Euskararen Jatorria: Teoriak eta Eztabaidak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,31 KB

Euskararen Jatorria eta Ahaidekoak

Hizkuntzak nonbaitetik datoz. Gaztelania, frantsesa, katalana... badakigu latinetik datozela; latina hizkuntza indoeuroparren segida dela ere bai. Orobat, Ameriketan egiten diren ingelesa, gaztelania edo portugesa Europatik eraman zirela ere bai. **Zein da euskararen jatorria?**

Tubalismoa eta gisako teoria mitiko eta zientzia-seriotasun gabeak albora utzirik, dozenaka hizkuntzarekin alderatu izan da euskara. Baina teoria jakin batzuk nagusitu dira. Ezein teoriak ezin izan du frogatu oraindik euskararen jatorri genetikoa.

Lau Teoria Nagusiak

  1. Euskal Iberiarra (Vasco-iberismoa)

    Teoria horren ustez, erromatar konkistarekin, ordura arte Iberiar penintsula osoan hitz egiten zen hizkuntza bakarra alderatu egin zen; Pirinio mendietara bildua gelditu zen. Hizkuntza hori euskara zen. XV. mendetik XX. mendera arte iraun du teoria honek. Oihenart eta Larramendi, besteak beste, teoria horren aldekoak ziren.

  2. Euskal Kamito-semitikoa (Hizkuntza Kamitikoak)

    Hizkuntza kamitikoekin parekatzean, berbera aipatu izan da gehien. Arabiarrekin inbasioa baino lehenagotik Afrika iparraldean hitz egiten den mintzaira da berberea. Gaur egun ere hitz egiten da: Marokon eta Aljerian. Gaur egun inork gutxik aitortzen die oinarri zientifikorik hark emandako datu eta frogei. Espainiar konkistatzaileak Kanariar uharteetara iritsi baino lehen bertako guantxeek hitz egiten zuten mintzairarekin ere ahaidetu dute hainretek.

  3. Euskal Kaukasiarra

    Kaukason (Europako eki-hegoaldean dauden Kaukaso mendietan, alegia; Georgiako eta Armeniako luraldeetan) mintzatzen diren hizkuntza multzoetako batzuekin uztartzen du euskara teoria honek.

  4. Euskara eta Makrofamilia Dene-Kaukasiarra

    Hauxe da teoriarik berriena. Hipotesi honek duela 6000 urtetik haratago garamatza, indoeuroparrak berak ageri baino lehenagoko garaietara. Iritzi honen aldekoek uste dute, gaur egun irlak bezala inolako ahaidetasun genetikorik gabe dakuskigun hizkuntzak, antzina, baturik zeudela: Ipar Amerikako bertako hainbat hizkuntza, txinatar-tibetarra, kaukasiarrak, euskara, etab.

Ondorioa: Hizkuntza Isla

Lau teoria horiek gorabehera, euskararen jatorri genetikoa frogatzeke dago. Hizkuntza irla bat dela esaten dute hizkuntzalariek, hau da, frogatutako ahaidetasun linguistikorik gabea. Europako hizkuntza indoeuroparren artean, zein erromanikoak, zein hizkuntza eslaviarrak, edo baltikoak, familiarterik gabe geratzen da euskara.

Proto-Euskara eta Continuum Linguistikoa

Garai hartako euskara horri protoeuskara deitzen diote hizkuntzalariek. Latina eta gaztelania bi hizkuntza direla esaten dugu baina, ezberdinak izanda ere, biak etenik gabeko continuum (segida) baten jarraipen dira. Egia da bi hizkuntza ezberdin direla baina gisa berean da egia continuuma osatzen duten hizkuntza bera direla funtsean. Euskararekin ere antzeko zerbait gertatzen da: antzinako euskara eta gaur egunekoa hizkuntza bakartzat hartzen dira, baina antzinako eta gaur egungo bi euskaldunek ez lukete elkar ulertuko. Horregatik deitzen diogu protoeuskara duela 2000 urte inguruko euskara hari. Gauza bera gertatzen da funtsean greziera klasikoaren eta gaur egungoaren artean, esate baterako.