Descartes: Zalantza Metodikoa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,97 KB

Zalantzak bi funtzio garrantzitsu ditu:

Zalantzaren Funtzioak

  • Garbiketa Gnoseologikoa

    Lehenengo funtzioa garbiketa gnoseologikoa da, pentsamendu zaharraren hondakinak kentzea. Bere gogamena aztertzerakoan, ziurtzat zituen egiez beteta aurkitu zuen Descartesek, eta, kritikoki aztertu artean, egia horiek guztiak baliogabetzat hartzea erabaki zuen. Hau da, Descartesek ezagun zuen guzti guztia zalantzan jartzea erabaki zuen, filosofia berria oinarri berri eta sendoen gainean eraiki nahi baitzuen.

  • Ziurtasun-Iturri Izatea

    Bigarren funtzioa ziurtasun-iturri izatea da. Horrek, zalantzarekin oso zorrotzak izatea eskatzen du; ezer ez da zalantzatik at geratu behar. Beraz, zalantza metodikoa ez da zalantza eszeptikoa; ziurtasunak lortzeko lanabesa da.

Zalantzaren bilakaeran hiru maila daude:

Zalantzaren Mailak

  • Zentzumenen Maila

    Lehen maila zentzumenena da. Zentzumenetatik jasotako datuak zalantzan jarri behar dira, zentzumenek sarri engainatzen gaituzte eta.

    Zalantzaren maila horrek arazo bat sortzen du: badira jatorria zentzumenetan izan arren, fidagarriak iruditzen zaizkigun ezagutzak. Descartesek esan zuen moduan, zentzumenen bitartez ezagutzen ditugun gauza asko daude eta gauza horiez zalantza izatea ez da arrazoizkoa: "ni hemen nagoela, sutondoan jarrita...". Objekzio horri zalantzaren beste maila batekin erantzun zion Descartesek.

  • Ametsen Maila

    Bigarren maila ametsena da. Amets egiten dugunean, errealtzat hartzen ditugu amestutako gauzak, eta ez dugu ametsetan ari garela jakiterik. Ametsak errealitatearekin nahasten ditugu, eta nahaste hori ekiditeko modurik ez dago; ez dago loa eta esna egotea bereizteko modurik. Ondorioz, errealitatetzat hartzen duguna zalantzan jarri behar da.

  • Jeinu Maltzurraren Maila

    Hirugarren maila Jainko edo jeinu maltzurrarena da. Esna egon zein lo egon, bi gehi bi lau dela edo triangeluak hiru alde dituela uste dugu. Horrelako egien aurrean, suposa daiteke badela jeinu bat, hain boteretsu eta maltzurra, gure ulermena nahasten duena, eta egiazko ez diren baieztapenak egiazkotzat hartzera behartzen gaituena. Hortaz, zentzumenen menpeko ez diren egia sinpleak ere ez dira ziurrak.

    Jeinu maltzurraren hipotesia aintzat hartuz gero (hipotesi hau ez da Metodoaren diskurtsoan ageri, baina bai Gogoeta metafisikoak liburuan), zalantza unibertsal egiten da, ez da zalantzazkoa ez den ezer geratzen, eta hori da, hain zuzen ere, Descartesen asmoa, arrazoimena egiez hustea, arrazoimena bera izan dadin giza ezagutzaren oinarri izango dena. Beraz, jeinu maltzurraren hipotesiak zalantza metodikoa muturreraino eramateko balio du. Hipotesi horren helburua absolutuki egiazkoa den baieztapenik ba ote den argitzea da. Hipotesi horren aurrean egiazkotzat har daitekeen egiarik baldin badago, ziur egon gaitezke egiazkoa dela.