Askatasuna: Ekintzak, Mota, Arazoak eta Filosofia

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,74 KB

Gizakiaren ekintzak bi motatakoak izan daitezke: automatikoak eta gogozkoak. Automatikoak dira, adibidez, arnasketa eta begi-kliska. Gogozkoak dira, adibidez, ura edatea, kotxea gidatzea, eta abar.

Ekintza automatikoen eta gogozkoen arteko ezberdintasuna askatasunean datza. Gogozko ekintzak askeagoak dira automatikoak baino.

Askatasun Mota

Askatasun motak daude: kanpokoa eta barnekoa. Kanpokoa, egiteko askatasuna da. Eta barnekoa beste bi motatakoa izan daiteke: bideei buruzkoa edo helburuei buruzkoa izan daiteke.

Kanpoko Askatasuna

Kanpoko askatasunari egiteko askatasuna esaten zaio. Egin nahi duguna egiteko traba ezan datza. Hau da, egin nahi duguna egiteko posibilitatea da. Adibidez, egiteko askatasuna dago manifestazioak egin daitezkeenean. Kanpoko askatasunaren gaiak garrantzia du politikan.

Barne Askatasuna

Barne askatasuna nahi ezberdinen artean aukeratzeko eta aukeratutako nahia bera edukitzeko ahalmena da; ez da nahi den gauza edukitzeko ahalmena, baizik eta aukeratutako nahia bera edukitzeko ahalmena da. Barne askatasuna dago, nire gogamenak nahi izan duen horren ordez beste zerbait nahi izateko ahalmena duenean; baina ez dago barne askatasunik, nire omenezko aukera nire gogamenaren kanpoko zerbaitek zehaztua izan baldin bada. Geure aukerak helburu bat lortzeko bideei buruzkoak edo helburu bera onartzeari buruzkoak izan daitezke.

Horregatik, barne askatasuna ere, bideei buruzkoa edo helburu buruzkoa.

Barne Askatasun Mota

Bideei buruzko barne askatasuna, zehaztutako helburu bat lortzeko, zein bidetatik ekin nahi dugun aukeratzeko ahalmena da. Adibidez, Bilbora joateko autopistaz ala kostaldeko bide zaharrez joan gaitezke. Askatasunaren ideia, bideak aukeratzeko askatasun gisa ulertu dute ondorengo filosofia eskolek: aristotelismoak eta utilitarismoak. Ekonomian, sarrerak maximizatzen eta kostuak minimizatzen direnean, emandako helburua lortzeko bide egokiena zein den kalkulatzen da.

Helburuei buruzko barne askatasuna bizitzaren helburuak aukeratzeko ahalmena da. Adibidez, aukeratu beharko bagenu, zer nahiago genuke jakintsuak izatea ala ederrak izatea? Askatasunaren ideia helburuak aukeratzeko askatasun gisa ulertu duten filosofia eskola batzuk kristautasuna eta existentzialismoa dira. Jean-Paul Sartre (1905-1980) existentzialistak zioenez, askeak gara, baita sexuaren helburu bezala mutilak, neskak ala ezer ez aukeratzeko ere.

Barne Askatasunaren Arazoak

Askatasunaren arazo filosofikoa askeak ba ote garen argitzean datza. Kanpoko askatasunak arazo politikoak eduki ditzake, eta Filosofiak ere badu horretan zer esanik. Baina askatasunaren lehenengo arazo filosofikoa barne askatasunari dagokio. Badugu barne askatasunik? Bideei buruzkoa zein helburuei buruzkoa ere? Arazo horri erantzuteko bi jarrera nagusi daude Filosofian: alde batetik determinismoa eta bestalde indeterminismo boluntarista.

Determinismoak dioenez, geure helburuak gogoaren aldez aurretik determinatuta edo zehaztuta daude. Beraz, ez daukagu barne askatasunik. Geure helburu gorenenak zein diren ez dugu geuk erabaki; baizik eta genetikak edo gizarteak edo halako beste batzuek erabaki dute.

Indeterminismo boluntaristak bi osagarri ditu, bere izenak adierazten duen bezala: indeterminismoa eta boluntarismoa. Indeterminismoak dioenez, geure helburuak indeterminaturik daude, hau da, zehaztu gabe. Boluntarismoak zera eransten dio horri: helburuak aukeratzen dituena geure gogamena da. Beraz, badaukagu barne askatasunik; hau da, askeak gara geure goreneko helburuak erabakitzeko.