Euskarazko Literaturaren Hastapenak: XVI. eta XVII. Mendeak
Enviado por hamba y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 6,68 KB
XVI. Mendea
XVI. mendean hasi ziren argitaratzen euskarazko lehen liburuak. Ehun urte lehenago asmatu zuten inprenta Alemanian. Aurrerapen horrek izugarrizko bultzada eman zion kulturari, oro har, eta liburugintzari, batez ere.
Europako zenbait tokitan, Errenazimentua ari zen nagusitzen urte haietan. Arte Ederretan, Filosofian nahiz Literaturan eragin handia izan zuen mugimendu berri hark. Grezia eta Erromako kultura klasikoen iturrietatik edan nahi zen berriro, gizakia hartzen zelarik munduaren erdigune eta neurritzat. Inprentak asko lagunduko zion ideia berri horien zabalkuntzari.
Oraindik latina zen Mendebaldeko kultur hizkuntza nagusia; latinez kaleratzen ziren liburu gehienak. Baina Europako zenbait erreinu eta herritako hizkuntzek ere urrats garrantzitsuak emango zituzten: italiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa… literatura lan aipagarriak gauzatzen eta inprimatzen hasiko ziren.
Erlijioaren inguruan XVI. mendean sortuko diren borroka eta gatazkek ere azkartu egingo zuten hizkuntza arrunten erabilera. Protestanteak izango ziren lehenak testuak herri xeheak ulertzeko moduan publikatzen saiatuko zirenak. Baina Trentoko Kontzilioaren (1545-1562) ondoren, katolikoek ere bide horri ekingo zioten, nahiz eta ibilera mantsoagoarekin.
Testuinguru horretan jaioko ziren euskarazko lehenengo liburu inprimatuak. Aurreko mendeetan zenbait kanta zahar eta testu labur idatzi ziren, baina argitaratzeke geratu ziren. XVI. mendean, berriz, liburu banaka batzuek ezagutuko zuten argia. Inprimatutako obren egileen artean, Bernart Etxepare eta Joanes Leizarraga nabarmentzen zaizkigu.
Bernart Etxepare
Euskarazko lehen liburuaren sortzailea Ipar Euskal Herrikoa izan zen, Nafarroa Beherakoa, Garaziko eskualdekoa, hain zuzen. Sarasketan jaio zela uste da XV. mendearen azken zatian, eta urterik gehienak ere Garaziko eskualdean igaro zituen. Eiheralarreko erretore eta Donibaneko bikarioa izan zen.
Nafarroako Erresuman 1512tik aurrera izan ziren gerrak eta istiluak gertutik bizitzea tokatu zitzaion. Hori dela eta, espetxea ere ezagutu zuen, poema batean aitortzen digunez. Atxilotzearen zergatiak ez daude oso garbi: batzuen iritziz, garai hartako gatazkan Gaztelako erregearen alde jokatu izanagatik leporatu zioten; beste batzuek, ordea, uste dute kartzelaren arrazoiak politikoak baino gehiago moralak izan zirela.
Dena den, Etxeparek ozenki aldarrikatzen zuen errugabea zela. Eta badirudi ez zuela harrezkero arazo handirik eduki. Gerora, poema liburua idatzi ez ezik, argitaratu ere egin zioten. Sasoi hartarako ez zen gutxi; euskarazko lehenbizikoa zela kontuan izanik, gainera. Liburua 1545ean plazaratu zen Bordelen, Linguae Vasconum Primitiae izenburuarekin.
Tituluan bertan, hitzaurrean eta amaierako poemetan nabarmen azaltzen du Etxeparek lehen euskal idazlea dela. Euskarari kanpora, plazara, mundura, dantzara irteteko agintzen dio; eta euskaldunek ere bide berriak urra ditzatela nahi du, moldiztegiaren bitartez beren burua erakutsiz. Kontrapas izeneko poeman irakur daitezke era horretako ideiak.
Joanes Leizarraga
Lehengo euskal idazlea poeta genuen, eta bigarrena prosalaria dugu: Joanes Leizarraga lapurtarra (± 1506—1601), Beskoitzeko semea. Eta Etxepare erlijio borroketatik kanpo geratu bazen, katoliko eta protestanteen arteko tirabirek bete-betean harrapatu zuten Leizarraga.
