Karl Marx: Bizitza, Materialismo Historikoa eta Alienazioa
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 15,97 KB
Datu biografikoak eta testuinguru historikoa
Marx aldaketa ekonomiko eta sozial handien garaian bizi izan zen. XIX. mendean, hainbat gatazka eta iraultza gertatu ziren, eta horregatik deitzen diogu iraultzen mendea. Industrializazioak (ekoizpen-modu kapitalista) Europako egitura sozialak aldatu zituen: Ingalaterran hasi eta Europa osora hedatu zen, eta gizarte feudaletik industria-gizarte kapitalistara igaro zen. Arlo ekonomiko eta politikoan burgesia nagusitu zen bitartean, hirietan langileria industriala edo proletalgoa biltzen hasi zen —langileen bizimodu latzari aurre egiteko asmoarekin—, eta laster sortuko ditu mugimendu sozial, politiko eta intelektual desberdinak.
Marxen bizitza eta obra
Karl Marx 1818an jaio zen Treverisen. Zuzenbide eta Filosofiako ikasketak egin zituen. Unibertsitatean, Hegelen filosofia ezagutu zuen, eta horrek erakarpen handia izan zuen berarengan. Marx ezkerreko hegeliarrekin elkartu zen, horiek zuten filosofiaren ikuskera kritikoarekin eta konformagaitztasun politikoarekin bat zetorrelako. Giro honetan, errepresio antiliberala gogortu zen Prusian eta, bere jarrera kritikoagatik, gobernuaren zentsurak egunkaria itxi zuen laster.
Alemaniatik ihes egin eta Parisera joan zen. Bertan, talde sozialista eta komunistekin harremanetan jarri zen. Friedrich Engels ezagutu zuen, bizitza osorako adiskide eta kolaboratzaile izango zena. Parisen bere pentsamendu eta jarduera iraultzailearen oinarrizko ideiak eratu zituen. Horrela idatzi zituen Ekonomia eta filosofiako eskuizkribuak. Frantziatik kanporatu zuten eta Bruselan babestu zen. Bertan, Feuerbachi buruzko tesiak obran bere pentsamenduaren asmo nagusia argituko du: "Orain arte, filosofoek mundua interpretatu besterik ez dute egin; kontua, ordea, mundua aldatzea da" (11. tesia).
Marx eta Engels "Komunisten Ligan" sartu ziren eta, erakunde horren enkarguz, Alderdi Komunistaren Manifestua idatzi zuten; bertan materialismo historikoaren ideia nagusiak agertzen dira. Ondoren, Londresera joan behar izan zuen. Kapitalismoaren analisi teorikoari ekin zion. Honen emaitza Ekonomia politikoaren kritika eta Kapitala izan ziren.
Hegelen metodo dialektikoa eta hegeliar ezkertiarrak
Marxen filosofiaren abiapuntua Hegel eta hegeliarren teorien kritika da. Metodo dialektikoak errealitatearen benetako mugimendua islatzen du. Metodo hori alderantzikatu ondoren —hau da, idealismotik atera eta materialismora bihurtu ondoren—, Marxen dialektika errealitate materialaren dialektika bihurtzen da, gizakien bizi-baldintza materialen historia; Hegelenarena, berriz, Ideiaren dialektika da.
Dialektikaren ikuspegitik, errealitatea prozesu bat da: elkarrekiko harremana duten elementuen osotasun dinamikoa. Beraz, bi ideia dira nagusi dialektikan: batetik, errealitatea osotasun bat da, eta bera osatzen duten elementu guztiak elkarrekin lotuta daude; eta, bestetik, osotasun hori dinamikoa da, eta mugimendu horren indar eragilea ezeztapena, antagonismoa edo aurkakotasuna da. Hau guztia historiari aplikatuta, gizartearen historia etengabeko aldaketa-prozesua dugu. Momentu historiko guztiek —gizarte-mota bakoitzak— bere kontraesanak (bere ukapena) sortzen dituzte, eta horrekin batera, ukapenaren ukapena edo bere sintesia. Azken hori ez da ukapen hutsa, gainditu egiten baitu aurreko antagonismoa, gizarte berri bati bidea emanez. Beraz, historia aurrera doa, gizarteak aldatzen direlako beren baitan kontraesana daramatelako.
Ludwig Feuerbach eta erlijioaren kritika
L. Feuerbach hegeliar ezkertiarra zen, baina hau ere filosofia idealistaren kontra zegoen. Jainkoaren ideiaren eta erlijioaren kritika sakondu zuen: ez da Jainkoak gizakia sortu duena, gizakiak sortu du irudi idealizatu bat eta, horrela, gizakia Jainkoarengan alienatzen da. Orduan, gizakia makurtu egiten da eta Jainkoa bere sortzailearen zapaltzaile bihurtzen da. Marxek alienazio erlijiosoaren kritika onartuko du, baina Feuerbach kritikatzen du, gai hori bigarren mailakoa dela esanez eta gizakia harreman sozial edo historiatik kanpo uzten duelako. Alienazio ekonomikoa da garrantzitsuena eta beste alienazioen oinarria; hauek gainditzeko gizartea errotik aldatu behar dela dio.
