Langabezia: Kontzeptua, Motak eta Enplegu Politikak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Economía

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,48 KB

Langabezia eta haren ondorioak

Langabezia arazo larri-larritzat jotzen da gizarte garatuetan. Langabeziak ondorio kaltegarriak ditu maila guztietan:

  • Oro har: Lana bilatzen ari den eta lana egin nahi duen biztanleria lanik gabe dago eta, beraz, ez da herrialdearen ahalmen osoa baliatzen.
  • Estatuarentzat: Lanetik eratorritako diru-sarrerak txikitzen dira (esaterako, Gizarte Segurantzako kotizazioak eta errentaren gaineko zerga) eta gastu publikoa handitzen da (langabeziagatiko prestazioak edo gizarte-laguntzak).
  • Norberarentzat: Diru-sarrerak txikitzeak bizi-kalitatean dituen eraginez gain, lanik gabe geratzeak edo denbora luzez lanik aurkitu gabe egoteak eragina izan dezake autoestimuan eta familia-harremanetan. Espainian langabezia murriztea kezka nagusienetako bat da, Europar Batasuneko langabezia-tasa altuenetako bat baitu.

Langabezia motak

  • Frikzionala: Lan egin dezaketen arren, pertsona batzuek borondatez ikasteko, atseden hartzeko edo aurreko lana baino hobea aurkitzeko denbora hartzean sortzen den langabezia mota da.
  • Urte-sasoiko langabezia: Zenbait jardueratan, urte-sasoi jakin batzuetan soilik behar dute eskulana, eta horregatik sortzen da langabezia mota hori.
  • Langabezia ziklikoa: Nabarmen igotzen den langabezia mota da, bereziki ekonomia-krisialdietan, eta jaitsi egiten da ekonomia-hazkundeko aldietan.
  • Egiturazko langabezia: Eremu edo herrialde bateko langileen ezaugarriak eta enpresaburuen premiak bat ez etortzeagatik sortzen den langabezia mota da.

Langabeziaren kausak

  • Langileen ezaugarriak: Askotan espezialitate jakin bateko langile gehiegi daude, eta beste batzuetan, berriz, gutxiegi, edo lana gaizki banatuta dago.
  • Eskaria urriegia: Gizarteak ez duelako eskatzen lan egiteko moduan dauden langile guztiak enplegatzeko behar adina ondasun eta zerbitzu.
  • Gutxieneko soldata egotea: Merkatu askearen aldekoen ustez, langabezia desagertu egingo litzateke eskaintza-eskariaren legeak askatasunez funtzionatuko balu. Gehiegizko eskulana egonez gero, soldatek behera egingo lukete, eta enpresek sobera dauden langileak kontratatuko lituzkete. Baina lan-merkatua ez da merkatu askea, esku-hartzea baitago interes publikoko arrazoiengatik. Batetik, gobernuek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezartzen dute, enpresaburuen gehiegikeriak eragozteko; eta bestetik, enpresaburuen eta sindikatuen arteko negoziazioaren bidez, lanbide motaren araberako gutxieneko soldatak finkatzen dira hitzarmen kolektiboetan.

Enplegu-politika

Botere publikoek lan-merkatuari buruz hartzen dituzten neurriei enplegu-politika esaten zaie. Enplegu-politika aktiboan hiru kategoria bereizten dira:

1. Enplegu-eskaintzan eragitekoak (biztanleria aktiboarentzat)

  • Enplegu-politika: Administrazio publikoek enplegua sortzea da.
  • Lan-eskaintzaren murrizketa: Nahitaezko neurriak ezartzen dira edota pizgarriak ematen dira langileek lan-denbora murrizteko. Horrelako neurriak dira erretiro aurreratuak, lanaldi-murrizketak edo aparteko orduak egiteko debekuak.
  • Prestakuntza eta laneratzea: Langileen kualifikazio-maila hobetzea helburu duten neurriak dira. Izan ere, zenbat eta handiagoa izan teknologiaren espezializazioa edo sofistikazio-maila, orduan eta kualifikazio-maila altuagoko eskulana beharko da.

2. Enplegu-eskarian eragitekoak (enpresentzat)

  • Enpresen kontratazioa sustatzea: Sektore publikoak pizgarriak eman diezazkieke enpresei langile gehiago kontratatzeko. Hona hemen pizgarri batzuk: enplegua sortzeagatik dirulaguntzak, hobariak Gizarte Segurantzako kotizazio-kuotetan, edo aldi baterako kontratuak finko bihurtzeko dirulaguntzak.
  • Autoenplegua: Bere lanpostua sortzeko erabakia hartzen duen langilea balio handikoa da gizartearentzat. Horregatik, administrazioek dirulaguntzak ematen dituzte enpresa-ekimenetarako eta horrelakoak sustatzen dituzte.
  • Lan-merkatua malgutzea: Enpresek langileak kontratatzeko eta kaleratzeko oztopoak eta arau-mugak kentzea da.

3. Eskaintza eta eskariaren arteko bitartekariak

  • Enplegu-bulegoak: Lana aurkitzeko aholkuak ematen dizkiete langabeei eta, aldi berean, enpresen eta langileen arteko bitartekari-lanak egiten dituzte.