Izan ere, erreforma kalbindarraren eraginez sortu ziren Leizarragaren lan guztiak. Joana III.a Albretekoak, Nafarroako erreginak, katolikoen fedea arbuiatu eta Kalbinen doktrina berriak onartu zituen 1559an. Ordurako galduak zituzten albretarrek Hegoaldeko lur nafarrak, baina Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko zenbait eskualdetako agintari ziren. Joana erregina, bada, artean mendean zeuzkan lurraldeetan kalbinismoa gogor ezartzen saiatu zen.
Joan Perez Lazarragakoa
Oraintsu arte uste zenez, XVI. mendeak ez zuen sortu Hego Euskal Herrian Etxepare eta Leizarragaren pareko idazlerik. Baina 2004an aurkitu den euskarazko eskuizkribu batek sakon astindu du euskal letren mundua: Joan Perez Lazarragakoa (± 1548—1605) arabarraren idazlan batek, alegia.
Arabako iparraldean dagoen Larrea herritxoan jaio zen J. P. Lazarraga, familia aberats baten baitan. Madrilen bizi izan zen hainbat urtean, eta, batez ere, han moldatu bide zuen, oso gazterik, 1567 inguruan, berrogeita hamar orrialdetik gora dituen literatur lana. Liburutxo horrek orduan hain modan zegoen artzain eleberri laburra dakar hasieran, prosaz eta bertsoz lau neska-mutilen maitasun gorabeherak kontatzen dituena; eta, ondoren, 46 poema datoz, 37 euskaraz eta 9 gaztelaniaz, era askotako gaiak landuz, baina amodiozkoak bereziki.
Lazarragaren eskuizkribuak interes handia piztu du hizkuntzalari nahiz literaturazaleen artean. Izan ere, batetik, lekuko paregabea dugu Arabako euskara zaharra nolakoa zen jakiteko; eta, bestetik, Hegoaldean euskaraz ohikoak ez zirela pentsatzen genuen literatura lanei buruzko informazio ugaria ematen digu. Behar den bezala aztertzen denean, badirudi XVI. mendeko euskal gizarteari eta hizkuntzari buruz genituen iritziak neurri batean aldatu eta osatu egingo direla.
XVII. Mendea
XVII. mendean, aurrerakada nabarmena izan zuen euskarazko liburugintzak Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean ere zerbait argitaratu zen, baina kopuruz zein kalitatez ez zen iparraldekoaren mailara iritsi. Desberdintasun horren sustraia arrazoi ekonomikoetan bilatu ohi da. Ternuako arrantzak ematen zituen irabaziak zirela eta, Lapurdiko kostaldean bizimodua asko hobetu omen zen. Baina beste zio batzuk ere bazitezkeen.
Aurreko mendean katoliko eta protestanteen artean izandako erlijio gerrak baretu ziren jadanik. Katolikoek, nagusitasuna berreskuratu ondoren, Trentoko Kontzilioaren aginduak eta erakutsiak sistematikoago zabaltzeari ekin zioten. Beraz, idatzi ziren lan gehienek helburu erlijioso eta didaktikoa zuten; are gehiago, sorginkeriak eta haren kontrako errepresio basatiak 1610 aldera Lapurdiko lurretan utzi zuten izua eta nahasmena kontuan harturik.
Beraz, kostaldeko gorakada ekonomikoak eta giro erlijioso eta sozial berezi horrek bideratu zuten, neurri handi batean, Lapurdiko euskal literaturaren loraldia. Eta emaitzak ez ziren nolanahikoak izan: idazle mordoxka ederrak argitaratu zituen liburuak; batzuetan, titulu bat baino gehiago, gainera. Sara, Ziburu eta Donibane Lohizune herrien artean osatutako triangeluan jardun zuten mende hartako autore askok. Horregatik, Sarako Eskola edo taldea osatzen zutela esaten da.
Sarako Taldea
Iparraldean euskarazko liburuen produkzioa erruz ugalduko duten sei edo zazpi idazle eta euskaltzale hauek honako ezaugarri hauek dituzte:
- Ziburu, Donibane eta Sarako elizgizonak ziren gehienak.