XX. mendeko pentsamoldearen oinarriak
Hegelen ondoren, filosofiaren parte handi bat haren filosofiaren kritika baino ez da. Filosofoek errealitatearen kontraesanak behin betiko sintesi batean gainditzeko aukera zalantzan jartzen dute. Munduaren zentzuak eztanda egiten du behin-behineko zentzuen aniztasun batean. Goreneko zentzurik ez dagoenez, filosofia teoria partikularren aniztasun batean zatikatzen da. Filosofiak bere ezaugarririk garrantzitsuena galtzen du: jakintza orokorraren estatutua. Ondoren, jakintza berezi batzuetan sakabanatzen da. Aro Garaikidearen abiapuntua sistema hegeliarraren absolutismoaren aurkako erantzunean aurkitzen da.
Feuerbachek, idealismo hegeliarretik ihesi, baldintza materialetatik abiatuta dimentsio espirituala azaltzen du. Marxek ildo horretatik jarraituen du; idealismo hegeliarra buruz behera jarriko du, eta errealitatearen funtsa indar ekonomikoek osatzen duten Historia dela azpimarratzen du. Errealitatea ez da jada Ideia, Historia baizik, indar eta ekoizpen-harremanen arteko loturaz osatuta dagoena. Marxek esandako Feuerbachi buruzko XI. Tesiaren arabera, "filosofoek egin duten gauza bakarra mundua interpretatzea besterik ez da izan; garrantzitsuena, ordea, mundua eraldatzea da". Marxen ustez, gizartea eraldatzeko, aurretik ezinbestekoa da gizarteari, gizakiari eta historiari buruzko ezagutza zientifiko berri bat: Materialismo Historikoa. Klaseen arteko borroka da historiaren eragilea (Dialektika). Marxek eraiki nahi duen gizartea klaserik gabeko gizartea da, non gizakiak alienazio ekonomikoarekiko emantzipazioa lortu ahal izango duen.
Aro Garaikidea eboluzioaren teoria formulatzen duen Darwinekin hasten da. Eboluzioaren teoriak dio espezieak desagertuta dauden beste espezieek jasandako aldaketen produktuak direla. Modu zorrotz eta naturalista baten bidez azaltzen du prozesua, kausa naturalak konbinatuz. Geroago, Nietzsche tesi darwiniarrarekin bat dator eta Hegelen postulatuak kritikatzen ditu. Aldaketa edo eboluzio darwiniarraren nozioa tradizio filosofiko nagusiak baztertutako bilakaeraren kontzeptuarekin bat dator. Nietzscheren esanetan, filosofiak bilakaera erruduntzat hartzen du eta kontzeptu honek gaitzespena jasotzen du. Egia hutsa mundu ideal batean aurkitu behar da, eta haren ustez, Platon da zatiketa dualista horren ezarpenaren arduraduna. Platonek ezin du jasan mundu naturalean dagoen mina, eta horregatik asmatzen du mundu bat, mundu naturalak dituen ezaugarrien kontrako ezaugarriak dituena. Nietzscheren ustez, mundu hori eraikitzea eta sortzea mundu naturaletik ihes egitea da. Jarrera hori bizitzari uko egiten dionari dagokio, dekadenteari. Beraz, dekadentzia morala metafisikaren jatorrian aurkitzen denez, Nietzsche metafisikaren aurka borrokatuko da.
Marx, Freud eta Nietzsche gizartearen ideia politikoak eta juridikoak gizarte-klase nagusiaren eskupean eta zerbitzupean ote diren susmoz mintzo dira. Freudek gure jokabidearen gidari arrazionalak akaso benetako eragileak ez direla agertzen du, eta ondorioz, ezkutuan ditugun bulkada irrazionalek gure portaeran zeresan handiagoa duten susmoa ere bai. Inkontzienteak zeukan garrantzia proposatzen duen lehen teoria sistematikoa sortu zuen. Teoria honetan mekanismo inkontzienteei buruzko azalpen orokor bat ematen zen, eta berauen eragina giza ekintzetan, nortasunaren eta psikoterapiaren ikuspegi orokor batean txertatua gelditzen zen.
