Erdi Aroko Filosofia: Agustin eta Akinokoa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,16 KB

Agustin Hiponakoa

Lurreko hiria eta Jainkoaren hiria

Hiponako pentsalariak Jainkoaren Hiria idazlana jentilen erasoei aurre egiteko idatzi zuen, hau da, Eliza kristaua babesteko, erromatar askok Inperioaren gainbehera leporatzen baitzioten Elizari. Jainkoaren Hiria idazlanean, Erdi Aroko ideietan eragin handia izan zuen historiaren filosofia bikaina lantzen da, bereziki, kristaua. Jentilen aurrean, kristauen apologia gisa aurkezten da.

Agustinen historia unibertsalaren filosofia honetan, gizadiaren kronika bi hirien arteko borroka gisa agertzen da: Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria. Munduko gizakiak bi taldetan banatua ikusten ditu Agustinek:

  • Jainkoa mespretxatuz, beren burua Jainkoa baino maiteago dutenak. Hauek Lurreko Hiritarrak dira; norbera goratzeko balioak onartuz, Jainkoari uko egiten diotenak. Munduko errealitateak helburu bihurtzen dituzte.
  • Jainkoa gauza guztien gainetik, nork bere buruaren mespretxuraino maite dutenak. Hauek Zeruko, Jainkoaren Hiritarrak dira; nork bere autonomiari uko eginez Jainkoa aukeratzen dutenak. Munduko balioak Jainkoarengana heltzeko bitarteko bezala erabiltzen dituzte.

Jainkoaren eta Lurreko Hiritarrak nahasirik daude historian zehar. Gero, azken epaiketan, banatzen dira; batzuk sarituak eta besteak zigortuak.

Fedea eta arrazoimena: ezagutzeko sinetsi

San Agustinek egiara heltzeko bidea azaltzen du. Izan ere, egia ezagutzea nahitaezkoa du gizakiak, arimak behar duen lasaitasuna lortu ahal izateko. Egia edukitzea jakinduriaren objektua da, eta jakinduria hori izateak zoriontsu bihurtzen du gizakia; beraz, egiaren bilaketa zoriontasunaren bilaketa ere bada.

Bere ustez, gizakia maitasunaren eraginez mugitzen da, eta objektu maitea ezagutzaren datu egiten da. Ezagutzaren teoria ziurtasun absolutua denez, ezin da zentzumenetan bakarrik oinarritu, arrazoimenean eta fedean oinarritu behar da; hau da, arrazoiak eta fedeak bat egin behar dute, bakarka ezingo baitute helburua lortu.

Ezagutza prozesuan hiru pauso daude:

  1. Fedea lortu.
  2. Fedeak arrazoimena argitu.
  3. Fedearen edukiak argitu.

Bi ezagutza maila bereizi zituen:

  • Ezagutza sentikorra: Ziurtasun faltagatik eta aldakorra denez, ez da egokiena.
  • Ezagutza arrazoizkoa: Egokiena, aldagaitza da, eta bi ezagutza desberdin daude: zientzia-ezagutza eta jakinduria-ezagutza.

Garrantzitsua da aipatzea hau lortzeko Jainkoaren grazia ezinbestekoa dela, gizakiak bakarrik ez baitu ezagutzarik lortuko.

Tomas Akinokoa

Jainkoaren existentzia: Bost ibilbideak

Erdi Aroan kristau-pentsalariak Jainkoaren existentzia frogatzen saiatu ziren, hauen artean Tomas Akinokoa. Honetarako 5 ibilbide adierazi zituen:

  1. Mugimenduarena: Aristotelesen eragina du honek. Mugimenduan dagoen oro beste zerbaitek mugitu behar izan du, ezer ezin delako mugitu bere kabuz. Baina ezin denez infinitura jo hasiera aurkitzeko, Lehen Motor bat dagoela onartu behar da, inork mugitu ezin duena eta mugimenduaren iturri dena. Horri, Jainkoa deitzen diogu.
  2. Kausa eragilea: Kausa oro bere aldetik kausatua da, eta hori beste batek kausatua. Horrela infinituraino jo ezin dugunez, azken kausa bat existitu behar da. Azken kausari Jainkoa deitzen diogu.
  3. Kontingentzia: Izaki oro garai batean izaki eza izan zen; ezer ez da beharrezkoa. Izateko potentzia zegoen, eta une batean potentzialtasun hori gainditu zuen, izaki izatera igaroz. Horregatik, izaki beharrezko bat ezinbestekoa da izaki kontingenteak izateko, potentziatik izatera igarotzea ahalbidetzen duena, eta horri Jainkoa deitzen diogu.
  4. Perfekzio-mailetatik: Perfektutasun handiagoaren edo txikiagoaren atzean Izaki Guztiz Perfektu bat dago, eta horrek izakietan perfekzio handiagoa edo txikiagoa dagoela bereizteko ideia eredugarriak jartzen ditu gizabanako bakoitzaren baitan.
  5. Kosmosaren ordenatik: Unibertsoan, kosmosean, ordena dago, eta kosmosa bere mugimenduarekin eta bilakaerarekin helmuga baterantz doa. Helmuga hori jartzen eta adierazten duen Goi Adimen bat existitu behar da, eta hori Jainkoa da.

Filosofiaren oinarrizko kontzeptuak

Filosofia

Filosofia unibertsoari, munduari eta gizakiari buruzko gogoeta eta arrazoibide bat da. Jakintza-moduetako bat da filosofia, naturaren eta gizakiaren errealitatea aditzeko eta adierazteko bideetako bat, zientzia, artea eta teologia diren bezala. Horien arteko harremanak oso konplexuak dira, eta garai ezberdinetan eta pentsaera ezberdinen arabera elkar osatu zein ukatu egiten dutenak.

Zoriontasuna

Antzinako filosofoen helburua zoriontasuna aurkitzea zela esan genezake.

  • Platonentzat: Zoriontasuna lortzen da arima zati bakoitzak dagokion bertuteaz jokatzen duenean. Horrela, arimaren purifikazioa lortzen da, gorputzaren kartzelatik ihes eginik.
  • Aristotelesentzat: Bizitza zoriontsua ezagutzari eta teoriari emandako bizitza da. Horretarako, ezinbestekoak diren ondasun materialak eskuratu behar dira.