Antzinako Erregimenaren Krisia eta Estatu Liberalaren Ezarpena (1808-1874)

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 12,1 KB

1. ANTZINAKO ERREGIMENAREN KRISIA

Uste da Frantziako iraultza prozesua modu berean errepikatu zela inguruko herrialde guztietan, baina ez da horrela. Espainian, Italian, Alemanian edo Suedian aldaketak motelak izan ziren.

Euskal Herriari dagokionez, foru sistemak eragozpen handia ziren Espainiako lurralde guztien berdintasunerako, Estatu Liberala abian jartzeko.

Ideia ilustratuek, despotismo ilustratuko monarkiekiko eman zuten bultzadak, erreforma politikoak eta ekonomikoak eragin zituen. Erreforma horiek ez zuten Antzinako Erregimenaren sistema sustraitik aldatu nahi. Liberalak pribilegiatuekin bat zetozen, indarrean zegoen ordenari eusteko interesak baitzituzten.

Espainiak XVIII. mendean zuen egoera bereziak, indar politikoen korrelazio jakinak nekeza egin zuen modernizaziorako bidea. Bi dira iraultza liberalak espainiar sistema politikoan izan zuen sarbidea agerian jartzen duten aldaketa nagusiak:

  • Lehenik, klase pribilegiatuek, bai eliztarrek, bai laikoek, ekonomiaz kanpoko errenta “feudal” modura (hamarrenak) jasotzeko baliatzen zituzten bitartekoen ahitze motel baina geldiezina. Lurraren jabetzari buruzko lege berriek pribatizazio prozesu garrantzitsuak bultzatu zituzten (desamortizazioak). Prozesu horiek, lurrak ekonomia ustiapeneko zikloetan sartu ahal izateko aske uzteaz gainera, langileak ere askatuko dituzte, lurrek errendimendu handiagoak lortuz. Mugikortasuna ere handiagoa zen.
  • Bigarren, oso aldaketa handia gertatu zen aginpide politikoaren eta administrazioaren erakunde eta organoetan. Konstituzioa aldarrikatu zen. Gizartea hiru boteretan bereizi zen: Legegilea, Betearazlea eta Judiziala. Errebindikazio berriak agertu ziren, herritarren berdintasun prozesuaren aldeko borroka. Sekularizazioa eta erakunde laikoak (Elizari lekua kentzea) ezarri ziren.

2. INDEPENDENTZIA GERRA

Konbentzioaren Gerra amaitu orduko, Godoyk foru sistema higatzeko helburua zuten eraso politiko-intelektual sail bat gidatu zuen. 1796an Karlos IV.a erregeak gainkargako eskubidea ezabatzeko erabakia hartu zuen, erregearen erabakiak zuzenean aplikatuko zirela ezarriz. Zamalokada gertatu zen, Independentzia Gerraren hasiera ekarriz.

Napoleonek, Frantziako enperadoreak, Iberiar Penintsula militarki eta politikoki hartu nahi zuen, bi helburu nagusirekin: lehenik, Erresuma Batua zigortzeko ezartzen ari zen kontinente hesia osatzeko bideak ugaldu; bigarrenik, Espainia eta Portugal Frantziako estatuaren estatu satelite bihurtu.

1807an, Espainiak eta Frantziak Fontainebleauko Ituna izenpetu zuten. Ondorioz, espainiar lurretatik igarotzen uzten zitzaien oste frantsesei, Lisboarako bidean. Portugalgo hiriburua oso erraz erori zen. Frantses osteek Espainian zabaltzen jarraitu zuten.

2.1. Frantses Inbasioaren Aurreko Zatiketa

Ilustratuek, burgesek eta nobleziako kide batzuek agintari Napoleon zaleen alde egin zuten. Apaizek, nekazariek eta eskulangileek, ordea, ez. Hauek atzerritarrak zirelako, konkista konnotazioengatik, ideia berriak erlijioaren kontrakoak zirelako eta euskal lurraldeei gainerakoei bezalako zergak eskatzen zizkietelako zeuden aurka.

Espainiar gortean zatiketa gogor bat gertatu zen. Alde batetik, Godoy politika erreformista baten aldekoa zen. Kontrako bandoan, goi mailako noblezia zegoen, postu garrantzitsuetatik baztertuak geratu zirenak. Erresistentziaren aldeko ziren. Fernando erregearen aldeko apustua egin eta Karlos IV.a erregearen kontrako konspirazioa egin zuten. Etengabeko gatazkak izan ziren bi taldeen artean.

2.2. Aranjuezeko Matxinada

1808ko martxoan, Godoyren kontrako taldeek zurrumurru faltsuak zabaldu zituzten, altxamenduak bultza zitzaten. Gertaera haiek zirela-eta Karlos IV.ak Godoy bere kargutik kendu zuen. Gertaerak hainbesteraino larritu ziren, non Karlos IV.ak abdikatu egin behar izan zuen.

