XIX. eta XX. mende hasierako gertaera historikoak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,74 KB
XIX. mendeko Ekialdeko Auzia
Ekialdeko Auzia deritzo Balkanetako penintsulan XIX. mendean gertatutako liskarren multzoari; liskar haien ondorioz, Europan izandako jabetzak galdu zituzten otomandarrek.
Otomandar Inperioak eta Balkanetako herriek —askotariko etnia, kultura eta erlijioak, sentimendu nazional sendokoak— parte hartu zuten liskar haietan, Balkanetan interesak zituzten hainbat nazio biltzen zituzten Europako potentzia handiez gain:
Europako potentzien interesak Balkanetan:
- Errusiak: Itsasarteak kontrolatu nahi zituen, Mediterraneora irteera izateko.
- Austriak: Eragin handiagoa izan nahi zuen.
- Erresuma Batua: Beldur zen ordura arte Mediterraneoan izandako nagusitasuna galaraziko ote zioten Errusiak eta Austriak.
Berlingo Biltzarra (1878)
Errusiak Balkanetan lortutako nagusitasunak larritu egin zuen Erresuma Batua, Mediterraneoan zuen hegemonia galtzeko beldur baitzen; orobat larritu ziren Austria-Hungaria eta Alemania, Europan ezarritako ordena aldatuko zen beldur baitziren. Hori dela-eta, Bismarckek potentzia handiak elkartu zituen Berlingo Biltzarrean (1878). Alemaniaren bitartekaritzari esker, errusiarren eta Austria-Hungariaren arteko oreka zailari eutsi ahal izan zitzaion, eta Otomandar Inperioak Balkanetan jarraitu zuen.
Sarajevoko hilketa eta Lehen Mundu Gerraren hasiera
1914ko ekainaren 28an, Austria-Hungariako erregegai Frantzisko Fernando artxidukea hil zuten Sarajevon, Bosniako hiriburuan. Esku Beltza deituriko talde terrorista eta separatista bateko kide batek hil zuen. Austria-Hungariaren barnean zegoen Bosnia-Herzegovina, baina bertako herritar askok Serbia Handiarekin batera hegoaldeko eslaviarren estatu bateratua sortzea zuten helburu.
Austria-Hungariak Serbiari leporatu zion hilketaren erantzukizuna, eta ultimatuma bidali zion; Serbiak ultimatum hari uztailaren 25eko arratsaldeko bostetarako erantzun ezean, gerra hasiko zela ohartarazi zion Austria-Hungariak. Gilen II.a kaiserrak baldintzarik gabeko babesa adierazi zion Austriako enperadore Frantzisko Josef I.ari. Serbiak ez zuen onartu Austria-Hungariak ultimatumean eskatu bezala austriar ikertzaileak bere herrian sartzea, eta, ondorioz, uztailaren 28an gerra deklaratu zion Austria-Hungariak Serbiari. Biharamunean, tsarrak bere gudarosteak mobilizatu zituen, eta, hurrengo egunean, Alemaniak Errusiari gerra hasteko mehatxua egin zion, gudarostea mobilizatzeari uzten ez bazion.
1914ko abuztuaren 1aren eta 13aren artean, hainbat gerra deklarazio gertatu ziren, aliantzek bultzatuta. Horrela hasi zen XX. mendeko lehen gatazka handia, Lehen Mundu Gerra.
Estatu Batuak: Sezesio Gerra
Abraham Lincoln presidenteak esklabotasuna abolitu zuen (1860), eta, neurri hura zela-eta, hegoaldeko estatuek sezesionismoaren aldeko apustua egin zuten, beraientzat funtsezkoa baitzen esklaboen eskulana beren lursail handiak lantzeko. Konfederatuek, hegoaldeko estatuek, Ameriketako Estatu Konfederatuak sortu eta beren independentzia aldarrikatu zuten. Erabaki hark gerra zibila eragin zuen: Sezesio Gerra (1861-1865). Batasunaren aldekoak (yankee edo federalak) nagusitu zitzaizkien konfederatuei. Esklabotasuna abolitu zen, baina ez zen eskubide zibiletan berdintasunik lortu XX. mendearen erdialdera arte.
Espainiaren aurkako gerran (1898) potentzia handi gisa agertu ziren Estatu Batuak, baina Lehen Mundu Gerra hasi arte ez zuten Europako politikan esku hartu.
Inpresionismoa eta Chicagoko Eskola
Inpresionismo mugimendu artistikoa
Frantziako Hirugarren Errepublikaren hasieran, balio tradizionalak eta, horiekin batera, arte akademikoa krisian sartu ziren. Joera berri hark ezaugarri nagusi hauek zituen: argia eta kolorea lantzeko modu berri bat, pintzelkada askea, kalean margotzeko zaletasuna eta une errepikaezinak islatzeko desira. Édouard Manet izan zen aitzindari, eta Claude Monet izan zen egile garrantzitsuenetako bat.
Chicagoko Eskola
XIX. mendearen bigarren erdian, izugarrizko bultzada izan zuen arkitekturak Estatu Batuetan. Chicagoko hiriaren berreraikuntza izan zen bultzada haren abiapuntua. 1871n sute batek suntsitu zuen Chicago, eta, hiria berreraikitzeko, material berriak —burdina eta hormigoi armatua— erabili zituzten egurraren ordez. Horrela, sutea gertatuz gero eraikinek kalterik ez izateaz gain, aukera ematen zuten eraikin altuak eraikitzeko eta orube gutxiago erabiltzeko (garai hartan oso garesti baitzegoen lurra). Horrela egin zituzten lehen etxe orratzak, Chicagon eta beste hainbat hiritan.