Giza Natura, Hizkuntza eta Gizartea: Ikuspegi Filosofikoak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 21 KB

Emergentismoa: Gorputzaren eta Arimaren Lotura

XVIII. mendetik, antropologia fisikoa bi ataletan banatuta egon da: alde batetik, dualismoaren defendatzaileak zeuden eta, beste aldetik, monismo materialistaren aldekoak. Bi teorien arteko eztabaidak daude oraindik, baina bi jarrerak bateratu nahian beste ikuspuntu alternatiboak proposatu dira.

Emergentismoak gizakiaren interpretazio materialista du oinarri, baina kontuan hartzen ditu gizonen eta emakumeen ezaugarri psikologikoak eta espiritualak (Mario Bunge / Karl Popper).

Teoria emergentistak dio gizon-emakumeok atomoz osatutako gorputzak garela, baina zer garen azaldu nahi dugunean, ezin dugu errealitate materialarekin bakarrik geratu; bestela, erredukzionismoa izango litzateke, gizakiaren konplexutasuna ulertzeko ez ginatekeelako gai izango. Ondorioz, materiaren aldetik haratago joan behar da, eta pentsamenduak, kontzientzia eta sentimenduak gure errealitate materialetik nola sortzen diren aurkitzen saiatu.

Emergentismoak dio gizakiaren alderdi espirituala materiatik azaltzen den propietate bat dela, baina, nahiz eta bertatik agertu, kualitatiboki goragoko plano batean dagoela.

Neurozientzietan egindako azken aurrerapenek antza dute honekin. Burmuinek nola funtzionatzen duten jakiteko egin diren ikerketek erakutsi dute gizonak eta emakumeak lotuta gaudela bi alderdiekin: gorputza eta alderdi espiritual edo mentala. Antonio Damasio neurologoak interrelazio hori azpimarratzen du: alderdi materialaren eta bizitza psikikoaren arteko lotura. Descartesek akatz bat egin zuela ere esaten du: arima eta gorputza guztiz bereiztea. Giza errealitatea ondo ulertzeko gai izango gara bakarrik bi alderdiak batera kontuan hartzen baditugu.

Determinismoa: Askatasuna Irudipen Hutsa?

Filosofo batzuek uste dute giza askatasuna ezinezkoa dela. Determinismoak esaten du egiten dugun guztia aurrez ezarrita dagoela eta ezinbestez gertatzen dela. Askatasun-sentsazioak ezjakintasunean du jatorria.

Jende gehiena ez da konturatzen zer faktorek bultzatzen gaituen pentsatzen dugun moduan pentsatzera, hitz egiten dugun moduan hitz egitera eta jokatzen dugun moduan jokatzerara. Horregatik, aske garela uste dugu, baina ez gara.

Spinozak ikuskera determinista zuen: gertatzen den guztia predeterminatuta dagoela esaten zuen. Gure ekintzak ez daudela gure eskuetan, haien sorburua ezkutuko kausak direla. Beraz, kausa horiek ikertu eta aurkitu daitezke, baina ez dakigu zein diren, eta horregatik, askatasunez jokatzen dugula iruditzen zaigu.

Harri bat hartu eta mahai-ertzean askatzen badugu, goitik behera eroriko da grabitatearen ondorioz. Demagun harriak hitz egiteko gaitasuna duela eta esaten digula nahi duelako erori dela. Oker dagoela pentsatuko genuke, harriak ez dakielako kausa natural baten ondorioz mugitzen dela. Spinozaren ustez, harriei bezala gertatzen zaigu. Guk uste baino gauza gehiagok bideratzen gaituzte, baina gure ezjakintasuna dela eta, askatasun-irudipena dugu.

Skinnerren konduktismoa determinismoaren beste adibide bat da: berak esaten du jokaera erabat aldatu daitekeela ikaskuntzaren bidez. Sari eta zigorretan oinarritutako sistema egoki bat erabiliz, gizabanakoek guk nahi dugun bezala jokatzen ikas dezakete. Entrenamendua egokia bada, gizabanakoaren jokaera aurreikusitakoa izango da. Horrela, egoera guztiz predeterminatuta dago.

