Filosofiaren Oinarriak: Platon, Kant eta Descartes
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 9,67 KB
1. Jokoa 1 eta Jokoa 2: Egunerokotasuna eta Filosofia
Jokoa 1: Eguneroko Bizitza
Jokoa 1 gure eguneroko bizitzaren jokoa da. Gure eguneroko bizitzan gauzak definitzen ditugu etengabe, klasekoak ez diren adibideak erabiliz:
- Hitzekin: Esaten dugunean, adibidez, "gaur nire laguna Mikel etorri da etxera".
- Ekintzez: Adibidez, Mikeli gezurrik esaten ez diodanean eta, orokorrean, lagun bati dagokion moduan tratatzen dudanean.
Bi kasuetan Mikel nire laguna dela adierazten ari naiz eta suposatzen ari naiz badakidala zer den lagun bat. Hau da, suposatzen ari naiz laguntasunaren ideia ezagutzen dudala.
Jokoa 2: Filosofia
Jokoa 2 filosofian datza: eguneroko bizitzan suposatzen dugunari buruz galdetzen dugu. Adibidez: Zer da lagun bat? Zer da laguntasuna? Laguntasuna lagunaren forma edo lagunaren ideia dela ondorioztatzen dugu.
2. Haitzuloaren Alegoria
Haitzuloaren mitoaren bidez, munduaren ikuskera ezberdinak azaltzen dira:
- Itzalak: Zentzuen bidez hautematen ditugun gauza partikularrak dira. Adibidez: Mikel, mahai bat edo arkatz hau. Eguneroko bizitzan ikusten eta erabiltzen (tratatzen) ditugun gauzak dira.
- Kateak: Ohiturak esan nahi dituzte. Eguneroko bizitzan ohiturengatik kateatuta gaude, ez dugulako galdetzen itzalak ikusarazten dizkiguten ideiak zer diren. Ideia horien arabera ikusten dugu mundua, baina ohituren bidez jaso ditugun ideiak zeintzuk diren galdetzen ez badugu, ezin gara aske izan.
- Eguzkia: Zer da izan? Zer da izatea? Eguzkiak egiten du guk ikustea zer diren gauzak eta izatea bera ere bai.
- Egurrezko dordoka: Egurrezko irudiek ohituren bidez jaso ditugun ideiak errepresentatzen dituzte. Ideia horien arabera ikusiko ditugu gauza partikularrak. Adibidez, niri ohituretatik iritsi zaidan familiaren ideia baldin bada "gizon bat, emakume bat eta haurrak", ideia hori betetzen ez duen zerbait ikusten dudanean ez dut familia bat ikusiko, ez dut familia dela esango. Baina agian familia bat ikusi beharko nuke hor; hau da, agian ohituretatik iritsi zaidan familiaren ideia ez da benetakoa? Izan ere, familiaren ideia denborarekin aldatu egiten da. Beraz, ideiak errepresentatzen dituzten egurrezko irudiak egurrezkoak dira, ez dira benetako gauzekin errepresentatzen.
- Kateatuak: Gu gara. Egunerokotasunean kateatuta gaude ohituraz jaso ditugun ideiak planteatu gabe; adibidez, "zer da familia bat?" galdetu gabe.
Dialektika: Ateratzeko Prozesua eta Helburua
Prozesu honi dialektika deitzen zaio eta "Zer da X?" galderarekin abiatzen da. X-ek edozein ideia errepresentatzen du. Prozesua hasi aurretik, gauzak ikusteko erabiltzen ditugun ideiak badakizkigula suposatzen ari gara. Prozesu honekin suposizio hori, inplizitua dena, esplizitu egiten dugu. Horrela joango naiz dialektikarekin aurrera, ideia guztiak zer diren galdetu arte. Hori dudanean, haitzulotik kanpo egongo naiz.
3. Begirada eta Ideiak
Gauzak ikusteko aski da begiak irekitzearekin? Ez. Gauza horren ideiarik ez badut, ez dut ikusiko. Pagoaren ideiarik ez badut, basoan ez dut pagorik ikusiko, zuhaitzak soilik.
4. Kant-en Hiru Galdera Nagusiak
- Zer ezagutu dezaket? Denboran eta espazioan ematen den guztia ezagutu dezakegu. Denbora eta espazioa guk gauzei "jartzen" dizkiegun markoak bezala dira eta, zentzu horretan, mugak dira. Beraz, ez ditugu gauzak ezagutzen bere baitan diren bezala, baizik eta guri agertzen zaizkigun bezala.
- Zer egin behar dut? Ez da "zer egin behar dut X lortzeko?" (teknika), baizik eta "zer egin behar dut?" soilik (etika).
- Zer espero dezaket? Arrazionala da esperantza izatea:
- Arima ez dela hiltzen, pertsona onak sarituak (zoriontsu) izateko eta pertsona gaiztoak zigortuak (zorigaitzeko) izateko.
- Jainkoa existitzen dela, sariak edo zigorrak ematen dituena.
5. Esperientziaren Forma eta Arrazoimena
Esperientziaren formak esango digu gauza batek zein baldintza bete behar dituen esperientzia bat izateko. Baldintza hauetako batzuk dira:
- Logikoa izan behar da.
- Denboran eta espazioan eman behar da.
- Kausa bat eduki behar du.
Esperientzia posible batek baldintza hauek ez baditu betetzen, ez dugu esango esperientzia bat denik, haluzinazio bat edo mirari bat baizik.
Arrazionalistek esperientziaren forma badagoela esango dute, eta esperimentatzen ditugun gauzen aurretik dagoela (a priori). Beraz, gauzak galdetuz deduzitu daiteke; gurekin daramagu esperientzia. Esperientziak esaten dit gauza bat nolakoa den (adibidez, boligrafo hau gorria da), baina ez gauza bat nolakoa izan behar den. Gauza bat nolakoa izan behar den arrazoimenak esango dit (2 + 2 = 4 izan behar da).
