Feminismoa, Pentsamendu Kritikoa eta Susmoaren Filosofia
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 10,02 KB
Simone de Beauvoir eta “Bigarren Sexua”
1949an, feminismoaren oinarri bihurtu zen “Bigarren Sexua” liburua idatzi zuen Simone de Beauvoirrek. Liburuaren helburu nagusia emakumeak bere burua definitzeko duen gaitasuna berreskuratzea da. Beauvoirren ustez, gizakiaren funtsa askatasuna da, hau da, bakoitzak bere bizitza proiektu propio bihurtzeko gaitasuna du. Baina emakumeen kasuan, gizonek erabakitzen dute emakumeen izateko modua, eta horregatik emakumeak menpean jarraitzen du.
Filosofia existentzialistaren arabera, ez dago giza esentzia finko edo aurrez zehaztutako paturik: gizakiak bere burua eraikitzen du bizitzan zehar. Baina emakumea salbuespen gisa tratatzen da, eta bere “esentzia” aurretik inposatzen dio gizonak, bere sexu biologikoan eta gizarteak emandako datuetan oinarrituz. Hala ere, Beauvoirren ustez datu horiek ez dira nahikoa emakumea definitzeko, datuei guk ematen diegulako esanahia edo zentzua. Beraz, kontua da datuen esanahia argitzea.
Beauvoirrek adierazten du “emakumea ez dela jaiotzen: egin egiten dela”, eta hori gizarteak nagusi-esklabo harremanaren bidez eraikitzen duela. Gizona subjektu aktibo eta unibertsaltzat hartzen da, eta emakumea, berriz, “bestea”, objektu pasibo eta menpekoa. Horren ondorioz, nagusitasunezko harremana sortzen da, emakumeari ez baitzaio aukera ematen bere kabuz definitzeko eta jarduteko.
Gainera, kulturak emakumea moldatzen du txikitatik, gizonaren zerbitzura dagoen emakume-eredua barneratu dezan (ama, emaztea…). Hezkuntzaren, lanaren banaketaren eta amatasunaren inguruko ideologia tradizionalek emakumeak esparru pribatuan itxita mantentzen dituzte, autonomia ukatuz. Beauvoirrek egoera hori salatu eta emakumearen askatasun sexuala, ekonomikoa eta erabakitzeko ahalmena defendatzen ditu.
Azken batean, Beauvoirren helburua sexuen arteko berdintasuna eta harreman hierarkikoen desegitea da, emakumeek ere subjektu autonomo eta burujabe gisa bizitzeko aukera izan dezaten. Horretarako, askapen kolektiboa eta egiturazko aldaketak behar dira.
Hegelen Dialektika: Gizonen eta Emakumeen arteko Asimetria
“Bigarren Sexua” lanean, Hegelen nagusiaren eta esklaboaren dialektika filosofiaren bidez azaltzen du emakumea nola bihurtu den gizarte patriarkalean “bestea”, subjektu aktiboaren (gizonaren) aurrean.
Asimetriaren arrazoiak
Beauvoirren arabera, gizon eta emakumeak ez dira kategoria simetrikoak. Gizonaren ikuspegia unibertsal eta neutrotzat hartzen da, baina emakumea beti bere generoagatik baldintzatua egongo da. Horrela, emakumea gizonen neurrira definitzen da, eta horrek mendeko egoeran jartzen du.
Nagusiaren eta Esklaboaren Dialektikaren irakurketa feminista
Hegelen arabera, norbera izateko, bestearen aitortza behar da. Bi aldeek elkar aitortu behar lukete maila berean. Baina emakumeen eta gizonen kasuan, aitortza hori ez da orekatua. Simone de Beauvoirren ustez, emakumeak gizonen begietatik definitzen du bere burua. Hiru arrazoi nagusik azaltzen dute zergatik:
- Arriskatzeko gaitasuna eta askatasuna: Gizonek ekintza arriskutsuak egiten dituzte (ehiza, gerra...) eta horrela gizartearen onarpena lortzen dute.
- Onarpena: Emakumeek gizonen balioa onartzen dute, beraiek ekintza horietan parte hartu ezin duten arren.
