Gerraosteko Euskal Literatura: Erbestea eta Erresistentzia

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 6,99 KB

Gerraosteko Urte Latza Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriak 1936tik 1939ra jasan behar izan zuen anaiarteko gerra ankerrak ondorio gogorrak ekarri zizkion euskarazko literaturgintzari. Idazle batzuk gerra garaian hil ziren; zenbaitek presondegian egon behar izan zuen; beste batzuk, berriz, atzerrirako bideari heldu zioten. Gudu denborako penak eta nekeak sufritu zituzten autoreen artean, Aitzol eta Lauaxeta dira ezagunenak, fusilatuak izan ziren.

Atzerriko Euskal Literatura

Gerra amaitu eta 10 urtetan, frankismoak debekatu egin zuen Hegoaldean euskarazko liburuak argitaratzea. Euskal idazle askok erbestera jo behar izan zuten: Europara hasieran, eta 1939an, Bigarren Mundu Gerra lehertu zenean, Ameriketako hainbat herrialdetara. Beraz, gerraostean kanpora joandako idazleen belaunaldiari eginkizun gaitza burutzea tokatu zitzaion. Atzerriraldiak berez dituen zailtasunez gain, idazten zuen jendearen sakabanaketak ez zuen laguntzen.

Hala ere, Amerika aldean kokatutako idazle mordoxka batek euskarazko argitalpenei eustea lortu zuen 1945etik aurrera. Mexiko, Guatemala eta Argentinan kaleratu zituzten lehenbiziko liburuak, gerrak sortutako etena gaindituz.

  • Telesforo Monzon (1904-1981): Urrundik (1945) poema liburuak eman zion hasiera Mexikon atzerriko euskal literatura horri. Lapurdin argitaratu zuen Gudarien Egiñak (1947), gerra zibileko bizipenak kantatzen dituen bigarren liburua.
  • Jokin Zaitegi (1906-1979): Mexikon argitaratu zituen bere olerkiak Goldaketan (1946) liburuan. Baina Zaitegik euskalgintzari egin zion ekarpenik aipagarriena Euzko Gogoa aldizkaria izan zen. 1950ean, Guatemalan eratu, zuzendu eta kaleratu zuen kultur aldizkaria. Frantziatik Ameriketara iritsi berriak ziren Orixe eta Ibiñagabeitiaren lankidetza zintzoarekin, Zaitegik idazleak erakarri zituen bere proiektura. Guatemalan (1950-1956) eta Miarritzen (1956-1959) argitaratu zen.
  • Argentinan, Ekin argitaletxeak lan interesgarria egin zuen, euskal gaiei buruzko liburuak publikatuz. Gehienak erdarazkoak izan arren, euskarazko batzuk ere argitaratu ziren gerraosteko lehen hamarkadan. Literaturari dagokionez:
    • Irauzusta (1884-1952): Joañixio (1946), Bizia Garratza da (1950).
    • Eizagirre (1881-1948): Ekaitzpean (1948).
    Irauzustaren bi nobeletan emigrazioaren gaia azaltzen da.

Iparraldeko Idazleak Bigarren Mundu Gerran

Espainiako Gerra Zibila 1939ko apirilaren lehen egunean bukatu zen, eta urte bereko irailaren hasieran hedatu zen Europako estatu askotara Bigarren Mundu Gerra (1939-1945). Francori, nahiz eta Hitlerren alde egon, ez zitzaion komeni gerra berri batean sartzea. Frantzia Alemaniaren aurka jarri zen, eta, ondorioz, urtebete baino lehenago naziak Hendaiako mugan zeuden, estatu osoa bereganatu ondoren.

Alemaniarren okupazio garaian une gogorrak egon ziren Iparraldeko biztanleentzat, eta bereziki, Espainiako gatazka zela eta, Hegoaldetik Iparraldera joandako errefuxiatu euskaldunentzat. Asko Ozeanoaz bestaldean topatu behar izan zuten bizitzeko aukera berri bat.

Lehen Mundu Gerran baino euskaldun gutxiago hil zen Bigarren Mundu Gerran, ez baitzen ia borrokarik egon. Inork ez zuen uste armada alemaniarren okupazioa urte gutxitako kontua izango zenik. Agintea zorrotza zen, eta, nola edo hala, egokitu beharra zegoen. Alemanek bazekiten kolaboratzaileak bilatzen. Naziek ez zituzten euskarazko argitalpenak eragotzi; kontrolatu bai, baina debekatu ez.