Esperientziak ematen dizkidan gauzak horrelakoak dira, baina beste erabatekoak izan daitezke (boligrafoa berdea izan zitekeen). Horrelako gauzei kontingente deitzen zaie. Beharrezkoak diren gauzei arrazional deitzen zaie. Guzti hau kontuan izanik: esperientziaren formak gauza bat nolakoa izan behar den esaten dit; beraz, esperientziaren forma ezin da enpirikoa izan, arrazionala edo a priori baizik.
Esperientziaren forma betetzen ez duen gauza baten aurrean, enpiristak esango du gauza hori oso arraroa dela, ez zaiola inoiz horrelakorik gertatu. Arrazionalistak esango luke ez dela posible gauza bat kolpetik agertzea (kausarik gabe), eta beraz, hori ezinezkoa dela eta haluzinazio edo mirari bat izan dela.
6. Metodo Induktiboa eta Deduktiboa
- Metodo induktiboa: Kasu partikular batzuetatik lege orokor bat induzitzen dut. Adibidez: A1 da B, A2 da B... orduan (indukzioz) A da B.
- Metodo deduktiboa: Premisa edo axioma batzuk intuitzen ditut eta hortik egia batzuk deduzitzen ditut. Adibidez: 1. egia (A=B), 2. egia (B=C), orduan (A=C).
7. Enpirismoa eta Arrazionalismoa: Kant-en Sintesia
"Gure ezagutza guztiak esperientziarekin hasten dira, baina gure ezagutza guztien jatorria ez dago esperientzian" (I. Kant).
Testu honetan bi plano bereizten dira: denborarena eta jatorriarena. Ezagutza guztiak denboran esperientziarekin hasten direla esaten du; hau da, edozer gauza ikasteko esperientzia bat behar dut eta pausoz pauso gauza hori ikasten joan. Baina gure ezagutzaren kontzeptu guztiak ez datoz esperientziatik; batzuk gure burutik datoz, hau da, a priori dira, arrazionalak dira. Adibidez: hirukiaren ideia edo esperientziaren forma.
Lehen esaldiarekin enpiristek arrazoia dutela onartzen da, eta bigarren zatian arrazionalistek dutela arrazoia. Beraz, bien artean bakeak egiten dira.
8. Deskartesen Zalantza Metodikoa: Lehen Fasea
Zalantzaren helburua egia bilatzea da, eta aski da bizitzan behin egitea. Gauza bat ziurra izateko argia eta bereizia izan behar da. Gauza kontingenteak ez dira ez argiak ez bereiziak eta, beraz, ez dira ziurrak; hau da, zalantzagarriak dira. Zergatik?
- Gauza kontingenteak ez dira argiak, beti zalantza egin dezakegulako orain ikusten ari garena baden edo ez. Ez da ezinezkoa gela hau hutsik egotea; agian ametsetan ari naiz edo drogen eraginpean nago.
- Gauza kontingenteak ez dira ziurrak: ez dago erabat zehaztuta non hasten diren eta non amaitzen diren. Mahai batek zenbat neurtzen duen ez dago %100 zehaztuta. 2,8 metro neurtzen dituela esan dezaket, baina beste instrumentu batekin infinitu dezimal lortuko nituzke.
Infinitu horretara ez gara inoiz iritsiko. Mahaiak neurri zehatz bat edukiko du dena dakienarentzat (Jainkoarentzat). Lehen fasearen ondorioa: gauza kontingenteak zalantzagarriak dira. Ziurrak direnak gauza beharrezkoak dira: matematika eta filosofiako oinarriak.
9. Deskartesen Zalantza Metodikoa: Bigarren Fasea
Bigarren fasean, lehen fasean ziurra zena (matematika eta filosofia) zalantzan jartzen da. Agian matematika motako gauzak beharrezkoak dira guretzat, baina ez bereiz (Jainkoarentzat). Orduan, ezer ez da ziurra?
Ez. Nik zalantza egin dezaket zalantza egiten dudanaz, baina ezin dut zalantza egin zalantza egiten ari naizenik. Beste hitz batzuekin: zalantzaren objektua zalantzagarria da, baina zalantza bera ez. Zalantza egitea pentsatzea denez: nik pentsatzen ditudan gauzak ez dira ziurrak, baina nik pentsatzen ditudala %100 ziurra da. Nire auto-kontzientzia ziurra da.
Descartesek honela adierazten du: Nik pentsatzen dudala ziurra da eta nire izateko modua da hori. Ni existitzen naizela pentsatzen dudan bezain ziurra da. Ondorioz, ni nire pentsamenduen azpian nago, nire pentsamenduei eusten.
10. Deskartes eta Fisika Matematikoaren Sorrera
Proiektu honen helburua gauza ilun eta nahasiak gauza argi eta bereizi bilakatzea da; hau da, kualitatiboa dena kuantitatibora itzultzea. Adibidez, urdinaren eta gorriaren arteko ezberdintasuna formula matematiko baten aldagaien arteko ezberdintasunera murriztuko dugu.
Adibidea:
- Fisika matematikoaren aurretik: "Zuk ni baino azkarrago korrika egiten duzu".
- Fisika matematikoarekin: "Zuk nik baino 2,3 km/h azkarrago korrika egiten duzu".
Fisika matematikoaren ondoren, koloreetan aditua dena ez da margolaria izango, fisikaria baizik. Modu berean, materialei buruz dakiena ez da zapataria edo eskultorea izango, materialen fisikaria baizik.