David Humeren Etika: Emotibismo Morala

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 6,23 KB

Hume: Etika eta Emotibismo Morala

Etika eta Filosofia Praktikoa

Etikaren eta Politikaren azterketari filosofia praktikoa deritzogu, eta honek ematen digu jokatu behar dugun modua, pribatuki (Etika) edo gizarte batean (Politika). Filosofia teorikotik praktikora pasatzean, lengoaia deskribatzailetik baloratzailera pasatzen da eta, esparru moralean, ongia eta gaitza aurkitzen ditugu.

Humeren Etikaren Oinarriak

Humeren etikaren abiapuntua "gure bereizketa moralaren jatorria" aurkitzea da, hau da, gure ideia moralen jatorria: zer den ongi morala eta zer den gaitza. Humeren etika koherentea da bere epistemologiarekin. Izan ere, jada badakigu filosofia modernoan bi eskola eratu zirela, enpirista eta arrazionalista, eta Hume enpirista oso koherentea da, baita bere filosofia praktikoan ere. Bere epistemologian, gure filosofoak substantziari eta kausalitateari izaera ontologikoa ukatzen die; etikan, beraz, ongiari ere izaera ontologikoa ukatuko dio, datozen lerroetan ikusiko dugun bezala.

Arrazionalismo Etikoaren Ukapena

Humek guztiz berria den zerbait egiten du bere etikan: arrazionalismo etikoa ukatzen du (eta, era berean, arrazionalismo teologikoa ere, Aquinoko Tomasena, adibidez). Bere aurreko etikek, era ezberdinetan bazen ere, arrazoia zuten oinarri (Platonen intelektualismo morala edo Aristotelesen zuhurtasuna eta jarduera teorikoa). Etika horien guztien funtsa zera da: Ongi morala errealitate objektiboa da eta bere baitako errealitatea da, subjektutik independentea. Hori da, hain zuzen ere, Humek kritikatzen duena.

Ezagutza Morala eta Sentimenduak

Humeren epistemologian, bi ezagutza modu onartzen ditu: Relation of ideas eta Matters of fact. Gure proposamen moralak ezin dira, inolaz ere, ez bata ez beste modu horietan ezagutu, gertakariak ez direlako, eta ezin ditugulako logikoki deduzitu ere.

Humeren etikan, epistemologian bezala, ezagutzaren objektu morala gugan dago, gogoan, eta ez da arrazionala, ez da 'hor kanpoan' dagoen zerbait, baizik eta guk hautematen dugun inpresio bat, soilik gure adimenean dagoena.

Arrazoiaren eta Sentimenduen Rola

Humeren ustez, ezagutzak ez gaitu benetan mugiarazten, arrazionalismo etikoak esango lukeen bezala. Arrazoia elementu laguntzaile bat da, baina ez ditu gure ekintzak determinatzen. Zerbait nahi badugu ez da arrazoia dugulako, baina arrazoiak nahi dugun hori lortzen lagunduko digu.

Naturalismo Etikoa eta Falazia Naturalista

Humek dio ongi objektiboa defendatzen duten etika guztiek naturalismo etikoak direla: horiek ongia objektu bat bezala ikusten dute, bere baitako gauza bat bezala, eta Humek ez du hori onartzen. Aquinoko Tomasek 'Lege Naturala' sostengatzen zuen bezala, naturalistek ere ongiaren naturaltasuna defendatzen dute (Aro Modernoko iusnaturalismoa). Humek ez ditu naturalismo etikoak onartzen 'falazia naturalistetan' erortzen direlako. 'Falazia naturalista' bat 'dena'-tik 'izan behar dena'-ra pasatzea da, lengoaia deskribatzailetik lengoaia arautzaile batera (Falazia naturalistaren terminoa XX. mendeko Moore filosofoak definitu zuen).

Subjektibismoaren Arazoa eta Humeren Erantzuna

Humeren etika, beraz, bakoitzaren sentimenduetan oinarritutako etika bat da. Hortaz, argi dago zein den etika honi egindako kritika: bakoitzaren sentimenduetan oinarritzen bada, nola sortu etika unibertsal bat subjektibismo batetik? Erlatibismo moralean eroriko gara?

Sinpatia eta Sentimendu Komunak

Humeren erantzuna kritika horren kontra honakoa da: **sinpatia** ('sympathy'), hots, besteekiko emozioak partekatzeko joera naturala, eta gizatasun sentimendua (onginahia). Humeren ustez, sentimendu moralak komunak dira, eta emozioak partekatzeko joera honek sentitzeko era komunak sortzen ditu, nolabaiteko adostasuna ahalbidetuz. Gure sentimenduak gizakiaren zoriontasunaren aldekoak dira, eta, beraz, etika hori ez da kaos bat izango, ez da erlatibismoan eroriko, guztiok antzeko gauzak sentitzen ditugulako eta sentitzen dugun horrek giza zoriona bermatzen duelako.

Garaiko Testuingurua eta Eraginak

Ezin dugu Humeren etika ulertu horretan eragina izan zuten garaiko teoriak kontuan hartu gabe. Bere garaian, subiranotasun jatorri jainkotiarra kolokan jartzen duten lehen filosofoak ditugu, 'itun sozialaren' defendatzaileak (Hobbes, Locke, etab.). Gainera, 'itun sozialari' lotuta, gizakiaren norberekeria aztertzen duten teorilariak ditugu, Justizia egoismoak sortutako akordioa den ala ez aztertzen dutenak.

Itun Soziala eta Giza Izaera

Hobbesek, filosofo ezkorrak, baietz uste du, Mandevillek bezala, norberak bere interes berekoiak bilatzen dituela uste duenak ('Bizio pribatuak' eta 'Bertute publikoak'). Giza egoismo horretan oinarrituta, utilitarismo etikoa dugu; utilitaristentzat ongia izango da zorionik gorena gehiengoarentzat, eta justizia negoziotzat ulertzen dute.

Utilitarismoa eta Sentimentalismoa

Aldiz, Hutcheson, Shaftesbury eta beste batzuek **sentimendu morala** defendatzen dute, eta 'itun soziala' enpatiaren ondoriotzat ikusten dute.

Bertuteak: Naturalak eta Artifizialak

Goian esan dugunez, Humeren ustez, enpatia giza izaeran dago eta sentimendu hori unibertsala da. Sentimendu unibertsal horretan oinarrituta, Humek **bertute naturalak** definitzen ditu; horietan, beste gizakiekiko onginahia da garrantzitsuena. Hala ere, joera altruista horrek bere mugak ditu, gizakiak ere berekoiak garelako. Hori dela eta, **bertute artifizialak** beharrezkoak dira.

Justiziaren Papera

Bertute naturalak 'Sentimendu Moralaren' eskolarekin lotzen ditugu; aldiz, bertute artifizialak konbentzionalak dira, eta horietan garrantzitsuena **justizia** da. Justizia hori ez da inongo ideal transzendente, erlijioso edo arrazionala izango, baizik eta gizakien arteko akordioa. Justizia ez da gizarte ideal bat izango, gizartea existitzeko ezinbesteko baldintza baizik. Justizia beharrezkoa da gizartean bizitzeko, baina justizia izateak ez du gizarte ideal bat eratzen. Hume, beraz, erdian gelditzen da: bere jarrera Hobbesen egoismo ezkorraren eta erabateko onginahiaren tartean dago.

Ondorioa

Humeren etika horrela laburbildu daiteke: gure bereizketa moralen jatorria gure sentimenduetan dago, eta arrazoia pasioen esklaboa da.