Skinnerrek esaten zuen, entrenamendu konduktista bat aplikatuz, erabat aldatuko zela gizartea. Horrela, posible izango zen krimena eta delinkuentzia erabat desagertzea eta jende guztia adeitsua, zintzoa eta gizabidetsua izatea.

Historiaren Zentzua Karl Marxen Pentsamenduan

Karl Marxen filosofia Hegelen idealismoaren kritika dela pentsatzen da, baina elkarren antza dute. Marxek filosofia materialista landu zuen, baina Hegelek proposatutako aldaketa dialektikoaren ideia onartu zuen.

Marxek esaten zuen, historia ulertu nahi badugu, gizabanakoen bizi-baldintza materialei erreparatu behar diegula. Historiaren bilakaera aztertzeko, lehenik eta behin ulertu behar dugu gizakiok nola lortzen dugun bizitzeko behar duguna. Horrela, ikusiko dugu gizabanako guztiak ez daudela gizarte-maila berean.

Agertuko dira talde pribilegiatuak haien mende dauden beste talde batzuk zapaltzen. Talde pribilegiatuak produkzio-bideen jabeak dira eta gainerako herritarrak esplotatzen dituzte. Bi talde hauek gizarte-klaseak dira, eta haien arteko borroka nabarmendu da historian zehar.

Marx ados zegoen Hegelekin gauza batean: historiaren bilakaera kontrakoak diren posizioen kontrasteak eraginda gertatzen da. Kontraste horrek ez du zerikusirik ideiekin edo Espirituarekin: gizarte-klaseen arteko borroka da. Klase-borroka horretan hainbat fase egon dira:

  • Antzinaroan: ugazabak eta esklaboak.
  • Erdi Aroan: jaun feudalak eta jopuak.
  • Modernitatean: burgesak eta langileak.

Aurrerapen-prozesua geldiezina denez, langileek burgesak garaitzean hasiko da hurrengo etapa. Horrek gizarte komunista bat ekarriko du; produkzio-bideak sozializatu egingo dira eta, denok izango ditugunez, inor ez da esplotatua izango. Klase-borroka amaituko da eta azken etapa iritsiko da, gizarte bidezkoago eta orekatuago batekin.

Marxek historiaren bilakaeraren ikuskera materialista eta dialektiko bat proposatu zuen. Berak esaten zuen historiaren motorra klase-borroka dela eta denborarekin komunismora eramango gaituela.

Lana Marxen Antropologian

Karl Marxen teoria antropologikoak dio giza lanak garrantzi erabakigarria duela. Marxek esaten zuen gizon-emakumeok eta animaliak bereizten gaituen ezaugarria natura irudimenez aldatzeko ahalmena dela.

Animalia batzuek ere aldatzen dute ingurunea, adibidez, erleek. Marxek esaten zuen gizon-emakumeek esku dugula ingurua eta mundua aldatzea; gu bakarrik garela gai aldez aurretik errealitatea nola aldatu planifikatzeko. Beraz, alde horretatik, berdingabeak gara. Gainerako animaliek instintuei jarraitzen diete.

Lan-prozesuan, gizakiok irudimena, arrazoimena eta sormena erabiltzen dugu. Horrela, ingurunea aldatzen dugu gure premiak betetzeko eta gure desira materialak lortzeko. Horregatik, askapenezko eta sormenezko jarduera da lana; bertan ageri da gure benetako giza izatea.

Marxen arabera, ezaugarri horiek tartekoak dira; gizakiok bakarrik egiten dugu jarduera hori, lana. Gizakia lan egiten duen animalia da. Gainera, jarduera soziala da eta bertan funtsezko hainbat elementu erabili behar ditugu, hala nola hizkuntza, adimena eta besteekin lan egiteko gaitasuna.

Marxen arabera, gizartearen funtsa sortze-lana egitea da, inguruko errealitatea besteekin lankidetzan aldatzeko.

Giza Hizkuntza Artikulatua

Animalia asko gai dira elkarrekin mintzatzeko, baina alde handia dago animalien eta gizakien komunikazio-sistemen artean. Animaliena sortzetikoa da, instintuetan oinarritua, espezieko kide guztiek erabiltzen dutena eta egoera konkretuak deskribatzeko balio duena. Gizakionak, aldiz, ikasiak dira, konbentzionalak, eta gauza partikularrez zein abstraktuez jarduteko balio dute.