2.3. Borboien Abdikazioa

Napoleonek bitartekari izateko aukera izan zuen Baionan. Aita-semeak segizio berezietan joan ziren bileretara. 1808ko maiatzaren 5eko bileran, Napoleonek Fernando VII.a koroa aitari itzultzera behartu zuen eta ondoren, aita behartu zuen berari emateko. Gero, bere anaia izendatu zuen (dinastia berria). Benetako okupazio militarra bihurtu zen frantsesen presentzia.

2.4. Gatazkaren Bilakaera

Madrilgo herri altxamenduen ondoren, Espainiako beste leku askotan izan ziren. Baionako abdikazioaz geroztik, espainiar herriarentzat botere hutsunea zegoen. Hori tokiko batzarrek bete zuten, Erreinuko Gobernu Batzar Nagusiek koordinaturik. Bi helburu zituzten: altxamendu militarra eta gobernua liberalen esku egotea.

Borrokaldi honek hiru aldi izan zituen:

  • Okupazioaren porrot militarra, erresistentzia guneen ondorioz. Frantsesen estrategia Madril eta inguruak okupatzea eta menderatzea izan zen.
  • 1808-1812 urteetan penintsula osora zabaldu zen frantses armada. Frantsesen aurkako estrategia gerrilla borroka izan zen. Ingelesen armada Portugalen lehorreratu zen, konbentziozko konfrontazio bat hasiz. Horrela, frantses soldaduak murriztuz joan ziren.
  • 1812tik aurrera Napoleonen nagusitasunaren beheraldia. Ingeles gudarosteek setio lan handia egin zuten. Frantsesek porrot handi bat jasan zuten Gasteizko guduan.

2.5. Gerra Euskal Herrian

Euskal Herrian bide bera jarraitu zen. 1809tik aurrera gerrilletako gerra zabaldu zen. Gerraren bukaeran, gerrillak desagertu eta ohiko borrokaldiak nagusitu ziren.

3. CADIZKO KONSTITUZIOA

Iberiar penintsula osoan zabaldu ziren borrokaldiek benetako iraultza politikoa izan zuten ondorio. Antzinako Erregimenak poliki-poliki lur jo zuen, eta Junta Nagusiak desegitea erabaki zen. Erregeordetza ezarri zen, ohiz kanpoko Gorteak bilduko zituena.

Ordezkarien hautabideak eremu politiko osoa hartzen zuen. Lehen arazoa ordezkariak nola bildu izan zen: estamentuen arabera edo ganbera bakarrean. Liberalek azkenaren alde egin zuten, ordezkari bakoitzak boto bat izatea erabaki iraultzailea izanik. Bigarren arazoa ordezkariak Cadizera iristeko zuten zailtasuna izan zen. Hutsune hori betetzeko, Cadizen bizi ziren pertsonak izendatzea erabaki zen, horrek desoreka eragin zuelarik, gehienak liberalak baitziren.

Lehen saioan, liberalek nazio subiranotasuna aldarrikatu zuten. Hiru hilabete geroago, Konstituzioa idatziko zutenen batzordea sortu zen.

3.1. Konstituzioaren Analisia

Absolutisten eta liberalen artean adosten saiatu ziren, nahiz eta Konstituzioak itxura liberala izan. Ideia nagusiak hauek ziren:

  • Monarkia konstituzionala.
  • Nazio subiranotasuna.
  • Botereen banaketa.
  • Ganbera bakarreko legegintza sistema.
  • Ordezkariak sufragio unibertsalaren bidez hautatzea.
  • Banakako askatasunak eta askatasun publikoak.
  • Legearen aurrean denak berdinak izatea.

Antolamenduari dagokionez, administrazio batasuna eta batasun zentralizatua nagusitu ziren.

3.2. Cadizko Konstituzioa Euskal Herritik Ikusita

Batzarrak bildu ziren Lege Nagusia bermatzeko. Arabak eta Gipuzkoak arazo handirik gabe zin egin zuten, baina Bizkaiko Batzar Nagusiek ez. Bi jarrera nagusi zeuden: Aurrena, Lege Nagusia “erreserba eta murrizketarik gabe” onartzea eta bigarrena, bizkaitarra izateari uko ez egitea. Batzarrak bigarrenaren alde egin zuten, kortesiazko formula moduan. Alabaina, aduanak barnealdera eraman ziren, eta kontribuzio orokorren erregimena ipini zen berriz.

Fernando VII.a Espainiara itzulitakoan, Cadizko konstituzio liberala ezeztatu zuen. Foru sistema monarkia absolutuari lotuta geratu zen betiko; hala, foruzalea eta absolutista izatea estu lotuta geratu ziren.


4. 1868KO KRISI POLITIKOA

Cadizen zeuden ontziteriak matxinada bati ekin zion. Herriak babes osoa eman zion eta ordu gutxitan Cadizko herria matxinatuek hartu zuten. Serrano jenerala erregeorde izendatu zuten (unionista) eta behin-behineko gobernuaren buruzagitzan Prim jenerala (progresista). Iraultzaileak ezabatu zituzten eta milizia nazionala desarmatu. Biltzeko askatasunari, erlijio tolerantziari eta abarri buruzko dekretu berriak onetsi ziren.

