Justiziaren Etika: Kanten Formalismoa eta Inperatibo Kategorikoa
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,55 KB
Justiziaren etika
Teoria etiko askok uste izan dute beren lana zoriontasuna aurkitzea eta hura lortzen laguntzea dela. Beste batzuen ustez, berriz, zoriontasuna subjektiboa da, baina moralean badago subjektiboa ez den beste alderdi bat: arauen justiziaren esparrua. Kantek eman zion hasiera tradizio horri, eta deontologista deritzo, eginbeharraz arduratzen delako, hau da, arau moralei buruz.
Apel, Habermas, Rawls eta beste pentsalari batzuei prozedimentalista deritze, arau bat zuzena den ala ez erabakitzeko prozedura zein den argitu nahi dutelako.
Formalismo etikoa
Etika materialei eta heteronomoei egindako kritika
Kantek aurreko etikei bi izen eman zien: ontasunen etika materialak, onaren materia edo edukia zein den adierazten dutelako, eta etika heteronomoak, moralaren aldetik ontzat jotzen dutena naturak gizakioi emandako helburua delako. Kantek etika horiek kritikatzen ditu, zeren eta, arrazoia balute:
- Nahimena heteronomoa litzateke, eta ez autonomoa. Gizakiok ez ginateke gure buruari helburuak emateko gai izango.
- Jada ezarrita dagoen helburu bat lortzeko lagungarriak zaizkigun eginbeharrak baino ez genituzke hartuko eginbehar moraltzat.
Gizakiok, baina, hainbat eginbehar ezartzen dizkiogu geure buruari modu autonomoan, eta eginbehar horiek modu unibertsalean eta baldintzarik gabe agintzen dute. Horren jakitun izateari kontzientzia morala esaten diogu.
Kontzientzia morala: inperatibo kategorikoa
Inperatibo deritzegu modu batera edo bestera jokatzeko agintzen diguten aginduei. Bi inperatibo mota daude. Inperatibo hipotetikoek ezaugarri hauek dituzte:
- Helbururen bat lortu nahi duten pertsonak soilik behartzen dituzte.
- Aginduan adierazitako ekintza helburua lortzeko bidea da.
- Aginduak forma hau du: “X nahi baduzu, Y egin behar duzu”.
- Arrazoi kalkulatzaile edo zentzuzko batek emandako aholkuak dira, ez agindu moralak.
Eginbehar moralen forma
Zein dira eginbehar moralak? Arrazoiak sortutakoak eta ezaugarri formal jakin batzuk dituztenak:
- Unibertsala da.
- Berez helburu diren izakiei dagokie. Lege morala balio absolutua duten izakiak babesten dituen legea izango da: batzuk berez dira baliotsuak, berez dira helburu, eta horiek dute balio absolutua. Berez helburu diren izaki bakarrak gizakiak gara.
- Helburuen erresuman legeria unibertsalaren zati da. Eginbehar morala hauxe litzateke: izaki arrazoidun guztiak helburutzat eta ez bitarteko soiltzat elkar hartuko liratekeen erresuma batean indarrean legokeen legea.
Autonomiaren ondorioak
- Giza duintasuna: Trukean alda daitezkeen izakiek prezio bat dute. Baina izaki autonomoa bakarra da; ez du preziorik, duintasuna baizik. Giza eskubideen oinarria giza duintasuna da.
- Borondate ona: Moralaren aldetik ona izatea borondate ona izatea da. Ontasun morala ez datza ezaugarri erabilgarrietan, borondate ona izatean baizik. Eta nork du borondate ona? Lege moralari begirunea diolako eginbeharrak betetzen dituenak. Portaeraren zergatia gizatasunaren handitasunarekiko errespetua da.
- Ontasun gorena: Grekoen etikek zioten «bertutetsua zoriontsua da». Kanten arabera, borondate ona da ontasun morala; baina ontasun gorena ontasun moralaren eta zoriontasunaren bat-egitea da, eta Jainkoak ahalbidetzen du batasun hori.