Sofistak eta Sokrates: Erlatibismoa eta Unibertsalismo Morala

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,08 KB

Filosofiaren Bira Antropologikoa Atenasen

Sofistek eta Sokratesek filosofiari eman zioten bira antropologikotik abiatuta, filosofiak unibertsoaren azalpenetik gizakiaren bizitzara egin zuen salto. K.a. V. mendean, Atenasen demokrazia garatu zen, eta horrekin batera balio moralak eta politikoak aztertzen hasi ziren. Garai horretan galdera garrantzitsu bat sortu zen: ba al dago ongiaren edo justiziaren eredurik unibertsala, ala pertsona eta herri bakoitzaren araberakoa da?

Sofistak: Erlatibismo Morala eta Konbentzionalismoa

Sofistentzat, ez dago egia edo ongi absoluturik. Gorgiasek esan zuen ez dagoela egiarik, eta egongo balitz ere, ezin litzatekeela ezagutu. Horregatik, eszeptizismo epistemologikoa defendatzen zuten. Protagorasek, berriz, “Gizakia da gauza guztien neurria” esan zuen, eta horrekin adierazi zuen erlatibismo morala: balio etikoak kultura bakoitzaren araberakoak dira. Horrez gain, sofistek uste zuten legeak gizakiek sortuak direla, eta beraz, konbentzionalak direla; hau da, garaiko interesen arabera aldatu daitezke.

Horrek esan nahi du ez dagoela egia edo ongi unibertsalik, baizik eta egoeraren arabera aldatzen den ikuspegia. Gaur egungo gizartean ere ikus daiteke hori: adibidez, abortuaren edo eutanasiari buruzko iritziak oso desberdinak dira herrialde batetik bestera. Sofisten ikuspegitik, bakoitzak bere testuinguruan erabakitzen du zer den zuzena.

Sokrates: Unibertsalismoa eta Intelektualismo Morala

Sokratesek, aldiz, unibertsalismo morala defendatu zuen. Berarentzat, badaude balio moral batzuk guztiontzat berdinak direnak, eta gizakiaren arrazoimenak aurki ditzake. Horri deitzen zaio intelektualismo morala: inor ez da gaiztoa nahi duelako, baizik eta ezjakintasunagatik. Ongia ezagutzen duenak ezin du gaizki jokatu.

Sokratesek, gainera, elkarrizketa sokratikoa erabili zuen egiara iristeko. Metodo horrek bi fase zituen:

  • Ironia: Galderak egiten zituen bere solaskidea kontraesanetan erortzeko.
  • Maieutika: Galderen bidez gidatzen zuen, egiara bera iritsi zedin.

Horrela, Sokratesek erakutsi nahi zuen ezagutza norberaren barruan dagoela, eta ez besteen iritzietan.

Oreka Bilatzea: Balio Unibertsalak eta Aniztasuna

Nire ustez, bi ikuspegi horiek garrantzitsuak dira gaur egungo gizartearentzat. Sofistek erakusten digute kultura-aniztasuna eta iritzi desberdinak errespetatu behar ditugula, baina Sokratesek gogorarazten digu beharrezkoa dela oinarrizko balio unibertsal batzuk mantentzea, hala nola bizitzaren errespetua eta justizia.

Adibidez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala oinarri sokratiko horretan dago, baina aldi berean, kultura bakoitzaren errealitatea ulertu behar dugu. Azkenean, benetan posible al da guztiontzako ongiaren definizio bakarra? Kantek esan zuen bezala: “Jokatu zure ekintzak lege unibertsaltzat izan daitezen moduan.” Agian, hor dago oreka: balio komunak, baina ikuspegi anitzetik eraikiak.