Giza eta animalien hizkuntzaren arteko desberdintasun nagusia giza hizkuntza artikulatua dela da. Horrek esan nahi du gizakiok gai garela egitura berriak sortzeko eta zeinuak hainbat modutan konbinatzeko. Gure hizkuntzari esker, gure komunikazio-ahalmenak ia ez du mugarik. Horregatik, gizakien hizkuntzaren konplexutasun-maila harrigarria eta apartekoa da.

Hizkuntzaz Jabetzea: Chomsky eta Konduktismoa

Mintzamena gizakiok daukagun gaitasun linguistikoa da. Hizkuntza, berriz, pertsona batek besteekin komunikatzean erabiltzen duen sinbolo linguistikoen sistema konkretua da.

Munduan hizkuntza ugari hitz egiten dira (euskara, gaztelania...), baina hitz egiteko gaitasuna berdina da guztiontzat, guztiok mintzatzeko ahalmena daukagulako. Haurtzaroko lehen urteetan, ama-hizkuntza ikasten eta ulertzen hasten dira haurrak, eta era naturalean hitz egiten hasten dira. Haurrak era naturalean hitz egitea harrigarria da, helduak garenean asko kostatzen zaigulako hizkuntza berriak ikastea. Nola ikasten dute haurrek hain erraz mintzatzen?

Horri buruz teoria asko daude. Konduktismoaren aldekoek, adibidez, hizkuntza menderatzen ikastearen garrantzia azpimarratzen dute. Teoria konduktistaren arabera, hizkuntzak zigor- eta sari-sistema baten bidez irakats daitezke, edozein portaera edo jokabide bezala. Inguruan dituzten helduei entzuten ikasten dute hizkuntza.

Zenbait egilek konduktismoa kritikatu dute, ez duelako azaltzen zergatik den garrantzitsua hizkuntza bizitzako lehen urteetan ikastea. Hori ulertzeko, pentsatu zer gertatzen den haur abandonatuekin: haiek ez dute helduen tratua txikitatik jasotzen, eta, beraz, zailtasun handiagoa dute hizkuntzak era natural eta erraz batean ulertzeko. Horregatik ondorioztatzen da gizakiak hizkuntzak ikasteko bizitzako tarte bat daukala; bestela, heldu egitean, asko kostatzen zaigu beste hizkuntza batzuk ikastea, gaitasun linguistikoa galtzen dugulako.

Hori azaltzeko, Noam Chomskyk gizakion gaitasun linguistikoa sortzetikoa dela proposatu zuen. Honen arabera, hizkuntza ikasteko ahalmena gure herentzia biologikoaren parte da eta, horregatik, jaiotzen gara edozein hizkuntza ikasteko gai, baldin eta bizitzako lehen urteetan ikasten bada. Bere ustez, hizkuntza guztiek gramatika sortzaile berdina dute oinarrian; beraz, denek berdin funtzionatzen dute, haien artean desberdintasun handiak daudela iruditu arren. Gizakion oinarrizko gramatika-arauak sortzetikoak dira eta gizaki guztiongan funtzionamendu bera dute.

Mintzamena eta Pentsamendua

Pentsamenduaren eta mintzamenaren arteko erlazioak galdera filosofikoak eragin ditu eta erantzunak askotarikoak izan dira. Adibidez, Platonek pentsatu zuen pentsatzea isiltasunean gure buruarekin hitz egitea bezala zela. Hizkuntza batek ezin du hitz egin gure barneko kontzientziarekin.

Beste filosofo batzuek esaten dute gizakiok era askotara pentsatzen dugula. Batzuetan hitzak behar ditugu pentsatzeko, kontzeptu abstraktuak edo zenbait ideien artean zer-nolako loturak dauden adierazteko. Baina hitzik gabe pentsatzeko moduak ere badaude.

