Euskal Poesia Garaikidearen Gida: Egileak eta Obrak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,28 KB
Euskal poesiaren babeslekuak: Aldizkariak
Liburuez gainera, hainbat aldizkari izan ziren poesia lanen babesleku nagusiak. Horien artean, Egan eta Euzko-Gogoa nabarmendu ziren, Olerti aldizkariarekin batera, jakina.
Iratzederren inspirazio iturriak
Jean Marie Ihartza, "Iratzeder" beneditarrak, ibilbide poetiko luzea egin zuen. Antzerki laburrak eta prosazko lanak idatzi bazituen ere, poesiarako joera nagusitu zitzaion. Bere lanetan, izadia, herria edota erlijioa izan zituen inspirazio iturri nagusi.
Jon Mirande: Poesia apurtzailea
Jon Mirande euskaldun berria zen, Parisen jaio eta bizi izana, paganoa eta antikristaua. Euskal herritarren nortasuna defendatzeko indarkeriaren alde agertu zen; hori dela eta, batzuek faxismoaren ukitua ikusten diote bere pentsaerari.
Baldintza horiekin, Mirandereren poesia derrigorrez izan behar zen bestelakoa. Zenbait poemaren erotismoa eta borrokarako deiak harrigarriak ziren orduko literaturzaleentzat. Hala eta guztiz ere, badaki gauzak samurkiro adierazten, ironia fina erabiltzen eta hitz-joko ozenak sortzen.
Bitoriano Gandiaga: Arantzazuko ahotsa
Bitoriano Gandiaga (1928-2001) jaiotzez Mendatakoa (Bizkaia) izan arren, ia bizitza osoa Arantzazun eta inguruetan eman zuen ikasle, apaiz eta irakasle lanetan. Inguru horrek sorrarazi zion bere lehen poema liburua: Elorri (1962). Horrez gain, Hiru gizon bakarka (1974) edota Gabon dut anuntzio (1986) idatzi zituen. Gandiaga hil ondoren ere kaleratu dira haren liburuak, Adio (2004) adibidez.
Gabriel Aresti eta poesia soziala
Poesia asko idatzi zuen Arestik hogei urtean zehar. Lan aipagarrienak hauek dira:
- Maldan behera (1960)
- Harri eta Herri (1964)
- Euskal Harria (1967)
- Harrizko Herri Hau (1970)
Harri eta Herri liburuan estilo zuzenagoa zerabilen; herritarragoa zen eta eguneroko arazoetatik hurbilago zegoen. Urte haietako gizarte-giroari hobeto egokitzen zitzaion liburua izan zen.
Uhin Berria mugimendua
Juan San Martinek 1969an atondu zuen antologia bati ezarri zion Uhin Berri izenburua. Poesia garaikideari eskainitako bilduma zen. Hogeita bost olerkariren lanak zekartzan, eta horien artean bi emakumerenak. Bertan aurki ditzakegu egile hauek:
- Gabriel Aresti
- Amaia Lasa
- Xabier Lete
- Joxean Artze "Hartzabal"
- Mikel Lasa
"Handiaren arrazoiak": Gandiagaren protesta
Bitoriano Gandiagak idatzi zuen Handiaren arrazoiak poema, eta Hiru gizon bakarka liburuaren parte da. Gandiagarengan bi etapa bereiz ditzakegu: hasieran poema lirikoak egin zituen, baina poema hau bigarren etapakoa da, ez baita lirikoa.
Hamabi urteko hausnarketa luzearen ondoren idatzi zuen Hiru gizon bakarka (1974), frankismoaren hondarrean nekez erditu eta argitaratutakoa. Poesia soziala da eta protesta du helburu. Herri izan nahi eta ezin duen Euskal Herriaren egoera korapilatsua adierazten du. "Handia" eta "txikia" hitzekin, gaztelania eta euskara, edota Espainia eta Euskal Herria konparatzen ditu. Gainera, aberatsek pobreen gainean egiten duten zapalkuntza deskribatzeko balio du.
Joxean Artze: "Harriaren izenean"
Harriaren izenean Joxean Artze "Hartzabal" usurbildarrarena da, Eta sasi guztien gainetik liburuko ahapaldia. Olerki hau poesia soziala da eta tonu ironikoa erabiltzen du herriaren alde borrokatu behar dugula adierazteko. Adibidez, "ez duzu mihirik mugituko" dionean kontrakoa esan nahi du: hitz egin behar dugula.
Artze poeta esperimentala eta abangoardiakoa zen. Gandiagak bezala, poesiarekin esperimentatzen zuen eta poema bisualak egiten zituen. Adibidez, HARRIA eta EZ hitzak letra larriz agertzen dira, plastikoki erakargarriak izateko. Gurasoek edo hezitzaileek aholkuak ematerakoan hartuko luketen doinua erabiliz egiten du protesta: ez dugu eskubiderik hitz egiteko, premiak ikusteko edo negarrak aditzeko, inork egingo duelako hori guztia gure ordez, "Harriaren" izenean. Harria hitzak Euskal Herria irudikatzen du hemen ere.