Kanten Filosofia: Arrazionalismotik Ilustrazioraino Gida
Enviado por ander11rso y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 14,23 KB
Arrazionalismoaren Ezaugarri Orokorrak
Arrazionalismoa XVII-XVIII. mendeetan Europan sortutako korronte filosofikoa da. Descartes da arrazionalismoaren aitzindaria. Hauek dira arrazionalismoaren ezaugarriak:
- Konfiantza arrazoian: Ezagutza-iturri garrantzitsuena arrazoia da, baliozko ezagutzak sor ditzakeen bakarra. Arrazoian, esperientziatik sortu ez diren jatorrizko ideiak daude. Ez du bere gainetik beste irizpiderik onartzen: ez federik, ez tradiziorik.
- Ezagutza sentikorraren gutxiespena: Askotan, zentzumenek huts egitera bultzatzen dute gizakia, eta ezagutza sentikorra ezin daiteke unibertsala izan, ezinezkoa delako multzo bereko kasu guztiak esperimentatzea (indukzio osoa).
- Zientzia unibertsal eta beharrezkoaren nahia: Zientziaren judizioek kasu guztietan baliagarriak izan behar dute (unibertsala), eta hori nahitaezkoa da (beharrezkoa). Matematika, a priori eratuta dagoenez, ezaugarri hauek dituzten judizioek osatzen dute. Horrelako ezaugarririk ez duen zientzia ezin daiteke baliozkoa izan.
- Munduaren arrazionaltasuna: Unibertsoko gertaera guztiek dute justifikazio bat, kausa bat, ezer ez baita kasualitatez gertatzen. Kausa hori arrazoiarentzat ezagugarria da, eta hori da, hain zuzen ere, arrazionalismoaren ekarpena.
Enpirismoaren Ezaugarri Nagusiak
Enpirismoa XVII-XVIII. mendeetan Britainia Handian garatu zen filosofia-korrontea izan zen. Enpirismoaren aitzindari aipagarrienak XIII. mendean Oxforden aritu ziren Locke, Berkeley eta Hume dira. Hauek dira enpirismoaren ezaugarriak:
- Ezagutzaren jatorria esperientzia da: Adimenean ez dago esperientziatik ez datorren ezagutzarik, eta ezagutza hori barnekoa nahiz kanpokoa izan daiteke. Horregatik ukatzen ditu enpirismoak arrazionalismoak onartzen dituen jatorrizko ideiak.
- Giza ezagutza mugatua da: Esperientzia da muga, ezin baikara gure esperientziatik haratago joan. Gainera, ez dago guztiari buruzko ezagutzarik, ezta ezagutzari buruzko ziurtasun osorik ere.
- Ezagutza oro ideien ezagutza da: Ideia horiek gure adimenean gertatzen diren errealitatearen irudikapenak dira. Adimenak ideiak ezagutzen ditu, ez gauzak.
- Gauzak hautematen ditugun moduan ezagutzen ditugu: Ezin dugu jakin gauzak beren baitan nolakoak diren. Ezagutu dezakegun bakarra gure zentzumenek erakusten digutena da.
- Ezagutza oro objektu konkretu eta singularrei buruzkoa da: Gauza bat badela egiaztatzeko, esperientziak eraman behar gaitu horretara. Gure esperientziak ezin ditu ideia orokorrak bilatu. Singularra baino ezin dugu hauteman, ezin dugu baieztatu orokorrik badenik.
- Balio-judizioak esperientziatik kanpo daude: Nolakotasun fisikoak ezagutzen ditugu, baina nolakotasun moralak eta estetikoak ezin dira hauteman. Prestu, doilor, txar eta gainerako predikatuak ez daude esperientzian. Judizio moralek eta estetikoek ez dute ezagutzeko baliorik.
Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Sapere aude latindar esamoldea da eta “Ausart zaitez pentsatzera” esan nahi du. Horrekin, gure kabuz pentsatzera ausartzeko esan nahi du Kantek. Izan ere, gizakiak autonomiak (erabaki pertsonalak hartzeko gaitasunak) bereizten dituela beste izakietatik dio. Era autonomoan jarduteak, adingabetasuna atzean utziz, gizakia heldutasunera iritsi dela esan nahi du. Gizabanakoa bere kabuz pentsatzen ausartzen da, irizpide pertsonalak hartzen ditu eta bere buruaren jabe da. Horrela, heteronomia (norberaren nahimena kanpoko beste zerbaitek determinatzea) atzean uzten da, besteen iritziak kontuan hartuz baina norberak iritzi horiek barneratu gabe. Kanten ustez, Ilustrazio-garaia gizadiaren adingabetasuna atzean uzteko garaia da. Izan ere, adingabetasuna (besteren gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna) gizakiaren beraren errua da. Eta hori ez da adimenik ez duelako gertatzen, bere kabuz pentsatzen ausartzen ez delako baizik. Alferkeria eta koldarkeria direla medio, gizakia adingabe izaten da bizitza osoan, eta horiengatik oso erraza egiten zaie beste batzuei beren tutore bilakatzea. Adingabe horien tutoreek uste dute, gainera, adin nagusitasunerako urratsa oso arriskutsua eta neketsua dela. Horrela, gizabanakoa adingabetasun hori maitatzera heltzen da, eta ez da gai bere adimenaz baliatzeko.
Ilustrazioaren Ezaugarri Nagusiak
XVIII. mendeko Ilustrazio garaian aldaketa ezberdinak egon ziren, eta horietako bat arrazoiaren eredu berria izan zen. Arrazoia enpirikoa eta analitikoa (ezagutza esperientziatik abiatzen da), kritikoa (kanpoko aginpideen aurka eta autokritika egiten baitu) eta autonomoa (gizakiaren gidari bakarra) zen. Bestalde, aurrerapen zientifiko-teknikoek ikuskera baikorra ematen zioten gizarteari, eta arrazoiaren bidez natura menderatu eta gizakiaren ongizate materiala eta zoriontasuna lor zitezkeela uste zuten. Gainera, Ilustrazioak gizarte-erreformaren eta tolerantziaren alde egiten bazuen ere, politikoki kontserbadorea dela esan daiteke. Burgesiak askatasuna ematen du erlijio-kontuetan, baina ez politikagintzan. Teoria kontraktualistak hedatu arren, gutxik aldezten dituzte ideia demokratiko berdinzaleak. Ilustratuek erlijioaren interpretazio arrazionala egiten dute, eta hobekuntza zientifikoek agerian uzten dute erlijiozko azalpenen oinarri eza. Gizartea sekularizazio-prozesu batean murgiltzen da eta deismoak (erlijio arrazionalak) indarra hartzen du; ez dute jainko pertsonalik onartzen, erlijio guztietan antzeman daitekeen printzipio arrazionala baizik. Errebelazioa eta mirariak alferrikakoak eta zentzugabekoak dira, antinaturalak eta irrazionalak baitira. Askatasunaren inguruan, pentsamendu askea eta adierazpen-askatasuna ezinbestekoak dira arrazoimenaren erabilera publikoa (erreformen proposamen arrazoitua egiteko askatasuna) ahalbidetzeko. Askatasunaren bidez lortzen du gizakiak adin-nagusitasuna eta burujabetasuna. Kantek erlijio-inposizioari onartezina deritzo. Ilustratuek beren filosofian naturala bilatzen dute, hori baita ona. Mundu fisikoan, lege naturalek zuzentzen dituzte fenomeno guztiak, determinismo zorrotzean. Mundu gizatiarrean, aldiz, askatasunez jokatzea da naturala. Naturak badu asmo ezkutu bat gizakien ekintza libre guztiak ordenatzeko. Gizakiaren natura gizartekoitasun trataezina da, taldea behar baitu. Kidetasuna azaltzen du, baina baita berekoikeria eta jabetza-grina aseezina ere. Berezitasun paradoxiko horrek bultzatzen du giza ahalmenak (kultura, artea, zientzia, etab.) garatzera. Giza naturak natura transzenditzera bultzatzen du.