- Menderatzea eta babestea: Gizonek beren botereaz emakumeak menpean hartzen dituzte, eta horri “babes” itxura ematen diote.
Gainera, emakumeek ez dute beren ugalkortasuna kontrolatzeko aukerarik izan historian, eta horrek askatasunez ekiteko aukera ukatu die. Horren ondorioz, gizarteko boterea eta ospea gizonen esku geratu dira, eta horren inguruan eraiki da patriarkatua.
Morrontza-harremana ezeztatzeko zailtasunak
Beauvoirrek uste du emakumearen benetako emantzipazioa oraindik ez dela lortu. Horretarako, emakumeek aukera errealak behar dituzte beren bizitza autonomiaz antolatzeko. Berdintasunezko harremanak soilik izango dira posible emakumeak bere burua subjektu gisa baieztatzen duenean. Horrela, emakumearen askatasuna hiru oinarritan bermatu behar da:
- Amatasunaren inguruko erabakiak askatasunez hartzeko aukera.
- Zaintza-lanen banaketa bidezkoagoa.
- Autonomia ekonomiko osoa eta aukera berdintasuna hezkuntzan.
Pentsamendu Kritikoa Postmodernitatean
Postmodernitatearen ezaugarri nagusia egia tradizional eta absolutuak baztertzea eta eremu guztietako perspektiben aniztasuna positiboki baloratzea da. Testuinguru honetan, zein da pentsamendu kritikoaren balioa gaur egungo munduan?
Totalitarismoaren aurrean, pentsamendu kritikoa
XX. mendetik aurrera, totalitarismoak garrantzia handia hartu zuen. Totalitarismoa botere guztiak sistema edo pertsona baten menpe egotean datza. Zenbait mendetan zehar, frankismoan esaterako, totalitarismoak indarra hartu zuen, eta horren aurrean pentsamendu kritikoa ezinbesteko tresna izan da boterea zalantzan jartzeko, feminismoa adierazle nagusietako bat izanik.
Feminismoa eta askatasunaren aldarrikapena
Alde batetik, pentsamendu kritikoaz baliatuz, feministek, beste askoren artean, patriarkatuaren aurka egin eta hark inposatutako nagusitasuna eta absolutismoa zalantzan jarri dituzte, berdintasuna aldarrikatuz. Feminismoaren aitzindari nagusietako bat Simone de Beauvoir izan zen. Simonek “Bigarren Sexua” liburua idatzi eta emakumeen askatasuna eta bizi-proiektua eraikitzeko aldarrikapena egin zuen. Simonen iritziz, neskatoa txikitatik gizonen menpekotasunean bizi da; beraz, hura salatu eta amatasun askearen, abortuaren eta oinarrizko eskubideen alde egin zuen. Gaur egun oso errotuta dago gizartean generoaren ezabaketa eta haren estereotipoen suntsiketa. Bide horretatik, Simonen “emakumea, egin egiten da” leloari erreferentzia egingo lioke gaur egun emakume izateko modu ezberdinak daudela erakutsiz.
Platonen absolutismoa
Bestalde, balio absolutuak defendatu eta, hortaz, pentsamendu kritikoaren balioa babestuko ez luketen filosofoen artean Platon legoke. Platonek egia eta balio moral absolutuen beharra aldarrikatzen zuen. Beraz, Platonek totalitarismoa eta ideologia gabeko masak defendatzen zituen. Gainera, bere filosofia objektiboa eta hierarkikoa da; egia eta ona bereizten ditu, ideien eta gauzen mundua eta, nola ez, emakumeak eta gizonak. Horregatik, postmodernitatean nagusitutako aniztasunaren, pentsamendu kritikoaren eta autonomia moralaren kontra egongo litzateke, pentsamendu bakarra defendatuz. Gaur egun, gauzak hobera joan diren arren, oraindik adimen artifizialak patroi unibertsalak diseinatzen ditu eta medikuntzan, zuzenbidean zein psikologian egia objektibo bat bilatzen saiatzen dira haren bitartez. Beraz, ideia platonikoekin bat egiten du eta aniztasuna ukatu.
