Jakintza Mitikoa, Filosofikoa eta Zientifikoa: Ezaugarriak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 9,92 KB
Jakintza mitikoaren ezaugarriak
- Diskurtso irrazionala: Pentsamendu mitikoa fede, sinesmen, tradizio eta antzeko elementu irrazionaletan oinarritzen da.
- Pentsamendu akritikoa: Pentsamendu mitikoak ez du bere burua aztertzen (mitoen iturriak zuzenak diren ala ez); hau da, ez da pentsamendu arrazoitua.
- Diskurtso dogmatikoa: Jakintza mitikoak dogmak erabiltzen ditu (inork zalantzan jarri ezin dituen egiak).
- Pentsamendu normatiboa (arauemailea): Komunitatearen bizitza bideratzen duten arau eta balioen multzoa ezartzen dute mitoek.
- Eredu animista eta antropomorfikoa: Alde batetik, mitoen munduko indar naturalek (haizeak, mendiek, ibaiek…) bizia edo arima dute (animismoa). Bestetik, mitoen munduko protagonistak diren jainko-jainkosak gizakiak bezalakoak dira; hau da, gizakion ezaugarri asko dituzte (pasioak, nahiak, etab.).
- Pentsamendu ahistorikoa: Mitoak ez dira garai historiko erreal batean gertatzen.
- Pentsamendu anonimoa: Pentsamendu mitikoa anonimoa da; ez dugu mitoen sortzaileen berri.
- Pentsamendu indeterminista (misteriotsua): Mitoek deskribatutako mundu naturala ez dago lege naturalei lotuta; hau da, fenomeno naturalak jainko-jainkosen kapritxoei zor zaizkie. Itxuraz, ez dago ordenarik mundu naturalean.
- Eredu magikoa: Mitoek deskribatutako munduak izaera magikoa dauka eta misteriotsua da.
Jakintza filosofikoaren ezaugarriak
- Diskurtso arrazionala: Diskurtso filosofikoa arrazoizko argudioetan baino ez da oinarritzen. Jarduera filosofikoa jarduera garbiki logikoa da.
- Pentsamendu kritikoa: Pentsamendu filosofikoak bere burua aztertzen du; hau da, pentsamendu arrazoitua da.
- Pentsamendu irekia: Jakintza filosofikoa ez dago bukatuta. Filosofia jakintza irekia eta ez-konformista da, garai historiko jakin batean egiatzat hartutako edozein ideia birplanteatu daitekeelako eta etorkizuneko arrazoiak osagarriak izan daitezkeelako.
- Jakintza normatiboa (arauemailea): Komunitatearen bizitza bideratzen duten arau eta balioen multzoa ezartzen du filosofiak.
- Pentsamendu errealista: Teoria filosofikoek errealitatearekin bat egin behar dute beti; ez daude irudimen hutsean oinarrituta.
- Pentsamendu historikoa: Alde batetik, pentsamendu filosofikoak bere aro historikoaren pentsamendu kolektiboa islatzen du (bere aroaren ispilua da). Bestetik, jakintza filosofikoa historian zehar mamituz doan jakintza da.
- Pentsamendu indibiduala: Filosofia gizon-emakume jakin batzuek plazaratutako teoria eta interpretazio pertsonaletan oinarritzen da.
- Pentsamendu determinista: Filosofiarentzat errealitatea (mundu naturala zein errealitate soziala) zenbait printzipio eta legeren menpe dago. Errealitatea ulertu daiteke.
- Jakinduria errotikoa eta azkena: Filosofiak arazoen arrazoi sakonak bilatzen ditu (arazoen erro edo sustraietara jotzen du); hau da, filosofiak azken kausak aurkitu nahi ditu.
- Jakinduria unibertsala eta bateratzailea: Jakintza filosofikoak gauzen ikuspegi unibertsala bilatzen du beti. Bestalde, filosofia jakinduria bateratzailea dela esateak zientziek emandako informazio partikularra integratzen saiatzen dela esan nahi du, errealitateari buruzko azalpen bateratu bat lortzeko.
Jakintza zientifikoaren ezaugarriak
- Jakintza arrazionala: Teoria zientifikoak arrazoizko argudioetan oinarritzen dira; logikoak eta koerenteak dira.
- Jakintza akritikoa: Zientzialariak askotan ez du bere metodologia aztertzen, aplikatu baino ez du egiten.
- Jakintza irekia: Teoria filosofikoak bezala, teoria zientifikoak birplanteatu daitezke. Historikoki hainbat paradigma-aldaketa eman dira zientziaren alorrean.
- Jakintza anormatiboa: Zientziak ez du arau etiko edo baliorik ezartzen, balio etikoen mundua zientziaren alorretik kanpo baitago.
- Pentsamendu errealista: Teoria zientifikoek errealitatearekin bat egin behar dute beti.
- Jakintza historiko-progresiboa: Belaunaldiz belaunaldi, jakintzak gehituz eta metatuz egiten dute aurrera zientziek.
- Taldekako jakintza: Zientzialariek lantaldeetan lan egin ohi dute. Zientzialari guztiek osatzen duten elkarteari komunitate zientifikoa deitu ohi zaio.
- Pentsamendu determinista: Zientziarentzat errealitatea zenbait printzipio eta legeren menpe dago. Fenomeno naturalen jokabidean patroi erregularrak daude eta errealitatea ulertu daiteke.
- Jakintza partziala: Zientzialariak errealitatearen alderdi oso konkretu eta teknikoez arduratzen dira.
- Jakintza partikularra: Zientzia bakoitzak errealitatearen alderdi konkretu eta zehatzak lantzen ditu.
- Jakintza enpirikoa eta egiaztagarria: Baieztapen zientifikoak esperimentazioaren bitartez enpirikoki egiaztatu behar dira.