Aurreko mendeaz geroztik astean behin kaleratzen zen Euskalduna aldizkariak, liberazio egunera arte jarraitzea lortu zuen. Kudeatzaileak oso kontserbadoreak eta alemanzale samarrak zirela salatu zuten. Arotzarren (1892-1966), Euskalduna-ren zuzendariak, gerraren bukaeran salaketa izan zuen.

  • Soubelet (1897-1970): Petain Marchala, Frantziaren Aintzindaria (1941) liburu adierazgarria argitaratu zuen, Vichyko gobernuaren, alemanen kolaboratzaile nagusiaren, biografia apologetikoa.
  • Alemanen aurka aritutakoak ere baditugu, preso egondakoak ere bai: Salaberri, Etxaun, Lartzabal.
  • Lafitte (1901-1985): Iparraldeko euskal letren buruzagia da. Euskalduna kazeta, arestian adierazi denagatik, 1944an galarazi zutenean, haren ordez eta urte berean, Herria izenekoa fundatu zuen Lafittek, eta urte askotan zuzendu zuen. 1945ean, Murthuts eta bertze... ipuin sorta publikatu zuen.
  • Ipar Euskal Herriko beste idazle batzuk ere arituko dira euskarazko liburugintzan Bigarren Mundu Gerraren inguruko urte haietan zehar: Zerbitzari, Oxobi, Leon, P. Aradoi, Iratzeder.

Gerra Ondorengo Lehen Liburua Hegoaldean

Hamarkada aurrera joan ahala, erdi ezkutuan, euskal liburu batzuk kaleratu ziren, baina 1949-1950era arte ez zen baimen ofizialik eskuratu. Zentsura politiko-morala bere onenean ari zen oraindik. Amerikan edo Iparraldean argitaratutakoek ez zuten Hegoaldera sartzerik, era klandestinoan ez bazen. Batzuek uste zuten Francoren erregimena laster eroriko zela, eta ez zuela halako nekerik merezi.

Idazle, editore eta euskaltzale batzuen lan isilari eta Itxaropena argitaletxeari zor zaio euskal liburuak modu finkoan plazaratzeko ahalegin serioa. Patxi Unzurrunzaga zuzendariak lortu zuen euskaraz argitaratzeko baimena. Itxaropenak bideratu zuen euskarazko obren kolekzioa: Kuliska Sorta izenekoa.

  • Mitxelena (1918-1965): Arantzazu, euskal-sinesmenaren poema (1949) gerraosteko lehenengo liburutzat hartzen da Hegoaldean. Erromantze eta kanta zaharren kutsua du. Itxura batean erlijiosoa da, baina irakurketa herritar eta politikoa ere izan dezake.
  • Orixe: Euskaldunak (1950) euskal literaturaren gailurra den poema bukatua zegoen, baina gerrak eragotzi zion kaleratzea; ez zuen harrera oso beroa izan.
  • Etxaniz: Apaiza, poesia, antzerkia eta eleberriak idatzi zituen, kanta berriak eta irratsaioak asmatu zituen. Izotz Kandelak eleberri autobiografikoa idatzi zuen.
  • Onaindia (1909-1996): Langile nekaezina. Aldizkarigintzan, itzulpengintzan eta bertsolaritzan nabarmendu zen Larreko fraide karmeldar hau.
  • Alos: Gazteagoen artean, Torrea nobelatxo historikoa argitaratu zuen.
Erakunde Bat eta Aldizkari Bat: Euskaltzaindia eta EGAN

Gerraren erasoaren ondoren, Euskaltzaindia berrantolatu zen, eta hemendik aurrera sarriago biltzen hasi ziren. EGAN aldizkaria, lehen urteetan meharra bazen ere, 1954tik aurrera euskara hutsean eta itxura lodiagoaz argitaratu zen, Arrue, Irigarai eta Mitxelenaren gidaritzapean. Aldizkari honetan garaiko euskal luma garrantzitsuenek hartuko dute parte, poema, antzerki, ipuin, eleberri edo saiakerekin.