1929ko Krisialdia: Jatorria, Hedapena eta Neurriak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Economía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,74 KB
1929ko Krisialdiaren Jatorria
Gainekoizpena
Lehen Mundu Gerraren garaian, gerran sartu ziren herrialdeek gerrara bideratu zituzten beren ekonomiak, eta beste herrialde batzuek, berriz, kontsumo-ondasunak ekoiztera. Gerra amaitzean, herrialdeek mota guztietako produktuak fabrikatu zituzten, eta horrek soberakinak eragin zituen.
Espekulazioa
Bankuek maileguak eman zizkieten enpresei eta bezero partikularrei, eta haiek burtsan inbertitzen zuten dirua. Hogeiko hamarkadaren erdialdetik aurrera, enpresa batzuk arazoak izaten hasi ziren, baina enpresa horien akzioak gorantz zihoazen, jende guztiak erosten baitzituen. Arazoa zen akzio horiek burtsan zuten balioa ez zetorrela bat enpresek egiazki zituzten irabaziekin.
Enpresek beren ordainketak egiteko diru-premia izan zutenean, saldu egin zituzten akzioak. 1929ko urriaren 24an, Ostegun Beltza deritzon egunean, New Yorkeko burtsan akzioak barra-barra saldu ziren. Hori dela eta, balioa galdu zuten.
Depresio Handia eta Haren Hedapena
Burtsak porrot egiteak krisialdi ekonomiko larria ekarri zuen, Depresio Handia izenaz ezagutzen dena. Bankuek hondoa jo zuten, bezeroek beren dirua atera zutelako eta mailegu asko ordaindu ez zirelako. Gainera, nekazaritzako eta industriako produktuen eskaria murriztu egin zen, eta inbertsioak gutxitu. Horren guztiaren ondorioz, enpresa askok itxi egin behar izan zuten, eta hondamendia izan zen milaka nekazarirentzat. Langabezia ikaragarri hazi zen. Krisialdia munduan zehar hedatu zen.
Hedapena munduan
- AEBek inportazioak murriztu zituzten, eta, beraz, lehengaiak saltzen zizkieten herrialdeen porrota ekarri zuen horrek, Latinoamerikako herrialdeenak, kasu.
- AEBko bankuak Europan inbertitutako dirua etxera ekartzen hasi ziren. Erabaki hori bereziki izan zen kaltegarria Alemanian eta Austrian, industria eta banku askok porrot egin baitzituzten.
Krisialdiaren Aurkako Neurriak: New Deal-a
Estatu Batuetan krisialditik irteteko hartu ziren neurriek arazoak areagotu zituzten. 1933an, Franklin D. Roosevelt presidente berriak New Deal programa abiarazi zuen; horren arabera, Estatuak parte-hartze handiagoa izango zuen ekonomian, neurri hauen bidez:
- Herri-lanetan inbertitu zuen enplegua sortzeko, eta enpresa handiei lagundu zien inbertsioak sustatuz.
- Nekazariei diru-laguntzak eman zizkien ekoizpena gutxitu zezaten, eta horrela beren produktuen prezioak igo eta irabazi handiagoak izan zitzaten.
- Lan-baldintzak hobetu.
- Finantza-sistema berregituratu zuen.
Nazio Elkarteak Londresko Konferentziara deitu zituen herrialdeak, krisialditik irteteko konponbide ekonomikoak elkarrekin erabakitzeko.