta soldadu horiek ia Europa osoan eta mundu osoan zabaldutako kolonietakoak izan ziren.
  • Biderkatu egin zuen armen bolumena eta suntsitzeko ahalmena. Inoiz erabili ez ziren armak erabiliko dira: tanke blindatuak, gasak, lanzallamas.
  • Areagotu ziren espioitza eta kontraespioitza. Mata Hari kasua nabarmendu zen.
  • Estatuek eredu ekonomikoak aldatu zituzten, gerra irabazteko egiten baitziren ahalegin guztiak. Liberalismoa alde batera utzita, gerrako ekonomiak jarri ziren martxan: Gobernuek produkzioa planifikatu zuten, enpresa pribatuak koordinatu zituzten, elikagaiak errazionatu, produkzioa eraldatu (gerrarako begira). Lantegiek beren ahalmen guztia erabili behar izan zuten armak egiteko. Gainera, gerra ordaindu egin behar zen, eta gobernuek zorpetu eta maileguak eskatu zituzten. Aliatuek Amerikako Estatu Batuei eskatu zizkieten batez ere.
  • Komunikabideak erabili zituzten, eta, hala, "paperezko gerra" bat garatu zen. Propagandak garrantzia izan zuen. Propaganda horri esker, gerran parte hartzen zuen alderdi bakoitzeko iritzi publikoa mobilizatu zen. Bestalde, zentsurak ez zuen errespetatu adierazpen askatasuna. Prentsak gerraren berri ematen zuen, abertzaletasuna sustatzen zuen eta modu interesatuan zabaltzen zuen informazioa, aldeko albisteak handituz eta porrot militarrak gutxietsiz edo isilduz.

Lehiakideak

Herrialde Aliatuak

Erresuma Batua, Frantzia eta Errusia. Hauekin elkartu ziren Belgika eta Serbia (erasotuak izan zirelako), Portugal (1914), Italia (1915), Errumania (1916) eta Grezia (1917) eta Estatu Batuak (1917).

Inperio Zentralak

Alemania, Austria-Hungaria, gero Otomandar Inperioa. Haiei Bulgariak lagundu zien.

Neutralak

Herbehereak, Suitza, Albania, Espainia, Suedia, Norvegia eta Danimarka.

Arrazoiak

Arrazoi Ekonomikoak

Bigarren Industria Iraultzatik sortutako kapitalismo berria faktore erabakigarria izan zen. Nazio askok muga zergak jarri zituzten, eta lehengaiak eta merkatuak bereganatzen lehiatu ziren, Erresuma Batuak bereziki, hura baitzen munduko lehen potentzia ekonomikoa, eta bestalde, Alemania ere, Erresuma Batuaren lehiakide nagusia.

Kolonialismoa

Hedapen kolonialak liskarrak eragin zituen potentzia kolonizatzaileen artean.

Nazionalismoa

Nazio bakoitzak bere balioak eta identitatea goresten ahalegindu zen, eta horrek mesfidantza sortu zuen herrialdeen artean. Era berean, Europako nazio batzuen independentzia nahiak ere eragin zuen nazionalismoen goraldian, inperio tradizional zaharren mendetik askatzeko gogoa baitzuten. Esate baterako, Balkanetako eskualdean, mendetan Otomandar Inperioaren menpe egon ondoren, nazioarteko tentsioak sortu ziren.

Aliantza Militarrak eta Militarismoa

Potentziek aliantza-sistema konplexu bati ekin zioten, gerta zitezkeen gatazketarako prestatzeko. Potentzia handien arteko ezinegonak, berriz, armamentu-norgehiagoka ere sortu zuen. Estatuek diru kantitate handiak gastatu zituzten armak ekoizten, gerra itsasontziak eraikitzen eta beren tropak entrenatzen. XX. mendearen hasieran denak zeuden prest gerrarako, eta edozein gorabeherak pitz zezakeen gatazka.

Txinparta

Austriako Frantzisko Fernando artxidukearen hilketa izan zen Europa sutu zuen txinparta, baina gerraren kausak hamarkadatan garatu ziren.