Gabriel Aresti: Euskal Literaturaren Berritzaile eta Kritikoa
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,18 KB
Gabriel Arestiren Bizitza eta Euskararekiko Bidea
Bilbon jaio zen 1933an, eta Francoren errepresio-urteak ezagutu zituen. Merkataritzako peritu-ikasketak egin ondoren, kontularitza-lanetan jardun zuen Bilboko portuko zamaketa-enpresetan. Arestiren familiak euskararen galera ezagutu zuen, eta berak bere kabuz ikasi behar izan zuen: 12 urterekin hasi zen, baliabide normalizaturik ez zegoen garaian, eta gainera garbizalekeriaren eraginpean. Ikasi zuen euskara garbizaleak ez zion balio izan herriarekin jarduteko, gerora konturatu zen bezala, eta herri-hizkera ikasi beharraren garrantziaz jabetu zen. Arestik bere bizitzarekin erakutsi zuen gogoz eta sentimenduz hartuta, bigarren hizkuntza norberaren lehen hizkuntza ere bihur daitekeela.
Literatura Hastapenak eta Eraginak
21 urterekin hasi zen idazten Euzko Gogoa aldizkarian. Alfontso Irigoienen bidez euskal poesia eta bertsolaritza ezagutu zituen. Munduko literatura zuzenean ezagutzen zuen, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez irakurtzen zuelako. Bilboko literatur tertulietan ezkerreko idazle erdaldun asko ezagutu zituen, eta horien bidez Blas de Otero eta Gabriel Celaya. Juan San Martin, Karlos Santamaria eta Gregorio Monrealekin ere harremanak izan zituen, baita Jon Miranderekin ere. Eragin horien guztien erdian, bere ekarpena izan zen erakustea euskara gai zela goi-mailako literatura egiteko; izan ere, ordura arte baserriari eta gizarte zaharrari lotutako irudia erakusten zuen euskal literaturak.
Jarrera Kritikoa eta Nazioarteko Harremanak
Bere bidez, ideologia sozialista eta komunistako idazleek euskal aldarrikapenak bestelako begiekin ikusten hasi ziren. Marxista zurruna zen, baina ez zuen onartzen alderdi komunistaren jarrera euskal arazoaren aurrean. Alabaina, abertzaleak ere kritikatzen zituen, euskararekiko erakusten zuten epelkeriarengatik. Era guztietako hipokrisia, injustizia eta zapalketaren aurka zintzo eta jator aritzen zen.
Idazle galiziar eta katalanekin ere izan zituen harremanak, Espriu eta Salvatekin, esate baterako. Hainbat herrialde eta hizkuntzatako poeten lanak ere itzuli zituen, besteak beste:
- Shakespeare
- Brecht
- Blas de Otero
- Boccaccio
- Juan Ramón Jiménez
- Baudelaire
Euskal Literaturaren Berritzailea: Poesia eta Sariak
Euskara literaturarako hizkuntza gisa nobleatu zuen. Poesia landu zuen gehien. Sari ugari jaso zituen:
- Loramendi saria (1959)
- Orixe saria (1963)
- Lizardi saria (1966)
- Iparragirre saria (1968)
Bere lehen lan garrantzitsua Maldan behera izan zen, Euskera aldizkarian 1960an argitaratua: gizakiaren bilakaera eta poesiarena bilbatu zituen bertan. Entzute handiagoa izan zuen Harri eta herri (1963) lanak. Honek hiriko gizonaren ikuspuntutik azaldutako sentimenduak eta protestako gai sozialak biltzen ditu. Bide beretik etorri ziren Euskal harria (1967) eta Harrizko herri hau (1970).
Gazteen eta Artisten Inspiratzaile
Lan hauek arrakasta handia izan zuten gazteen artean, ordura arteko poesia klasikoaren lekuan kezka biziagoak eta forma hurbilagoak erakusten zituelako, euskara ulergarriago batean. Haren lanek aldi berean euskaldun eta aurrerazale izatea posible zela aldarrikatu zuten, eta euskaraz idazteari balioa eman zion.
Musikarien eta Artista Plastikoen Inspiratzaile
Garaiko kantari gazteek haren poemak kantatu zituzten, eta batzuk jada klasiko bihurtu dira:
- San Simon eta San Juda
- Egun da Santimamina
Oteiza eta Ibarrola ezagutu zituen, eta haien lanetan eragina izan zuen. Txillidak Gure aitaren etxea lana egin zuen geroago.
Antzerkigile, Eleberrigile eta Artikulu-Idazle
Antzerkia ere idatzi zuen, eta XVIII. mendeko lehen euskal antzerki-lana, Gabonetako ikuskizuna, aztertu zuen, lan honen literatur balioak erakutsiz. Berak idatzitako antzezlanen artean honako hauek daude:
- Mugaldeko herrian eginikako tobera
- Justizia txistulari
- Etxe aberatseko seme galdua
- Madalenaren seme santua
- Eta gure heriotzeko orduan
Eleberri bakarra idatzi zuen, helburu didaktiko batekin: Mundu-munduan.
Artikulu asko idatzi zituen euskal aldizkarietan, besteak beste:
- Zeruko Argia
- Olerti
- Egan
- Anaitasuna
Horietako asko probokatzeko asmoz idatzi zituen.
Arestiren Nortasuna eta Eztabaida Grina
Askok pertsona zakartzat zuten arren, lagunkoia eta umore onekoa zen. Zirikatzailea eta istiluzalea ere bai. Euskal kulturan borroka- eta eztabaida-giroa sortu eta eragin nahi zuen, euskarak aurrera egiteko, mundu tradizionaletik atera behar zela pentsatzen zuelako. Batzuetan eskandaluak ere antolatzen zituen, dela ortografia, dela ideologia gaitzat hartuta, eztabaidak sustatzeko.
Askori ez zioten barkatu, eta baztertzen ahalegindu ziren, baina alferrik: abertzale batzuen alderdikeria kritikatzen zuen, eta komunisten aurrean euskararen defentsan jarduten zuen. Hala ere, elizgizon askoren laguna ere izan zen.