Marxen humanismoa: Alienazio motak
Marxek gizarteari buruz egiten duen analisiak filosofiak gizakiaren askapena lortzeko urratu behar duen bidea planteatzen du. Gizakiari buruz egiten duen analisia gizadiaren historiarekin dago erlazionaturik, historia hori giza alienazioak hartutako hainbat formak osatua delarik. Alienazioak gizakiak bere baitako zerbait galtzea esan nahi du; norberarentzat izatearen ordez, beste batentzat izatearen ezaugarria da (burua galtzea, norberaren burua inorentzea). Marxen iritziz, alienazio nagusia lanarena da, eta hortik sortzen dira beste alienazioak, guztiek sustrai ekonomikoa dutelako. Horrela ulertuta, historiak proletarioek pasatu behar izan duten deshumanizazioaren alde negatiboa hartzen du.
Marxek hiru alienazio mota ikusten ditu: erlijio-alienazioa, ideologia-alienazioa eta ekonomia-alienazioa.
Erlijio-alienazioa
Erlijioa gizartearen egitura ideologikoan dagoen kontzientzia-forma bat da eta gizakien gizarte-errealitate kontraesankorra ezkutatzen du.
- Kritika filosofikoa: Erlijioak fikziozko mundu bat sortzen du, mundu errealaren gainetik dagoena, gizakiari bera bizi den mundu konkretuaren eta agintzen zaion mundu idealaren arteko banakuntza eraginez. Bigarren mundu horrek sortzen du alienazioa, gizakiak beste mundura joan behar duela pentsatzen duelako eta ez duelako borrokatzen nahi duenagatik.
- Kritika sozio-politikoa: Erlijioa klase gorenak erabiltzen du menpe daudenak zanpatzeko. Hori dela eta, erlijio-alienazioak funtzio sozial bat betetzen du: "erlijioa herriaren opioa da".
- Kritika psikologikoa: Marxek dio erlijiozko bizimoduaren ezaugarriak hauek direla: sortzailearekiko menpekotasuna (autonomia deuseztatuz), apaltasun osoa eta men-egite obedientea. Sentimendu horrek bere izaeratik bereizten du gizakia.
Eliza alienazio honen elementu bideratzailea da; beraz, erakunde erlijiosoak menpeko klaseak zanpatzeko agintzen duten klaseen esku dauden tresnak dira. Filosofia-printzipio erlijioso guztiek edozein morrontza (servilismo) mota justifikatzen dute. Beraz, erlijioa ez da gizakiaren arazoak konpontzeko gai, eta gizakiak ezin du haren bidez askapenik espero.
Ekonomia-alienazioa
Marxen ustez, lana da alienazio mota garrantzitsuena, giza bizitzaren funtsa delako. Mendebaldeko filosofiaren ikuskera tradizionalaren aurka egiten du, hark gizakiaren indar oinarrizkoena arrazoia dela diolako; Marxek, ordea, arrazoia praktikaren menpe jartzen du: gizakia bereizteko ezaugarririk garrantzitsuena ekoizteko duen ahalmena da, lan egiteko ahalmena.
Baina, zergatik alienatzen du gizakia lanak? Gizakia bere ekoizpen-jarduera garatzean, produktu bakoitzean bere barruko zerbait uzten du (bere giza energia). Produktua langilearen objektibazioa da: objektua humanizaturik geratzen da eta langilearen nortasuna produktuan integratua. Jabetza pribatuan oinarrituriko ekoizpen-sisteman (gizarte kapitalistan), langileek ekoitzitako produktuek ez diote balio bizitzako produkzio sozialerako, baizik eta gutxi batzuen eskuetan geratzen dira: ekoizpen-bideen jabeen eskuetan. Gizarte kapitalistan gizakia hutsik geratzen da; berak egindako produktuak, beretzat hartu ordez, bere jabetzatik kanpo daude. Gizakiak bere jarduera hori beste bati saltzen dio, eta bere izaera ere bai, beste pertsona baten tresna bihurtzen baita. Beraz, langilea bera lan-produktu bihurtuta merkatuan saltzen da, bere askatasuna ukatuz: deshumanizazioa.
Alienazio hori kapitalismoa agertzen den une beretik sortzen da, eta sistema horrek irauten duen bitartean iraungo du, sistema sozialista nagusitzen den arte. Marxen ustez, historian zehar agertu diren ekoizpen-modu guztietan, ekoizpen-bideen jabetza pribatuaren ondorioz, klase-banaketa gertatu da eta horrek esplotazioa eta alienazioa ekarri ditu. Langilearen lan-indarra merkantzia berezi bat da, eta lanaldian sortzen dituen produktuen balioa baino gutxiago ordaintzen du kapitalistak. Hortik sortzen da plusbalioa: gizarte kapitalistak langilea esplotatzeko asmatu duen modua da, non langileak egiten duen lana ez den guztiz ordaintzen.
