Filosofiaren Testuinguru Historikoa: Platonetik Humera

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 8,75 KB

PLATONEN TESTUINGURAKETA

Antzinako Grezia eta Gerra Erabakigarriak

K.a. V. mendea izan zen kultura klasikoaren goreneko unea (eskulturagileak, literaturgileak… pentsaera ideala zutelarik, heroiaren irudi perfektua). Mende hartan bi gerra erabakigarri eman ziren:

  • Gerra Medikoak (K.a. 490-479)

    Atenas eta Persiaren arteko gerra izan zen, Persiarrek Atenasko kultur gune sakratuari su eman ondorioz sortutakoa. Guda horretan Atenas atera zen irabazle, eta horren ondorioz Atenaseko ekonomia, politika eta kultura gorenera iritsi ziren.

  • Peloponesoko Gerra Zibila (K.a. 431-404)

    Atenas eta Espartaren arteko gerra izan zen, gizarte eta politika forma desberdinak izateagatik, bai eta Periklesek Delosko altxorra Atenasera eraman izanaren ondorioz sortua. Espartak irabazi zuen gerra hura. Atenasek galdu zuenez, “30 Handikien Gobernua” despota sorrarazi zuen (Platonen familiakideak barne), eta beraz, Platon bera ere parte hartzera gonbidatua izan zen. Gobernu honen porrotak demokrazia ekarri bazuen ere, honek Sokrates hiltzera kondenatu zuen, Platonen mesfidantza sorraraziz.

Platonen Bizitza eta Obra

Platon, beraz, Peloponesoko gerra bitartean jaio zen (K.a. 427an), familia aristokrata batean. Politikan murgildurik zeudenez, honek eragin nabaria izan zuen Platonengan, bere interesa piztuz. K.a. 407an Sokrates ezagutu zuen eta bere ikasle izan zen hura hil zen arte. Politika arazoak zirela eta, Egipto eta Siziliara joan zen eta bertan bere politika lan garrantzitsuenak idatzi zituen. Atenasera bueltan etorri zenean Akademia, hau da, lehenengo eskola filosofikoa, sortu zuen eta K.a. 348 urte inguruan hil zen.

Eragin Filosofikoak eta Gatazkak

Zenbait gatazka garrantzitsu izan ziren Platonen filosofian eragina izan zutenak:

  • Sokratesen eta Sofisten arteko desadostasuna

    Sofisten ustetan, ezinezkoa zen ezagutza unibertsala lortzea, baina Sokratesek aldiz posiblea zela zioen. Platonek biei eman zien arrazoia modu batean, berak honakoa esaten baitzuen: ezagutza unibertsala lortzea posiblea da, baina ez aldakorra den mundu batean oinarrituta.

  • Parmenidesen eta Heraklitoren arteko gatazka

    Parmenidesen ustez, mundu fisikoa aldakorra den arren, beti egongo da zerbait finkoa dena (gauzen izatea). Heraklitok aldiz ez zuen horrela ikusten eta honek mundu fisikoa aldakorra zela zioen. Platon kasu honetan Heraklitoren alde agertuko da.

  • Pitagorikoak eta Demokritoren arteko gatazka

    Demokritok existitzen den guztia materiaz egina dagoela zioen; aldiz, Pitagorikoen ustetan, zenbait gauza ez dira materialak (arima, adibidez). Platonek, kasu honetan, Pitagorikoak defendatuko ditu.

Eta beraz, teoria hauek oinarritzat hartuz, bi munduen arteko banaketa proposatu zuen: mundu sentikorra eta mundu adigarria.

ARISTOTELESEN TESTUINGURAKETA

Aristotelesen Gaztaroa eta Akademia

Aristoteles K.a. 384. urtean jaio zen Estagiran, beraz mazedoniarra zen. 18 urte zituela Atenasera joan zen eta Platonen Akademian ikasten hasi zen. Bertan, Platonen irakaspenak jaso zituen 20 bat urtez, bere lanak bereganatuz, baina baita kritikatu ere. Honenganako kritika izan zen bere filosofiaren oinarria.

Mazedoniarren Garaipena eta Erbestea

Platon hil zeneko garaian, Keroneako gudua eman zen (K.a. 338an). Filipo II.ak, mazedoniarrak, Atenas garaitu zuen eta horrek mazedoniarren aurkako sentimenduak piztuarazi zituen Atenaseko jendearen artean. Horren ondorioz, Aristoteles ere mazedoniarra izanik, Atenasetik alde egitea erabaki zuen.

Aristoteles kanpoan zegoela, Filipo II.aren seme Alexandro Handiaren heziketaz arduratu zen, eta momentu hartan jorratu zituen batez ere gai politikoak. Filipo II.a hil zenean, Atenasera itzuli zen eta bertan Lizeoa, hau da, bere filosofia eskola, ireki zuen.

K.a. 323an, Alexandro Handia erregea hil zen, eta horrek, berriro ere, mazedoniarren aurkako sentimenduak areagotu zituen. Aristoteles susmagarritzat hartu zutenez (errege mazedoniarrarekin izandako harremanagatik), erbestera joan behar izan zuen, Eubea irlara, eta bertan hil zen 322. urtean.

