Inflazioa: Ondorioak, Kaltetuak, Onuradunak eta KPIa Neurtzea
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Economía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,47 KB
Inflazioaren Ondorio Nagusiak
Inflazioa handia izateak bi ondorio nagusi ditu:
Erosteko Ahalmena
Diru-kantitate batekin eros daitekeenari esaten zaio erosteko ahalmena. Prezioek gure diru-sarrerek baino azkarrago egiten badute gora, erosteko ahalmena galduko dugu, bai eta bizi-kalitatea ere.
Ziurgabetasuna
Prezioak etengabe aldatzen badira, familiek eta enpresek ez dute beharrezko informaziorik izaten zer eta zenbat kontsumitu eta ekoitzi jakiteko. Ezin bada jakin zer produkturi eta ekoizpen-faktoreri eragingo dion inflazioak, eta esperotakoa ez betetzeko arriskua badago, ziurgabetasuna nagusituko da. Inflazio-tasa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da segurtasun ezaren sentsazioa.
Erosteko ahalmena galtzeari dagokionez, inflazioak ez die berdin eragiten pertsona guztiei.
Inflazioaren Eragina: Kaltetuak eta Onuradunak
Kaltetuak
- Pentsiodunak: Pentsioen eguneratzea ez da bizi-kostuaren igoera adinakoa izan ohi.
- Langileak: Soldatak ez dira igo ohi inflazioaren erritmo berean.
- Aurreztaileak: Mailegutakoa itzultzen zaienean, ondasun gutxiago kontsumitu ahal izango dituzte.
- Esportatzaileak: Produktu nazionalak garestiagoak baldin badira, arazo gehiago izango dituzte saltzeko.
Onuradunak
- Administrazio Publikoak: Administrazioak kredituekin funtzionatu ohi du. Inflazioarekin diruaren balioa gutxitu egiten denez, hitzartutakoa ordaintzen duenean, balio gutxiagoko diruarekin egiten du.
- Zordunak: Diruaren balioak behera egiten badu, errazago lortzen da itzuli beharreko kantitatea.
- Inportatzaileak: Atzerriko produktuak merkeagoak badira, errazago saltzen dira.
Inflazioaren Adierazleak: KPIa
Herrialde bateko ondasunen eta zerbitzuen prezio-aldaketak neurtzeko, prezioen indizeak erabiltzen dira. Espainian, prezioen maila neurtzeko Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) erabiltzen da.
KPIaren Definizioa
KPIa: Batez besteko familia batek eskuarki (orokorrean) kontsumitu ohi dituen ondasunen batez besteko haztatua da.
KPIaren formula:
KPI = (P1 * %P1) + (P2 * %P2) + … + (Pn * %Pn)
Inflazioa Neurtzea eta Erosketa Saskia
Espainian Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) kalkulatzen du KPIa, Familia Aurrekontuen Inkestaren bidez herritarren kontsumo-ohiturak aztertu ostean.
Erosketa Saskiaren Garrantzia
KPIari “erosketa saskia” ere esaten zaio, funtsean hori baita: batez besteko familiek gastatu ohi dutenaren prezioen bilketa. Berezitasuna da prezio horiek haztatu/ponderatu egiten direla kontsumo-talde bakoitzean gastuak duen garrantzia kontuan hartuta.
Erosketa saskia espainiarrek kontsumo-talde bakoitzean egiten duten gastua kontuan hartuta egiten den produktu adierazgarrien hautaketa bat da.
Inflazio Tasa Kalkulatzea
KPIa eta erosketa-saskia urtero aldatzen direnez, urte batetik besterako inflazio tasa kalkulatzeko, ehuneko aldakuntza-tasaren formula erabiltzen da:
Inflazio Tasa = (KPI2 - KPI1) / KPI1 * 100