Materialismo historikoa: Egitura ekonomikoa
Marxen filosofia Feuerbachen 11. tesian oinarritzen da. Tesi honen helburua gizartea eraldatzea baldin bada, teoria praktiko berri bat sortu behar da historia, gizakia eta gizartea ezagutzeko. Materialismo historikoa gizartearen garapen historikoari buruzko ikuspegi orokorra ematen duen historiaren zientzia da. Historiaren abiapuntua lan egiten duen gizakia da, lanean egiten baita gizakia gizaki. Lanaren bidez, gizakiak bere mundua eta bere burua osatu eta eraldatzen ditu; horregatik, gizakiaren oinarrizko ezaugarria praxia da.
Gizarte oro ekoizpen-modu bat da eta bi maila bereizten dira: egitura ekonomikoa (azpiegitura) eta egitura juridiko-politiko eta ideologikoa (gainegitura). Oinarri ekonomikoan lan-prozesua, ekoizpen-indarrak eta ekoizpen-harremanak ditugu. Ekoizpen-indarrek gizakien lan-indarra eta ekoizpen-bideak biltzen dituzte. Ekoizpen-harremanek, aldiz, jabeen eta langileen artean ezartzen diren harremanak adierazten dituzte. Gizarte kapitalistan, jabetza-erlazioak dira ekoizpen-harreman garrantzitsuena, hortik sortzen baitira klase sozialak.
Materialismo historikoa: Iraultza
Marxen ustez, historiaren motorra klaseen arteko borroka da (dialektika). Historia ez da zerbait estatikoa, etengabe aldatzen ari den zerbait da, eta mugimendu horren motorra kontraesana da. Kontraesan historikoak egitura ekonomikoan kokatzen dira: ekoizpen-harremanen eta ekoizpen-indarren arteko kontraesana. Ekoizpen-indarrak etengabe garatzen doaz, eta beti heltzen da une bat non ekoizpen-harreman zaharrekin kontraesanean jartzen diren, azken hauek garapenaren oztopo bihurtzen direlako. Krisi-egoera horrek proletarioak bere egoeraz kontzientzia hartzera dakar. Marxen ustez, iraultza proletarioak klaserik gabeko gizartea eta alienazioak ezabatzea ekarriko luke. Iraultzak helburu argi bat du: jabetza pribatua amaitzea. Gizartearen oinarri ekonomikoaren aldaketaren ondorioz, gainegitura poliki aldatu egiten da eta ekoizpen-modu berri bat sortzen da, aurrekoa baino goragokoa.
Gizarte komunista
Marxek eta Engelsek Manifestu Komunista idatzi zuten. Manifestuaren funtsezko ideia hau da: ekoizpen ekonomikoak eta estruktura sozialek osatzen dutela historia politiko eta intelektualaren oinarria. Beraz, historia osoa klase-borrokaren historia da. Pentsamendu marxistan, iraultza amaitu ondoren ezarriko den gizarte komunistan, proletargoa eta beste klase zapalduak kateapetik askatuak izango dira. Gizarte komunista klaserik gabeko gizartea da.
Marxismoaren eragina ondorengo munduan
Marxismoaren hainbat interpretazio egin dira. Lehenbizikoa interpretazio humanista da (Lukács, Bloch, Schaff), non ardatza gizakia den. Bigarren eredua Althusserrek proposatutakoa da: marxismoa ez da humanismo bat, errealitatea ezagutzeko modu zientifiko bat baizik. Marxen filosofiari kritikak ere egin zaizkio, bereziki Frankfurteko Eskolaren aldetik: gizakia ez dela homo faber hutsa eta ekoizpen-indarrak ideologia bihurtu direla esanez. Hala ere, baditu ikuspegi onargarriak: teoria praxian egiaztatu beharra eta gizakiari bere benetako izaera berreskuratzen laguntzea.
Nietzscheren kritika kristautasunari
Nietzschek bizitzari kontrajarri zion bizitza ahula edo artaldearen morala, eta erlijioari leporatu zion bizitza ahul hori goraipatzea. Erlijioa ahulen matxinada da. Nietzschek Ongiaz eta Gaiztoaz Haraindi lanean dio moralaren historian bi joera daudela: jaunen morala eta morroien morala. Batak bizitza goresten du eta besteak malkartzen. Jaunen morala indarrean eta norberaren jabetasunean oinarritzen da; mendekoen moralak, berriz, ahulezia, koldarkeria eta gorputzaren mesprezua goraipatzen ditu. Kristautasuna jaunen moralaren aurkako errebolta da. Gorputza, sena eta desioa arbuiatzea leporatzen dio Nietzschek. Kristau-morala mendekoena da; "Jainkoa" ideia bizitzaren kontra dago eta mundu honen mesprezua da. Bekatuaren ideia senak nahasteko sortu zen. Kristautasunari egindako eraso hau, azken batean, mendebaldeko metafisikaren aurkako kritika da, lurrari egin zaion tradiziorik kaltegarriena delako.