Nire ustez, pentsamendu kritikoa balio handikoa da gaur egungo gizartean. Gizarteak mende askotan zehar inposatutako balio absolutu eta ideologia matxistak agerikoak izan dira, eta gizarteak jasandako errepresioaren ostean pentsamendu kritikoa ezinbestekoa da oinarrizko eskubideak zapaltzeari uzteko eta gizarte berdintsuago eta inklusiboago bat lortzeko. Beraz, gogora ekarri behar da Simonek izandako garrantzia eta egindako lana pentsamendu kritikoa garatuz.
Susmoaren Filosofoak eta Erlijioaren Kritika
Modernitatetik postmodernitatera igarotzean, Susmoaren Filosofoek (Freud, Nietzsche eta Marx) hainbat esparrutatik ekin zioten, baina beti modu kritikoan, Jainkoaren ideiak mendebaldeko kulturan izan zuen eraginari. Zertarako balio dute erlijioek? Erlijioek lehen betetzen zuten lekua beste zerbaitek ordezkatu al du?
Erlijioaren baliagarritasunaren eztabaida
Gai honen arabera, Susmoaren Filosofoek Mendebaldeko kulturan erlijioak izandako eragina kritikoki aztertu zuten. Modu honetan, erlijioaren baliogarritasuna gogorki kritikatu eta ateismoa aldarrikatu zuten. Erdi Aroko filosofoek, esaterako, Agustinek, erlijioa goraipatu zuten. XX. mendean Susmoaren Filosofoak agertzean (Freud, Marx eta Nietzsche) erlijioa suntsitu nahi izan zuten. Bi jarrera kontrajarri hauen aurrean, balio al du zerbaitetarako erlijioak? Erlijioa desagertzekotan, bete ahal dezake beste zerbaitek bere lekua?
Agustinen defentsa
Alde batetik, batzuek diote erlijioa ezinbestekoa dela eta haren lekua ordezkaezina dela. Filosofian zehar Kristautasunaren adierazle nagusietako bat Agustin Hiponakoa izan da. Agustinen arabera, Jainkoa ezagutu behar dugu zoriontsuak eta bertutetsuak izateko, eta horretarako beharrezkoa da Jainkoaren argiztapena. Beraz, Agustinek argi utzi zuen erlijioaren ezinbestekotasuna. Erlijioak azken urte hauetan izandako eragina nabaria da; gaur egun hezkuntza sisteman erlijioa aukerako ikasgaia den arren, ikasgaia beharrezkotzat hartzen da, eta ikasgai honetan erlijio guztiak aintzat ez hartzea kristautasunaren nagusitasunaren beste adierazle bat baino ez da.
Nietzsche eta Jainkoaren heriotza
Bestalde, erlijioaren eragin negatiboa azpimarratu eta haren suntsipena aldarrikatzen dutenen artean Nietzsche dago. Nietzschek Mendebaldeko kulturan kristautasunaren balioak ezabatzeko aldarrikapena egin zuen. Ateista zen aldetik, Jainkoaren heriotza irtenbide bezala ikusten zuen balio berriak sortzeko. Beraz, erlijioa baztertu eta haren lekua bizitzarekiko maitasunak bete zezakeela uste zuen. Gaur egun argi eta garbi ikusten da sare sozialetan gazteek zein irudi publikoek ez dutela orokorrean kristautasuna errepresentatzen, eta Instagram bezalako plataformetan Nietzschek aldarrikatutako balio dionisiakoak errepresentatzen direla.
Nire ustez, erlijioak ez du ezertarako balio, eta gizartean erlijioaren eragin negatiboa nabaria denez, haren lekua betetzea ez da beharrezkoa. Jainko baten mende egoteak ez baitio uzten gizakiari aske izaten. Nietzscherekin bat etorriz, Jainkoak mendeetan zehar ezarritako balioekin amaitu beharra dago eta ateismoarekin bat egin. Hala ere, gaur egun Gabonak, igandeak zein jaiegun kristauak ospatzen jarraitzen dugu, Kristautasuna gure artean egoten jarraitzea onartuz.