Hau, adibidez, futbolean gertatzen da. Futbolari on bat gai da taldekide eta aurkarien mugimendu guztiak aztertzeko eta aurreikusteko. Taktika ere alda dezake egoeraren arabera, momentu egokienak aprobetxatzeko eta arriskuak gutxitzeko. Portaera konplexu honetan, futbolariak oso azkar prozesatu behar du informazioa erabakiak ahalik eta azkarren hartzeko. Prozesu horretan, pentsamenduak oso sofistikatuak dira, nahiz eta hitzik ez erabili.

Gauza bera gertatzen zaie artisauei beren tailerretan lan egitean, artistei artelan bat sortzen ari direnean edo sukaldariei bazkari on bat prestatzen ari direnean. Portaera horietan, beharrezkoa da gorabehera guztiak aztertzea norberaren jokabidea egokitzeko, egoera zein den aztertuz erabaki onak hartzeko. Gizakiok gauza hauek pentsatzean premia dugu, baina ez hizkuntza erabiltzean.

Hizkuntza eta Mundu-ikuskera

Posible da hitzik gabe pentsatzea, baina hizkuntzak garrantzi handia du gizakiontzat. Hitzen bidez bakoitzak bere ideien berri eman ahal izaten du, gure pentsamenduak artikulatu eta beste pertsona batzuei komunikatu.

Hizkuntzak gure bizitzan betetzen duen eginkizun garrantzitsua dela eta, filosofo batzuek galdetu dute ea hitzek gure mundu-ikuskera baldintzatzen duten. Edward Sapir eta Benjamin Lee Whorf hizkuntzalariak erlatibismo linguistiko izeneko teoria defendatu zuten.

Erlatibista linguistikoen arabera, errealitatea hura deskribatzeko erabiltzen dugun hizkuntzarekin lotuta dago. Gure munduaren parte diren gauzak hitzen bidez izenda eta sailka daitezke. Sapirrek eta Whorfek esaten zutena ulertzeko, hartu adibide moduan Amazonas oihanean bizi diren indiarren kasua. Gizatalde horietako hiztunek hitz ugari dauzkate berdearen tonalitatea deskribatzeko. Bertakoak termino espezifikoen bidez berdearen zenbait ñabardura izendatzeko gai direnez, guk hara joanez gero hauteman ahal izango genukeena baino aberatsagoa eta konplexuagoa da haien errealitatea.

Erlatibismo linguistikoa kritikatu egin zen. Teoria horren interpretazioaren arabera, hizkuntza bakoitza munduari buruzko ikuskera bakar baten ispilua da. Hori egia balitz, mezu bat hizkuntza batetik bestera leial samar itzultzeko ez ginateke gai izango. Gizatalde bakoitza bere munduan biziko litzateke, berea bakarrik den hizkuntzaren bidez hura deskribatuz, eta horrek gizakion arteko komunikazioa zaila izatea ekarriko luke.

Filosofo askok onartzen dute gizakiok erabiltzen ditugun hitzek errealitatearen interpretazioari eragiten diotela, baina gehienek aspaldian baztertu zuten ideia erradikal hori. Ñabardura asko daude zenbait hizkuntzak beste zenbaitek baino hobeto antzematen dituztenak, baina esperientziak esaten digu gizakiok, nahiz eta hizkuntza desberdinetan hitz egin, elkarrekin komunikatzeko gai garela.

Kontraktualismoa Aro Modernoan

Thomas Hobbes filosofoaren arabera, egoera naturalean gizakia berekoia da eta beste gizakiekin borrokan bizi da, bizirik irauteko ahaleginean. Baldintza horietan, bizitza eskasa, laburra, bakartia eta arriskutsua da. Ondorioz, akordio bat lortzeko beharra sortu zen, bakea bermatuz gizakiok bakean bizi ahal izateko.

Kontraktualismoa kontratu edo hitzarmen batean oinarritutako teoria da. Filosofo kontraktualisten arabera, gizartea akordio baten bidez sortu zen. Subiranoa gizarte batean botere gorena gauzatzen duen gizabanakoa, taldea edo gizarte-erakundea da.

Hobbesek esaten zuen naturazko egoera hartan segurtasun-falta ez izateko botere goren bat onartu behar zela. Botere hori subiranoa izango zen eta legeak egin eta betearaztea zen bere lana. Biblian agertzen den munstro beldurgarri bat aipatzen du: Leviatan. Hobbesen arabera, subiranoa legeen gainetik dago, berak du botere absolutua. Beraz, proposamen politiko horrek monarkia absolutua justifikatzen zuen. Subiranoak besteei babesa eman behar die eta bakea lortu; horrela ez bada, kargutik kenduko dute beste gobernari eraginkor bat jartzeko.

