Hinduismoa: Oinarrizko Kontzeptuak eta Bizitzaren Helburua

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,08 KB

Indiako Filosofiaren Oinarriak

Indiako filosofiak lau funtsezko ideia ditu:

  • Unibertso osoa betiko lege unibertsal (Dharma) batek gidatzen du.
  • Denbora ziklikoa eta amaigabea da.
  • Giza bizitza ere etengabeko berraragiztatzearen legeari lotuta dago.
  • Nornahiren esku dago, halere, gurpil horretatik askatzea.

Indiako filosofia honela bana daiteke: liburu sakratuetan gordetzen den filosofia erlijiosoa eta arrazoizko filosofia.

Kosmosaren Sorrera

Denbora, mundua eta kreazioa sortu aurretik, ez zegoen ez izatearik, ezta izatearik eza ere: “Dena zen ilunpea, ez zegoen ez bizitzarik ezta heriotzarik ere”. Brahma, izaki absolutua, infinitua, existitzen den bakarra zen. Bere izaeraren barnean adimena (Brahma) edo jainkotiar espiritua eta materia (Maya) gordetzen ditu, eta horiek dira mundua sorrarazi zutenak.

Mundua Brahmaren edo izaki absolutuaren jario bat baino ez da, eta, ziklo handiago eta txikiago batzuk igaro ondoren, berriro Brahman sartzen da. Eboluzioaren bidez sortzen hasi ziren unibertsoek eta izakiek existentziari uzten diote, Brahmarengana itzultzen direnean.

Gizakiaren Azken Helburua

Giza arimaren azken helburua eta perfekzioa jainkoarekin bat egitean datza, hau da, Brahmarekin bat egitea. Jainkoarekin bat egiteko bidea zentzumenen eta gorputzaren eskakizunetik gero eta gehiago urrunduz lortzen da, hainbat gorputzetan izan ditzakeen berraragiztatzeetatik askatzeko. Berraragiztatzeen ezabapena Brahma edo izaki absolutuarekin bat egitearekin lortzen da, eta horixe da gizakiaren perfekziorik gorena eta azken helburua. Jainkoarekin bat egiteko prestatuta ez dauden hildakoen arimak Yamaren, hildakoen jainkoaren, eta infernuko espirituen menpe erortzen dira.

Egitura Soziala: Kasta Sistema

  • Apaizak: Brahmaren burutik sortu ziren, eta jakintzaren arlo guztietan nabarmendu ziren.
  • Gerlariak: Brahmaren bularretik jaiotakoak, gerlari eta agintari politikoak dira; ordena eta segurtasuna mantentzea da haien zeregina.
  • Merkatariak: Brahmaren sabeletik sortuak. Ondasunak lortu behar dituzte.
  • Zerbitzariak: Brahmaren oinetatik sortuak, haien zeregina goi-mailakoei zerbitzatzea da.
  • Ukiezinak: Lanbide edo ekintza lohitsuenak haientzat dira: larrugintza, simaurketa…

Hinduismoaren Printzipio Garrantzitsuenak

  • Dharma: Edozein gauzak nahiz pertsonak bete behar duen funtzioa adierazten da Dharma delakoaren bidez, bizitza-fasearen eta norberari dagokion kastaren arabera.
  • Ahimsa: Bizi guztiak errespetatu eta inori, ezta animaliei ere, kalterik ez egitean datza.
  • Karma: Ongi ala gaizki bete diren ekintzak balioesten ditu karmak. Jokabide zuzenek, bizitza honetan zein beste batean, ondorio mesedegarriak ekarriko dituzte, eta zuzenak ez direnek, berriz, kalteak. Gizakien ekintza guztiek badute beren ordaina. Horren arabera, osteko bizitza-maila taxutzen da. Adibidez, haziak lapurtu dituena arratoi bihurtuko da, gupidagabea tigre bihurtuko da, eta adulterioa egin duen gizonezkoari osteko bizitzan emazteak modu berean ordainduko dio, iruzur eginez.
  • Samsara: Aurreko bizialdian erabakitzen da bakoitzak oraingoan nor eta zer den, norberaren egintzen pisuaren arabera. Eta oraingo bizialdiko egintzen pisuak erabakiko du zer izango den bakoitza hurrengoan. Eta horrelaxe beti: hil eta jaio.

Askatasunerako Bidea: Moksha

Bizitzaren gakoa eta hinduismoaren giltza Samsara eroaren gurpiletik askatzea da. Askatasun osoa lortzea da hinduista guztien helburu nagusia. Hainbat ariketa edo metodo proposatzen dira:

  • Meditazioa: Jakintzaren bidea, ezjakintasunetik askatzea. Meditazioa, kontzentrazioa eta egiazko ezagutza askapenerako bidea dira.
  • Ekintza: Karma hitzak ‘ekintza’ esan nahi du, eta bi eratako ekintza adieraz ditzake: errituak eta ekintza onak.