Nazioarteko Merkataritza: Kontzeptuak eta Teoriak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Economía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,71 KB
Nazioarteko Merkataritza
Hau da beste herrialde batzuekin merkataritzan aritzeko arrazoia: herrialde berak ez dituen ondasunak lortzea.
Lurralde jakin batean ondasun eta zerbitzu batzuk ez edukitzea edo urriak izatea faktore hauen bidez azal daiteke:
- Ekoizpen kostua. Ekoizpen kostuek eragin erabakigarria dute ondasunen eta zerbitzuen salmentarako ezarritako prezioetan, eta bi faktore hauen araberakoak dira: zer ekoizpen bitarteko dauden eta zer teknologia erabiltzen den.
- Eskaria. Praktikan, oso zaila da herrialde batek bere kabuz bertako biztanleen lehentasunak edo zaletasunak asetzeko beharrezko guztia ekoiztea. Herrialde bakoitzak, bertako ekoizpenak ase ezin dituen ondasunak inportatzen ditu.
Nazioarteko merkataritza: Nazioarteko ekonomia-harremanak oro har adierazten ditu, bai esportazioei dagozkienak, bai inportazioei dagozkienak.
Aduana lurraldea lurralde geografiko bat da, salgaien zirkulazio askekoa, eta ez du nahitaez bat etorri behar herrialde jakin baten muga politikoekin.
A) Espezializazioa eta Abantaila Konparatiboa
Trukearen alderdi onuragarriena da bide ematen duela lana banatzeko eta, beraz, herrialdeak ondasun eta zerbitzu jakin batzuetan espezializatzeko; horrek efizientzia areagotzea dakar.
Baina espezializatzea soilik ez da nahikoa. Nazioarteko merkataritzaren bidez herrialdeek etekinak lortzeko, aukera-kostua aintzat hartuta beste herrialdeekiko merkataritzan abantaila emango diena soilik ekoitzi behar dute.
Abantaila konparatiboaren teoriaren arabera, herrialdeak ondasunen eta zerbitzuen ekoizpenean espezializatzean ahalik eta modurik efizienteenean truka ditzakete.
Protekzionismoa
Protekzionismo deritzo herrialde batean atzerriko produktuen sarrera mugatzeko hartutako neurrien multzoari, bertako industria babesteko helburuarekin.
Neurri protekzionistak hartzeko arrazoi nagusiak hauek dira:
- Interes orokorrerako estrategikotzat jotzen diren industriak babestea. Adibidez, herrialdearen defentsarekin lotutakoak.
- Industrializazioa eta enplegua sustatzea. Bi helburu nagusirekin: atzerriko produktuak herrialde barnekoekin ordezkatzea, eta enpresen etekinen eta langileen soldaten bidez herrialdeko errenta handitzea.
- Gora egiten ari diren industriak garatzea. Lehiakortasuna lortzeko lagungarriak diren faktore jakin batzuek denbora behar izaten dute garatzeko: teknologiak, produktibitateak, etab. Sortu berriak diren sektoreetan aritzen diren enpresek hazi eta atzerriko enpresekin baldintza-berdintasunean lehiatzeko gai izan arte.
- Dirua biltzea. Herrialde bateko edo aduana-lurralde bateko agintariek enpresa inportatzaileei zenbateko jakin bat kobratzea oso diru-iturri garrantzitsua da.
Beste herrialde batzuetako produktuen inportazioak murrizteko hartzen diren neurrien artean, hauek dira erabilienak:
- Inportazioak zergapetzea. Inportazioei aduanetan ezartzen zaizkien zergei muga-zerga esaten zaie. Haien helburua da atzerriko produktuak garestitzea, herrialde barnekoekin lehiatzeko zailtasun handiagoak izan ditzaten.
- Atzerriko produktuen kantitatea mugatzeko kuotak edo kontingenteak ezartzea. Ondasun jakin bat zer kantitatean inporta daitekeen mugatzean datza.
- Merkataritza- eta industria-politikak ezartzea. Herrialdearen barneko industriak babesteko eta hedatzeko lagungarriak diren politikak ezartzea. Horri esker, herrialdeko enpresek laguntzak jasotzen dituzte, eta abantaila dute atzerriko enpresekiko lehian.
- Muga-zergak ez diren oztopoak. Burokrazia-irizpide konplexuak, inportatutako ondasunei kalitate-arau jakin batzuk betearaztea, etiketa bereziak jarri beharra, inportazioak egin aurretik gordailuak egiteko beharra.
Merkataritza Askea
Merkataritza askearen aldeko arrazoiak:
- Ekoizpen-faktoreen efizientzia handiagoa. Beste herrialdeekiko abantaila konparatiboa ematen dioten ondasunetan espezializatuz gero, herrialde batek bere ekoizpen-aukerak areagotzen ditu, eta horrek enplegua eta aberastasuna sortzen ditu.
- Lehia sustatzea eta areagotzea. Herrialde jakin bateko merkatuan atzerritar lehiakideak sartzen badira, bertako enpresek efizientzia handiagoa lortu behar dute, merkatru kuota ez galtzeko.
- Ondasunen eta zerbitzuen kalitate eta aniztasun handiagoa. Nazioarteko merkataritzarik gabe, produktu jakin batzuk ez genituzke izango, edo urriak izango lirateke.
- Eskala-ekonomiak lortzea. Eskala-ekonomiak lortzeko, oso merkatu zabalak behar dira, ekoizpena areagotu behar baita, kostuak murrizteko.
Ordainketa Balantza
Ordainketa-balantza kontabilitate-dokumentu bat da, herrialde baten eta munduko gainerako herrialdeen artean aldi jakin batean izandako ekonomia-transakzioak erregistratzen dituena.
Ordainketa Balantzaren Egitura
Hiru multzo handitan sailkatzen dira:
- Kontu korronteko balantza. Ondasunen eta zerbitzuen transakzioak eta kontu korronteko transferentziak jasotzen ditu. Kontu korronteko transferentzien bidez jasotako diru-sarrerek, hala nola emigranteen bidalketek, biztanleen gastu-ahalmena handitzen dute.
- Kapital kontuko balantza. Kapitalen transferentziak eta aktibo ez-finantzarioen eskuratzeak edo besterentzea jasotzen ditu.
- Finantza kontuko balantza. Inbertsioak eta erreserben aldakuntzak jasotzen ditu (akzioak, bonoak eta dibisak).