Ilustrazioa eta Despotismo Ilustratua: XVIII. Mendeko Erreformak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,73 KB

XVIII. mendean, Ilustrazio izeneko mugimendu intelektuala garatu zen, eta Antzinako Erregimenaren kritika sakona egin zuen. Monarkek ilustratuen zenbait ideia aplikatu zituzten, eta horrela sortu zen despotismo ilustratua.

Ilustrazioa: Pentsamolde-aldaketa

Europan XVIII. mendean garaturiko mugimendu intelektuala zen Ilustrazioa. Haien ustez, gizartea arrazoimena aplikatuz azter zitekeela defendatzen zuten. Gobernu-sistemek zer zen zentzuzkoa eta egokiena hartu behar zutela kontuan, eta ez tradizio hutsari besterik gabe eutsi. Arrazoimena aplikatzeak gizadiaren etengabeko aurrerapena eragingo zuela uste zuten.

  • Gizakia ardatz: Gizakia zen pentsalari ilustratuen teorien ardatz nagusia. Pertsonek eskubide naturalak dituztela defendatzen zuten; esaterako, norbanakoen askatasuna eta jabetzak izateko eskubidea. Botereak ezin zituen eskubide horiek deuseztatu.
  • Tolerantzia: Tolerantziak giza bizikidetzaren oinarria izan behar zuela esaten zuten.

Ilustrazioa joera erreformista zen, garaiko gizarteari kritika gogorra egin zion, eta gizarte hori aldatu nahi zuten.

Antzinako Erregimenaren Kritika

Ilustratuek estamentuzko gizartearen aurka egin zuten. Tradizioan oinarrituriko sistema zen, non familiaren maila garrantzitsuena zen. Sistema horren ordez, gizarte- eta lege-berdintasuneko sistema aldarrikatzen zuten; pertsona guztiek izan behar zutela gizarte-aurrerapena lortzeko aukera, eta ekonomia- edo familia-pribilegioen ordez, pertsonen gaitasunak hartu behar zirela kontuan.

Zenbait gizarte-talderen eta erakunderen pribilegioak ekonomia-hazkunderako oztopo zirela uste zuten. Gizarte-talde eta erakunde horiek kritika gogorra egin zieten ilustratuei, Ilustrazioa arriskutsua zela uste baitzuten, beren pribilegioei eusteko.

Despotismo Ilustratua

XVIII. mendeko monarkek ere ilustratuen ideien eragina izan zuten. Monarkia absolutuak ideia ilustratuak aplikatzean sorturiko politika-sistemari despotismo ilustratua deritzo. Monarkek gizarteak aurrera egitea nahi zuten, baina monarkiak prozesu horren gidari izanda, gizartea kontuan hartu gabe. Absolutismoari eutsi zioten, herriari politika-sisteman parte hartzen utzi gabe.

Ilustrazioak eraginda, XVIII. mendeko monarkek biztanleen bizimodua hobetzeko erreformak egin zituzten erresumetan:

  • Hezkuntza zabaldu.
  • Hirien trazatua aldatu.
  • Uren eta elikagaien hornidura hobetu.
  • Bideen eta portuen sareak berritu.

Baina ideia ilustratuek bazuten beste alde baliagarri bat. Monarkek aurrera egin nahi zuten botere-kontzentrazioaren prozesuan. Ilustrazioak pribilegiatuei eginiko kritika baliagarria zen monarkak kontrolpetik at zeuden zenbait alderdi desagerrarazteko.