Giro Kulturala eta Pentsamenduaren Bilakaera

Giro kulturalari dagokionez, esan beharra dago garai honetan hurbileko arazoez arduratuko direla literaturan. Pinturan zein eskulturan emozioak, sentimenduak… transmitituko dituzte, aurreko aroko eredu perfektuaren bilaketa albo batera utziz. Pentsamendu mailan Platonengandik Aristotelesengana emandako bilakaerarekin pareka daitekeen aldaketa, azken batean.

Bere filosofiari dagokionez, Platonen zein Eudoxoren irakaspenek eragin handia izan zuten beregan, batez ere Platonen idealismoa kritikatuz, aldakortasuna azaltzeko errealismo Aristotelikoan oinarrituz. Eta bere aita medikua zenez, ikerketa fisikorako interesa ere azaldu zuen.

DESCARTESEN TESTUINGURAKETA

Barroko Garaia eta Europako Krisia

René Descartes 1596. urtean jaio zen La Hayen, Frantzian. Barroko garai bete-betean bizi izan zen, Europako Kontzientziaren krisiaren garaian, hain zuzen.

Monarkia absolutuak nagusi baziren kontinentean, “zentralismo” batera jo zuten, ordena nolabait mantentzeko. Nazioen arteko gerrak etengabeak ziren eta honek, desegonkortasun sozioekonomikoa eragin zuen. Hiriak handiagotu zirenez, bizitza soziala arrazionalizatzeko beharra zegoen eta horrekin batera, baita nekazaritza eta ekoizpena ere, kontsumismoa handitu zelako.

Gizarte eta Zientzia Aldaketak

Barroko garaian, zientzien susperraldia eman zen unibertsitateetatik kanpo (Galileo, Kepler…), hauek elizaren menpe baitzeuden. Erlijioari dagokionez, kristautasunaren baitan zatiketak ematen hasi ziren (protestantismoa eta kalbinismoaren sorrera) eta horrek katolikoen erantzuna ekarri zuen: Kontraerreforma, Trentoko kontzilioarekin.

Hori gutxi balitz, nominalismoak filosofiaren krisia ekarri zuen eta iraganarekiko haustura. Errenazimenduko antropozentrismoa gainditu eta lehentasuna arrazoiari eman zitzaion, bat eta bera dela kontsideratuta. Teoria heliozentrikoak, halaber, gizakiaren arrazoian babestu ziren.

Descartesen Bizitza eta Arrazionalismoa

Descartes izan zen krisi horretatik eratorritako arrazionalismoaren aita. Familia noblekoa zen eta La Flèche-n ikasi ondoren, matematikan eta filosofian baino ez zuen sinesten. Hogeita Hamar Urteko Gerran parte hartu zuen mundua ezagutzeagatik, eta armada uztean, Europan zehar bidaiatu zuen. Holandan egondako urteetan lan garrantzitsuenak idatzi zituen: Metodoari buruzko diskurtsoa eta Meditazio metafisikoak. Eta 1650. urtean hil zen Estokolmon, bertako erreginaren irakasle gisa jarduten ari zela.

HUMEREN TESTUINGURAKETA

Ilustrazioaren Garaia (XVIII. mendea)

David Humeren bizitza XVIII. mendean kokatzen da (1711-1776), Ilustrazioaren garaian, hau da, arrazoiaren argiaren garaian. Ilustratuek burgesiaren independentzia eta askatasuna bilatzen dute, arrazoiaren bidez jendeari bizitza gidatzen erakutsiz; azken finean, jendearen heldutasun morala. Hume Edinburgon jaio zen, Eskozian, eta korrontean parte hartu zuen.

Ingalaterrako Iraultza eta Enpirismoa

Ingalaterrako 1688ko Iraultza Loriatsuari esker, parlamentarismoak eta botere banaketak askatasun erlijiosoa, ekonomikoa eta politikoa nagusitzea eragin zuen. Gainera, enpiristek zientziaren eredu berria zeukaten, metodo esperimentalean oinarrituta (Berkeley, Newton…), Hume horien artean egonik.

Ilustrazioaren Ezaugarriak

Ilustrazioa, 1789ko Frantziako Iraultzaren bidez garatu zen. Herrialde horretan entziklopedismoa, materialismoa eta filosofia soziopolitikoa ziren nagusi; korronte horiek Alemanian izan zutelarik amaiera. Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira: elizaren iluntasunaren eta sinesmenaren aurkako borroka, jakintzaren aurrerapena, norbere buruaren garapena aurreiritzi dogmatikoaren aurka...

Horretaz gain, Oxfordeko unibertsitateak asko lagundu zuen zientzia enpiristen garapenean, Elizaren eraginpetik nahiko aske zegoelako eta Aristotelesen ikerkuntzan oinarritzen zelako.

Humeren Ibilbidea eta Obra Nagusiak

Hume familia noble batean jaio zen, eta zuzenbidea ikasi zuen. Ez zuen abokatu lana gustuko eta bidaiatzeari ekin zion (baldintza txarretan). Frantzian ikasten zegoela, Giza naturari buruzko tratatua idatzi zuen, eta Londresen Giza ezagutzari buruzko ikerketa. Viena eta Turingo gorteak ezagutu zituen, Parisko enbaxadore izan zen eta zenbait ilustratu ezagutu zituen. 1776an gaixorik hil zen, historialari, ekonomilari, filosofo... izan ondoren.