Susmoaren Filosofoak: Marx, Nietzsche, Freud

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,57 KB

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, filosofiaren historian eragin handia izan zuten hiru pentsalari nabarmendu ziren: Karl Marx, Friedrich Nietzsche eta Sigmund Freud. Sarritan "susmoaren filosofoak" deituak, kontzientziaren eta balio tradizionalen kritika sakona egin zuten, gizakiaren eta gizartearen ulermena irauli zuten ikuspegi berriak proposatuz.

Karl Marx (1818-1883)

Marxen kasuan, historia ez zela ideien historia baizik eta indar ekonomikoen historia (indar eta produkzio harremanen arteko loturan oinarritua) zioen. Gizakiaren errealizazioa, historiaren zehar, gizakiek berek egingo dute materialismo historikoaren prozesu honetan.

Friedrich Nietzsche (1844-1900)

Nietzschen kasuan, balio tradizionalei kritika egin zien. Bizitza ezin da ezagutu bakarrik kategoria arrazionalaren bitartez; sena, grina, afektua, intuizioa eta irudimena ere beharrezkoak dira. Jainkoaren ideia bizitza eta gizakiaren kontrako ideia da (bizitza heriotzan eta beste mundu batean kokatzen du, eta kontsolamenduzko hilezkortasun ideala proposatzen du); beraz, Jainkoaren heriotza beharrezkoa da.

Erlijioak balio dekadenteak proposatzen ditu: artalde eta esklaboen balioak (umiltasuna, mendekotasuna, obedientzia, sakrifizioa, etab.), guztiak bizitzaren kontrakoak (bekatua, errua, damutasuna eta penitentzia). Jainkoaren heriotzak gizakiaren erabateko garapenaren ateak zabaltzen ditu, bere indar sortzaileak hedatzeko aukera emanez. Gizakia mundu honetan biziko da eta Jainkoaren lekua hartuko du. Mundu hau, bizitza hau, balio faltsuetatik askatu behar da, bitalismo jarrera erakutsiz; eta horretarako, kultura mundu honetatik eta bizitza honetatik, Jainkorik gabe eraiki behar da. Horren eraikitzailea supergizaki bat izango da, hau da, Jainkorik gabe bizitzeko gai dena.

Sigmund Freud (1856-1939)

Freuden kasuan, eta teoria psikoanalitikoaren arabera, kontzientea gure esperientzia psikologikoaren zati txiki bat baino ez da. Gure jokabidearen parte handi bat, aldiz, inkontzienteak bultzatzen du. Inkontzientea jabetzen ez garen oroimenek, ezagutzak, usteak, sentimenduak, bulkadak, instintuak eta abarrek osatzen dute, gure nortasunaren parte direnak. Guzti hauek inkontzientean ezkutatzen ditugu, hainbatetan kaltegarriak zaizkigulako. Horrela izango ez balitz, pairamena eta gatazkak sortuko lituzkete.

Egoera berezi batzuetan inkontzientearen "distirak" ditugu, esperientzia berezi batzuetan batez ere:

  • Ametsetan
  • Fantasietan
  • Lapsusetan

Baina kasu berezi horietan, inkontzientea ez da azaleratzen den moduan, baizik eta interpretatu beharreko sinboloen bitartez. Eraikuntza psikikoan agertzen diren osagaiak hauek dira:

  • Zera (alde biologikoa eta instintiboa)
  • Nia (Zerak dituen bulkadak asetzeko errealitatea)
  • Supernia (moralitatearen eta murrizketaren aldekoa)

Baikortasun arrazionalistak, susmoaren filosofoak heldu arte, gizaki librearen ontasunei laudorioak egiten zizkien. Freudek, ordea, Niak baldintzatzen duten egiturak kontrajartzen ditu: libidoa (Zeraren indarra) eta Supernia (lege sozial edo aitaren legearen ordezkaria). Freudek kontzientziaren ahuldadeak, konplexuek eta minek mugatutako humanismoaren ideia plazaratzen du. Agerian uzten ditu arrazoiak erabakitzeko orduan topatzen dituen kondizionamenduak eta zalantzan jartzen ditu giza osotasunaren ideal handiak.

Susmoaren Filosofoak

Susmoaren filosofoek kontzientziaren kritika egiten dute. Gizakiaren kontzientzia faltsua eta estalia dela diote:

  • interes ekonomikoengatik (Marx)
  • inkontzientearen errepresioagatik (Freud)
  • ahulen erresuminagatik (Nietzsche)

Susmoaren jarrera heldu arte, filosofoek filosofiaren eta historiaren arazoak konpondu ahal zirela sinesten zuten. Horrela, Platonen kasuan gorputza zen oztopoa; Agustinen kasuan, Jainkoaren eza; eta Descartesen kasuan, metodoa eta zalantza. Baina jarrera susmagarriarekin, arrazoiarenganako konfiantza absolutua desagertzen da. Derrigorrezko irizpiderik ez badago, zer egin? Agertzen da askatasunaren arazoa. Zein da nire ardura? Erantzulea naiz? Nola antolatu elkarbizitza? Horrela ulertzen dira XX. mendeko korronte filosofikoak.

Filosofo hauen kritikak kontzientziaren pertzepzioak, edo lilura etiko edo politikoak suntsitu egiten dituzte, baina, bide batez, hobekuntza eta zentzu berri bat bilatzen dute:

  • gizarte komunista (Marx)
  • gizakien sendaketa psikoanalisian (Freud)
  • gizakiaren bizitzeko indarra berriztatzea eta supergizakia (Nietzsche)