- Jakintza interesatua: Zientzialariaren helburu nagusia mundu naturalaren legeak ezagutzea da, hura mendean hartzeko eta etorkizuneko gertakariak iragarri ahal izateko.
Filosofiaren sorrera: Zergatik Grezian eta K.a. VI. mendean?
1. Faktore erlijiosoa
Grekoek ez zuten inolako liburu sakraturik, ez erakunde erlijioso sendorik, ez apaizgo boteretsurik izan; ondorioz, bere erlijioak ez zeukan dogmatika tinko eta aldaezin bat izaterik. Gainera, K.a. VI. mendeko Erlijio Olinpikoa krisian zegoen, eta bere jainko-jainkosek ez zeukaten sinesgarritasun handirik herriaren aurrean. Guzti horrek askatasunez pentsatzeko eta jarduteko giro egokia ahalbidetu zuen, sormen filosofikoari ateak zabalduz.
2. Faktore politikoa
Antolakuntza politikoari dagokionez, greziar hiri-estatu bakoitzak autonomia osoa zeukan. Hiri-estatu hauetan (Atenasen bereziki) demokrazia landu zen plazaren inguruan, eta hiritarrak biltzarretan biltzen hasi ziren. Esan gabe doa hitzak, diskurtsoak eta pentsamendu logiko zein arrazionalaren erabilpenak —logosak alegia— garrantzi handia zeukala gizarte honetan.
3. Faktore ekonomikoak
Nekazaritza eta abeltzaintza Greziako ekonomia-iturri nagusiak izan arren, VI. mendean, eta batez ere Jonian, merkataritzan oinarritutako polis indartsuak sortu ziren. Merkataritzarekin batera, beste herriekiko harremanak garatu ziren. Hartu-eman berri hauen ondorioz, joniarrak ohartu ziren hainbat herriren munduaren inguruko kontakizunak ez zetozela bat. Ikusmira zabalduz, lehen filosofo joniarrek beren herrialdeko mitoak eta ohitura zaharrak zalantzan jarri eta interpretazio berriak sortu zituzten.
4. Pentsamendu abstraktuaren garapena
Pentsamendu honen garapena ahalbidetu zuten faktoreak honako hauek izan ziren: idazkera alfabetikoa, astronomia eta matematikan egindako aurrerapenak eta greziar artikulu neutroaren erabilera, kontzeptu abstraktuak sortzen laguntzen zuena.
Mythos-etik Logos-era emandako urratsa
Filosofiaren jatorria mitotik logosera igaro izanean datza; hau da, pentsaera arrazionalak pentsaera mitikoa ordezkatu izanean. Orain dela 2.500 urte arte, gutxi gora-behera, gizakiek munduan orientatzeko irudimenean, fedean edota tradizioan jartzen zuten beren konfiantza osoa, eta horren emaitza errealitateari buruzko interpretazio magiko, erlijioso eta mitikoak izan ziren.
Mitoa narrazio bat da, alegiazko kontakizun bat. Batetik, mitoak gizakien galdera garrantzitsuei erantzuten saiatzen dira; bestetik, gizakien jokaerarako ereduak dira. Greziar mitoek, esaterako, munduaren, gizakiaren, gizartearen edo gaitzaren sorrera azaltzen dute. Kontakizun hauen protagonistak botere bereziak dituzten pertsonaiak dira, eta mitoan indar naturalak jainkotu egiten dira.
Filosofia sortu aurreko garaiko greziarrek errealitateaz zuten esperientzia gaur daukagunaren kontrakoa zen. Gaur egun natura menderatu egiten dugu; antzinako greziarrak, ordea, naturaren indarren mende bizi ziren. Greziar haiek nekazaritzatik bizi ziren gehienbat, eta ondorioz, bizitza aurrera eramateko naturaren mende zeuden nolabait. Natur indarrak jainko apetatsuen esku zeuden, eta gizakiak eskaintza, kultu eta erritoen bitartez lor zitzakeen soilik jainko horien mesedeak.
Interpretazio horiek ezin zirenez frogatu, K.a. VI. mendetik aurrera zenbait gizaki azalpen mitikoak zalantzan jartzen eta baztertzen hasi ziren. Hemendik aurrera, jakin-minak eta jarrera kritikoak bultzaturik, gizaki horiek euren konfiantza Logosean (hitza, arrazoia, diskurtso arrazionala) baino ez dute jarriko. Jainkoez hitz egin beharrean, kontzeptuak asmatzen hasi ziren. Adimenak arrazoiak eta gauzen oinarriak bilatzea eskatzen du: gauzak nolakoak diren, nola sortu diren eta zergatik. Mundu naturalaren ikuspegi arrazionala sortu zen.
Filosofia: Zertarako balio du?
Gaur egun, askok uste dute ezagutza zientifiko eta teknologikoarekin nahikoa dela eta filosofia ez dela praktikoa edo erabilgarria. Hala ere, gure bizitzan egiten ditugun zenbait gauza ez daude beste helburu baten menpe (adibidez, filosofatzea bera).
Egia da filosofiak ez daukala erabilgarritasunik zentzu teknikoan, baina bai zentzu existentzial, pertsonal edo espiritual batean. Filosofatzea deserosoa edo neketsua izan daiteke, baina gizatartasunez eta autentikotasunez bizi nahi duenak ezin du filosofatu gabe bizi. Filosofiak onura hauek dakarzkigu:
- Jarrera hausnarkor eta analitikoa sustatzea.
- Pentsamendu arrazional, logiko, zorrotz eta sistematikoa bultzatzea.
- Pentsamendu autonomoa eta kritikoa sustatzea.
- Argudiatzeko gaitasuna garatzea.
- Pentsakera unibertsala eta integratzailea bultzatzea.