Mapa politikoa proposamen zabal batean oinarritzen zen:

  • Moderatuak, Isabel II.a itzultzea eskatzen zutenak.
  • Tradizionalistak, Karlos VII.aren aldekoak.
  • Monarkiko-demokratikoak, Ostendeko itunaren ordezkariak.
  • Alderdi Errepublikano Federala, Pi i Margallek zuzenduriko alderdi demokratikotik aterata.

Hauteskundeetan gobernu koalizioa izan zen garaile. Konstituzio berri bat osatu zen, 1869. urtekoa, honek askatasun politikoa ematen zuen.

Ideia kontrajarrien aurrean (moderatuak, tradizionalistak...), Primek lortu zuen egoera menderatzea. Honek errege izan zitezkeenen zerrenda bat osatu zuen eta azkenean Saboiako Amadeo izan zen aukeratua. Primek Amadeo I.a aurkeztu zuen legebiltzarrean. Amadeo Espainiara iritsi zenean, Prim, bere babeslea, hil egin zuten. Gobernuak oso gutxi iraun zuen, ez baitzuen egoera ongi ezagutzen, hizkuntza ere ez...

Amadeok Konstituzioari zin egin zion. Karlos VII.a Espainiara itzuli zen.

1873 hasieran, Amadeok azken ministro kontseilua bildu eta abdikazioaren berri eman zuen, ezin zuela irtenbiderik eskaini argudiatuz. Abdikazioaren egun berean, Gorteek Errepublika aldarrikatu zuten.

5. BIGARREN KRISIALDIA ETA ERREPUBLIKA

Karlistek gogor ekin zioten parlamentuan, eta matxinada militar bat abian jartzeko armak erosi zituzten. Giroa asko nahastu zen Espainian.

1872an, Karlos VII.ak, dinastiaren zilegitasunaren defentsan, matxinada militarreko deia egin zuen. Santa Kruz apaiza izan zen matxino guztien artean ospetsuena eta erradikalena. Gerrillen planteamendu berriari esker, karlistek euskal lurraldearen parte handi bat hartu zuten. Bilbo konkistatzeko ahaleginak egin zituzten, hiria setiaturik, baina urtebete baino lehenago karlistek atzera egin zuten. Karlistak militarki garaitu zituzten eta orduan Karlos erregenahiak, berriz ere, atzerrira jo zuen.

5.1. Lehen Errepublika (1873-1874)

Errepublika saiatu zen, lortu gabe, ordea, Konstituziotik sortzen zen sistema demokratikoa sendotzen. Gizartea nahasten hasi zen: Gobernu koalizioaren barne zatiketa, gatazka karlistaren leherketa, Kubako altxamendua...

Gobernuak hartzen zituen neurriek kontrako mugimendu handiak eragiten zituzten beti.

Errepublikaren arerio izan ziren indar kontserbadore guztiak: karlistak, nobleak, militarrak eta burgesen parte handi bat. Lehen gobernuak, Figuerasek, kontsumoaren gaineko zergak ezabatu eta soldadualdiak ezabatu zituen. Giroa okertu egin zen eta nekazari askok Errepublika eta “lurren okupazioa” lortu zituzten. Horrek egoera ekonomiko negargarria ekarri zuen. Figueras dimititu egin zen.

Bigarren gobernuak, Pi i Margallek, gauzak okerrago utzi zituen. Langile Internazionaleko taldeek etengabe sortzen zizkioten arazoak gobernuari. Pi i Margall dimititu egin zen.

Hirugarren gobernua, Salmerón, higikunde kantonala zapaldu eta karlisten kontrako erasoaldi gogorra zuen helburu. Jeneral batzuek kantonalistak zapaldu zituzten, langileen atsekabea sortu gabe. Errepublikak babesa ematen zion gizarte oinarri iturria galdu zuen. Salmerónek gobernua utzi egin behar izan zuen.

Laugarren gobernua, Emilio Castelar. Gizarte matxinadaren eta feudalismoaren kontra gogor aritzeko asmoz hasi zen. Haren gobernuaren arrazoirik larriena estatu kolpe bat prestatzen azpijokoan zebiltzan jeneralak ziren.

1874an Pavía jeneralak, bere osteen aurrean agertu zen Diputatuen Kongresuan, eta Gorteak deuseztaturik deklaratu zituen. Bukatu zen errepublika.

Pavía koalizio gobernu bat biltzen saiatu zen, emaitza kabinete diktatorial bat osatzea izan zen, itxura errepublikanoa zuena. “Autoritatea eta ordena” berriz ezartzeko aitzakiaz, I. Internazionaleko taldeei eraso egin eta deuseztatu zituen, matxinada saio guztiak zapaldu, eta iparralderantz abiatu zen, Bilboko setio karlista altxatzera.

Bitartean, indar moderatuek Isabel II.aren semea, Alfontso printzea, babesteko erabakia hartua zuten.