Euskararen bilakaera: Latinaren eragina eta Antzinako Euskara

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,71 KB

Latinaren eragina euskararen bilakaeran

Euskarak, gizartearen antolamenduari, ekonomiari eta ehungintzari dagozkion maileguak hartu zizkion latinari. Zuhaitzen eta barazkien euskal izenek bere horretan iraun zuten, eta abereen izenak ere mantendu egin ziren, etxeko hegaztiak izan ezik.

Euskaraz, -tu atzizkiaz baliatzen gara izenak nahiz adjektiboak aditz bihurtzeko: Argi + -tu > argitu. Euskaraz hain emankor gertatzen zaigun -tu atzizkia latinezko aditzaren -tum bukaeratik dator. Latinaren eta hizkuntza erromanikoen eragin ugariez gain, germaniar eta arabiar hizkuntzek ere aztarna bakan batzuk utzi zituzten.

Antzinako Euskararen deskribapena

Garai hartan hitz egiten zen hizkuntzaren lekuko gisa, K.o. 1.-3. mendeetako inskripzioetan bildurik aurkitu den euskarari Antzinako Euskara deituko diogu. Latinez idatzitako hilarri eta txanponetan han-hemen tartekaturik ageri diren euskarazko izen bereziak dira gure hizkuntzaren aurreneko lekukotasunak. Haietariko gehienak Pirinio mendien iparraldean agertu badira.

Euskal izenak Akitaniako inskripzioetan

Esan bezala, ez da gorde euskaraz idatzirik dagoen antzinako testurik, baina bai, ordea, K.o. lehen hiru mendeetan harrien gainean zizelkaturiko latinezko inskripzioetan txertaturik gorde diren euskal izenak. Inskripzio hauek, orotara, laurehunen bat pertsona-izen (hildakoen edo omenduen izenak) eta hirurogeita hamarren bat jainko-izen biltzen dituzte. Horrelako harrien multzorik handienak Pirinioetako ibaiei datxezkien haranetan aurkitu dira.

Zenbat eta hurbilago egon Garona ibaiaren sorburutik eta Comminges aldetik, orduan eta izen gehiago agertzen dira.

Generoa eta numeroaren markak eta kategoria gramatikalek hitz konposatuetan hartzen duten hurrenkera.

Akitaniako izenen edukia

Akitaniako inskripzioetan irakur daitezkeen erromatarren aurreko izenetan, batzuk galiarrak dira, beste batzuk euskarazkoak, eta badira euskararen eta beste hizkuntzaren baten hibridoak direnak, euskararen eta galieraren, latinaren edo iberieraren arteko nahasketak. Hona hemen Akitaniako euskal izenetan batu diren sustrai batzuk: Andere, Andosso, Attaco… Ez dakigu zein den haietako batzuen etimologia, baina, hemen aipatu ditugunek bezala, geroztikako euskararen bidez ondo ulertzen direnek jendearen sexua, adina eta ahaidetasunaren berri ematen digute. Animalia, jainko eta koloreen izenak ere badira, eta baita adjektiboak. Akitaniako euskal izen batzuk bakunak dira eta besteak konposatuak. Akitania aldean kausituriko izen askok atzizkiren bat daramate bukaeran. Eta horregatik, geroztikako euskaraz baliaturik, erraz samar uler eta itzul ditzakegu. Latinezko inskripzioetan txertatuak daudenez gero, latinaren deklinabide markak hartzen dituzte.

Antzinako euskal izenen fonetika

Antzinako euskaran oraingoan erabiltzen diren bost bokal berberak erabiltzen ziren. Kontsonanteen artean, P letra gutxitan azaltzen da, eta batzuetan badirudi B hotsaren aldaera dela. Kontsonanteen artean, baditugu P, T, K eta B, D, G sailak, eta bai lehen sailaren bi aspiratu ere: th eta kh. M hotsa ere bakan agertzen da, B aurrean soilik. Badira R eta RR, baina sekula ere ez hitz hasieran. S hotsarekin batera, SS eta XS letrez idazten ziren, eta gaur egungo euskaran TZ, TS eta TX letrez idazten diren hotsen antzekoak izango ziren. H aspiratua da, antzinako euskararen bereizgarririk nabarienetako bat, inguruko hizkuntzek ez zutelako horrelako hotsik bereizten. Aspirazioa gordetzen duten euskalkietan erabiltzen den toki beretan erabiltzen zen H hotsa antzinako euskara hartan. Antzinako euskararen hotsen zerrenda bat dator XI. mendeaz geroztik ezagutu dugun euskararen hotsekin.