Hannah Arendt: Totalitarismoaren Jatorriak eta Gaizki Erradikala

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,08 KB

Hannah Arendt: Totalitarismoaren Kontzeptua

Arendtek, totalitarismoaz hitz egitean (terminoa ez da berea), XX. mendeko nazismoa eta Sobietar Batasuneko garai estalinista ditu buruan. Beretzat, historian ez da inoiz horrelako basakeria antolaturik gertatu, eta, hortaz, kategoria berriekin ulertu behar da. Hori azaltzea da Totalitarismoaren jatorriak obraren helburua.

Totalitarismoaren Aurrekariak

Arendtek bi aitzindari identifikatzen ditu totalitarismoaren aurretik:

  1. Europar Antisemitismoa (XVIII. eta XIX. mendeak): Frantzian, esaterako, antisemitismoa Estatuaren nortasuna indartzeko korronte moduan identifikatzen du. Judutarrak, frantziarrak izan arren, ‘frantziar’ bizimoduaren aurkako bezala agertzen baitira askotan (antisemitismo politikoa).
  2. XIX. mende amaierako Inperialismoa: Kapitala inbertitzeko burgesiaren beharra arraza batzuk besteetatik gailentzen zituen ideologiarekin elkartu zen. Horrek beste herrialdeetan egindako sarraskiak (hilketa administratiboak) justifikatu zituen, talde konkretu batzuekiko deshumanizazioa gauzatuz.

Totalitarismoaren Mekanismoak eta Helburua

Aurrekari horiek kontuan hartuta, Lehen Mundu Gerrak Europan utzitako egoera ekonomiko eskasak bidea erraztu zien mugimendu totalitaristei. Horiek ideologiagabeko masak etorkizun hobearen propagandarekin erakarri zituzten, askotan intelektualen laguntzaz.

Behin boterea eskuratuta, lege naturalaren (nazismoa) edota historikoaren (estalinismo garaia) aitzakiarekin, estatuaren forma eta horren legeak aldatzen hasi ziren:

  • Boterea lider bakarraren inguruan bildu.
  • Masak alderdi politikoak ordezkatu.
  • Eskubide indibidualak abolitu.
  • Ekonomia zentralizatu.
  • Propaganda, izu politika eta marko juridikoa antolatu.

Totalitarismoaren helburua boterea mantentzea da. Horretarako, lege natural edo historikoaren aitzakiapean, gizabanakoa suntsitzen joango diren legeak aprobatuko dituzte (kasu askotan, aitzakia berarekin gobernuak legeak ez betetzea edota legeak ez argitaratzea justifikatuko bada ere).

Gizabanakoaren Suntsipena

Suntsipen hori hainbat esparrutan gertatuko da:

  • Pertsona juridikoaren heriotza: Eskubideak izateko eskubidea ukatu.
  • Pertsona moralaren heriotza: Gizartea atomizatua eta bortizkeria onartzen duen gizartea antolatu. Ongia aukeratzea ia ezinezkoa da.
  • Banakotasuna suntsitu: ‘Heriotza-lantegiak’. Ahanzturan eta modu anonimoan hiltzeko esparrua.

Gaizki Erradikala Arendten arabera

Hauxe da, Arendten ustez, totalitarismoak ekarri duen eta berria den gaizki erradikala: ideologia batek gizakia zerbait ‘soberakin’ bihurtzea, ezabagarri bihurtzea, deserrotzea. Totalitarismoak lortu zuen estatuek beren milaka hiritarrei gizatasun-zantzu guztia lapurtzea legaltasun itxurapean.

«Dena da posible» totalitarismoaren barruan. Gizakien etorkizuna burokrazia administratiboaren esku gelditzen da.