John Lockek esaten zuen gizakiok beti baliozkoak diren zenbait eskubide ditugula: bizitzaz, askatasunaz eta jabetzaz gozatzeko eskubidea. Naturazko egoeran eskubide horiek batzuetan ez zirenez errespetatzen, elkarren arteko bizikidetza antolatzeko akordio bat egin behar izan zen.

Lockeren arabera, akordio sozialak askatasuna eta jabetza batzuen anbizio eta berekoikeriatik babesteko komunitate bat sortzea ahalbidetu zuen. Hitzarmena boterea batzuen eskuetan uztean datza. Ordezkari horiek guztiok ondo egoteko dute boterea, eta akordio hori betetzen ez badute, haiek kargutik kentzeko eskubidea dute herritarrek. Lockek esaten zuen gobernariaren boterea ez zela absolutua, inor ezin delako legearen gainetik egon. Teoria horrek monarkia parlamentarioa justifikatzen du.

Jean-Jacques Rousseau (1712-1778)

Ilustrazio frantsesaren ordezkari nagusienetako bat da eta pentsamendu politikoaren historian funtsezko filosofoa. Haren ideiak ez zetozen bat XVIII. mendeko filosofoen optimismo arrazionalistarekin. Bere ustez, zientziak eta kulturak ez dute gu zoriontsuago izatea lortu, gure berezko ontasunetik urrundu gaituztelako. Gizaki guztiok bihotz onekoak eta adeitsuak gara, baina gure berezko izate hori galdu dugu zibilizazioaren erruz. Hori konpontzeko, gizartea berrantolatu beharko litzateke, gizarte-hitzarmen bat eginez, herri-subiranotasunean eta nahi orokorrean oinarrituta. Hezkuntza-sistema aldatzea proposatu zuen, buruz ikastea kenduz eta gizakiok berezkoa dugun talentua espontaneoki garatzea sustatuz.

Miretsia izan zen, izaera zailekoa zelako eta haren ideietako batzuk baztertuak izan zirelako. Haren ideiek eragin handia izan zuten Europaren historian: Ameriketako Estatu Batuen independentziaren eta Frantziako Iraultzaren oinarri ideologikoak izan ziren.

Totalitarismoa eta Hannah Arendten Kritika

Totalitarismoa anarkismotik beste muturrean dagoen doktrina politikoa da. Erregimen totalitario batean, estatuaren boterea hain handia da, bizitzako eremu guztietara heltzen dela (ekonomia, ideiak...). Estatuak bizitzako eremu guztietan duen kontrol absolutua alderdi politiko bakarraren diktaduraren bidez gauzatzen da. Alderdi politiko hori eztabaidaezina den buruzagi baten agindupean dago.

Erregimen totalitario diren sistema politikoetan, estatuak botere mugagabea du bizitzako eremu guztietan, eta ez du errespetatzen gizabanakoen askatasuna. Totalitarismoari egindako kritikarik gogorrenetakoa Hannah Arendt filosofoak egin zuen.

Boterea modu totalitarioan erabilitako bi adibide: Alemaniako nazismoa eta Sobietar Batasuneko estalinismoa. Erregimen nazia erregimen faxista izan zen. Faxismoa mugimendu nazionalista autoritarioa da; gizartea modu hierarkikoan antolatzea du helburu, eta buruzagiak agindutakoa obedientziaz bete behar da. Arraza batzuk biologikoki beste batzuk baino hobeak direla nabarmentzen zuen. Nazismoak behe-mailako arrazak ordezkatzeko asmoa zuen.

Erregimen estalinistaren ideologia komunismoan oinarrituta zegoen. Bere helburua gizakia esplotazio kapitalistatik askatzea zen. Produkzio-bideak (fabrikak, lurra, kapitala) pribatuak direlako sortzen dira desparekotasunak eta injustiziak gizartean. Egoera hori aldatzeko, jabetza pribatua eta gaur egungo gizarte-klaseen sistema ezabatu behar dira. Hori lortzeko modu bakarra langileek boterea hartzea eta estatua kontrolatzea da. Orduan izango da posible klaserik gabeko gizarte bat, esplotaziorik eta miseriarik gabea.