Kanten Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua
Kant arrazoimenaren erabilera publikoaz eta pribatuaz mintzo da bere idazlan batzuetan. Filosofia kantiarraren arabera, arrazoiaren erabilera publikoak askea izan behar du beti; erabilera pribatua, ordea, mugatu egin behar da sarritan. Arrazoimenaren erabilera publikoa, Kanten iritziz, aditu den norbaitek irakurleriaren publikoaren aurrean egiten duena da; erabilera pribatua, aldiz, norberari dagokion funtzionario-postu edo kargu jakin batean zilegi zaiona. Hori azaltzeko, hiru adibide aipatzen ditu:
- Armadako ofizialak bete egin behar du beti gainetik datorkion agindua (erabilera pribatua). Hala ere, aditu den aldetik, ozen argudia dezake agindu horren helburu edo onuraz, eta iruzkinak egin ditzake soldadutzaren akatsei buruz, bere publikoaren aurrean, azken horrek epai dezan (arrazoimenaren erabilera publikoa).
- Herrikideak ezin dio uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua). Hala ere, ez dio bere betebeharrari huts egingo, aditu bezala, zerga horien bidegabekeria edo desegokitasunari buruzko bere gogoetak argitaratzen baditu (erabilera publikoa).
- Apaizak bete egin behar du zerbitzatzen duen elizak agindutakoa eta sinesbidearen arabera irakasteari ekin behar dio. Era berean, aditu gisa, proposamenak aurkezteko eta sinesbideari buruzko bere ideiak azaltzeko askatasun osoa du.
Arrazoiaren erabilera pribatuan ez dago askatasunik, baina horrek ez du Ilustrazioa galarazten, informazioa emateko, pentsatzeko eta publikoaren aurrean ideiak adierazteko askatasuna baldin badago betiere. Arrazoiaren erabileraren bereizketa honek kritika asko izan ditu.
Kanten Autonomia Morala eta Inperatibo Kategorikoa
Kantentzat, arrazoia ezagumen teorikoak eta praktikoak osatzen dute. Teorikoaren bidez izana (errealitatea) ezagutzen dugu eta lege naturalak a priori eraikitzen ditugu. Arrazoimen praktikoaren bidez, izan behar duena (morala) ezagutzen dugu. Aurretik ezagututako lege moralen eraginpean jokatzen dugu. Gizakiak eredu ideal batzuen arabera bideratzen ditu ekintzak (onak eta txarrak bereiziz), eta horiek esperientziaren gidariak, jokabidearen printzipioak eta nahimenaren determinanteak dira. Kontzientzia moralaren ardatza eginbeharra da. Arrazoi hutsaren (teorikoaren) legeak deskribatzaileak dira, baina praktikoarenak exijentzia bat ezartzen dute, nahiz eta ez obeditzeko aukera dugun. Eginbeharra adierazten dute, eta horregatik Kantek inperatibo deritze. Eginbehar unibertsala adierazteko, inperatiboek hiru ezaugarri bete behar dituzte:
- A priorizkoa: Ez da enpirikoa izan behar.
- Kategorikoa: Ez da hipotetikoa izan behar. Hipotetikoek helburu bat adierazten baitute eta ez baitute balio unibertsalik.
- Autonomoa: Subjektuak ezartzen dio agindua bere buruari. Subjektuak bere arrazoia bideratu behar du, ezin zaio kanpotik aginpide moralik inposatu (horrela ez bailitzateke agindu morala izango). Erregeak ere ez du eskubiderik aginpide moral edo erlijiosorik ezartzeko (Caesar non est supra grammaticos).
Kantek moraltasuna eta legezkotasuna bereizten ditu, lege juridikoak betetzean nahimenaren aginduei jarraitzen ez diegulako, kanpotik ezartzen zaizkigulako baizik. Inperatibo kategorikoek jarrera jakin bat agintzen duten lege praktikoak dira; onak direlakoan agintzen dituzte ekintzak, eta unibertsaltasuna da beren bereizgarria. Kantek inperatiboen postulatuak (desirak) proposatzen ditu: askatasuna (lege moralaren oinarria) eta arima zein Jainkoa (bertuteen ordez zoriontasuna emango digutenak).
Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kanten Filosofian
Kanten aurretik, bi taldetan banatzen dira filosofoak: enpiristak eta arrazionalistak, eta epistemologiak bereizten ditu. Arrazionalismoarentzat, ezagutza guztiak adimenetik eratortzen dira, jatorrizkoak dira eta ez dira esperientziatik sortzen. Enpirismoarentzat, ezagutza oro esperientziatik eratortzen da, datu sentigarriei esker eskuratzen da, eta horiek baino lehen adimena tabula rasa modukoa da. Pentsamolde kantiarrak arrazionalismoa eta enpirismoa gainditzen ditu: ezagutza guztiek esperientzian dute abiapuntua. Hala ere, enpiristen jarrera kritikatuz, denak ez direla esperientziatik eratortzen dio Kantek. Kritizismoaren bidez, jarrera arrazionalistaren eta enpiristaren arteko antagonismoa gainditzen du. Kanten garaian Metafisika gainbeheran dago, zientzien garapenagatik. Kantek zientzia horien garapena aztertzen du, metafisikan aplika daitekeen ikusteko. Zientziak ezagutza unibertsala eta beharrezkoa ematen duela dio, eta ondorio honetara iristen da: tradizio arrazionalistak eta enpiristak ez dute metafisika zientziatzat hartzea ahalbidetzen. Arrazionalismoari arrazoi emanez, adimenean izaera unibertsala duten zenbait eduki daudela dio Kantek, eta eduki horiek esperientziaren aurrekoak direla. Aldiz, enpirismoaren alde, a priorizko eduki horiek zientzian aplikatu behar direla baieztatzen du. Bi aro bereiz daitezke Kanten pentsamenduan: aro prekritikoa, Newtonen fisikaren mende dagoena, enpirismoaren eta arrazionalismoaren artean zalantzan, eta aro kritikoa, idealismo transzendentalari buruzko bere teoria eratzen duena.
Kanten Kritizismoa: Planteamendu Orokorra
Kanten filosofia hiru galdera nagusiren inguruan ardazten da:
Zer ezagut dezaket?
Galdera honetan, giza ezagutzaren naturaz ari da. Arrazoiaren inguruko hiru interpretazio bateraezin egonda (dogmatismo arrazionalista, positibismoa eta irrazionalismoa), Kantentzat ezinbestekoa da arrazoia aztertzea. Horrela, hiru ezagutza-ahalmen bereizten ditu: Sentsibilitatea, Adimena eta Arrazoia. Sentsibilitatea pasiboa da, eta inpresioak jaso besterik ez du egiten. Adimena aktiboa da eta esperientziatik ez datozen kontzeptuak sortzen ditu espontaneoki (kausa, beharrezkotasuna…). Horiek esperientzia-objektuak antolatzeko erabiltzen dira. Adimenak sortzen dituen kontzeptuak ezin dira metafisikan aplikatu, hari buruzko datu sentigarriak falta zaizkigulako, eta horregatik ezin daiteke metafisika zientzia izan. Arrazoia hiru ideiek erregulatzen dute: Arima, Mundua eta Jainkoa. Arrazoiak barne-bizipenak, kanpoko edukiak eta biak batera, hurrenez hurren, ezagutzea posible duela sinetsarazten digu, nahiz eta eduki guztiak ezagutu ezin dituen. Kant arrazoia eta esperientzia elkarri lotuz, dogmatismoa zein eszeptizismoa gainditzen saiatzen da.
Zer egin behar dut?
Galdera honekin arazo etikoa planteatzen du Kantek. Bere ustez, arau moral orok agindu-forma du, eta bi mota bereizten ditu: agindu hipotetikoak (helburu bat lortzeko ekintza bat egitera behartzen dutenak, ez dira moralak) eta agindu kategorikoak (“joka ezazu zure jokabidea eredu unibertsaltzat hartuko balitz bezala”).
Zer itxaron dezaket?
Galdera honi erlijioaren bidez erantzuten dio, Deismoa interpretatuz. Egin beharrekoa eginez gero, gizakiak Jainkoak bertute horien truke zoriontasuna emateko eskubidea izango du. Erlijio naturala (ez errebelatua) eta arrazionala onartzen du Kantek. Horrela, kristautasunaren interpretazio arrazionalista egiten du: gizakiak ongia eta gaizkia egiten ditu, eta kristautasunaren zeregina da bere burua maitatzetik lege morala betetzera igarotzea. Bestalde, Kristorengan fedea izateak lege morala betetzera bultzatzen du gizakia. Erlijioa arrazoimenaren erabilera praktikoari esker sortzen da: Jainkoaren aginduak betez zoriontasuna lortzea.