Hannah Arendt (1906-1975)

Hannah Arendt pentsamendu politiko garaikideko filosofo garrantzitsuenetako bat da. Bere familia jatorriz judua zen, baina kultura alemaniarrean erabat integratuta zegoen. Husserlekin eta Heideggerrekin egin zituen ikasketak. Boterean alderdi nazia zegoela, Alemaniako juduen egoera gero eta zailagoa bihurtu zen. Arendtek Parisen hartu zuen babesa, eta Ameriketako Estatu Batuetara emigratu zuen gero.

Estatu Batuetan idatzi zituen bere lan garrantzitsuenak antisemitismoaren, totalitarismoaren eta filosofia politikoaren inguruan. 1961ean oso famatua egin zen Israelen Adolf Eichmann izeneko gerra-kriminal nazi ezagunaren aurka egin zen epaiketara kazetari gisa joan zelako. Berak idatzi zuen Eichmann funtzionario bat baino ez zela izan; aginduak pentsatu gabe betetzen zituela. Arendtek norberaren hautaketa moralaren garrantzia azpimarratu nahi zuen, hautaketa horrek erantzukizuna dakarrelako. Erregimen nazian aginduak betetzeak konplize egiten zituen funtzionarioak.

Bi erregimen horien ideologiak oso desberdinak ziren arren, boterea erabiltzeko ikuspegi bera zuten. Bi erregimenetan, estatuak bizitzaren alderdi guztiak kontrolatzen zituen ekimen indibiduala menderatuz, eta sufrimendu handia eragin zuten. Bi ideologiek mundu hobe bat eraiki nahi zuten, baina askatasuna ezabatu eta jende asko hil zuten boterera iristeko.

Hannah Arendten arabera, totalitarismoak gatazkak konpondu nahi zituen konfrontazio politikoa ezabatuz eta akordioa bortxaz ezarriz. Totalitarismoak eta filosofoek, historian zehar, diseinu antzekoak proposatu dituzte. Baina politikak sortzen duen ziurgabetasuna ezabatzeko, beharrezkoa izango ez den gizarte-eredu ideal bat sortzen dute. Hannah Arendtek gogorarazten digu politika gizakion funtsezko aldea dela eta haren bidez adierazten dela askatasuna eta iritzi- zein ikuspegi-aniztasuna. Horregatik, politika ezin da ezabatu.

Jean-Jacques Rousseauk ere beste era batera pentsatzen zuen. Esaten zuen gizakia, egoera naturalean, bihotz onekoa eta zoriontsua dela. Baina gizartea sortzearekin, jabetza pribatua agertu eta gizakion arteko eztabaidak sortu ziren. Hori konpontzeko, gizartea berrantolatu beharko litzateke, gizarte-hitzarmen egoki bat ezarriz justizia nagusitzeko.

Gizarte-hitzarmenaren boterearen balioa nahi orokorra izan behar da. Nahi orokorrak guztion ongizatea du helburu. Horregatik, legezko subirano bakarra herria da, eta gai politikoetan zuzen parte hartu behar du. Gobernadoreak nahi orokorrak betetzeaz arduratu behar dira eta, horrela ez bada, beste batzuk jarriko dituzte haien ordez. Rousseauren teoriak sistema politiko demokratikoaren legitimotasuna oinarritzeko balio du, sistema horretan subiranotasuna jendearen eskuetan dagoen neurrian.

Immanuel Kanten arabera, gizakiak berezko soziabilitatea du, baina baita norberekeria eta liskarrerako joera ere. Bizikidetza zail hori antolatzeko, gizakiak arrazoiaren printzipio unibertsalei jarraitu behar die, eta horiek legeen oinarria izan behar dira. Jatorrizko hitzarmena onartuz eratzen dute gizakiek gizartea. Horrela, gizartea herritarren partaidetzaren eta autonomiaren eremu bihurtzen da, eta askatasun indibiduala erabiltzea bermatzen du" du.