Etika eta Morala: Kontzeptu Nagusiak eta Teoria Filosofikoak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 6,76 KB
Kontzientzia Morala eta Askatasuna
Kontzientzia morala: moralaren aldetik zer dagoen ondo eta zer gaizki bereizteko baliatzen ditugun printzipioez jabetzeko gaitasuna da. Erabakiak hartzeko printzipio orokorretik egoera jakin bati buruzko epai zehatzera pasatu behar dugu. Kontzientziatik bigarren lan hori ere egiten dugu, hau da, epai praktikoak ematea. Printzipio moral jakin batek zer-nolako ondorioak dituen ulertzeko modurik onena hura aplikatzen saiatzea da.
Askatasun Motak: Kanpokoa eta Barnekoa
Kanpoko askatasuna deritzo nahi dugun tokira joateko eta egoki deritzogun moduan jokatzeko aukera izateari, legeak onartutakoaren eta bakoitzaren herrialdeko ohituren baitan. Barneko askatasuna, berriz, gauza bat edo beste nahi izateko askatasuna da. Pertsona bati barneko askatasuna kendu nahi izanez gero, nahimena kendu behar zaio nahitaez, era batera edo bestera.
Determinismoa eta Baldintzapena
Determinismoa eta Barneko Askatasuna
Bi jarrera bereizten dira: zerbaiten kausaz gertatzen delako uste osoa dutenen jarrera hori determinista izango da, giza jokabidea kausalki azaltzen saiatzen bada; bestetik, zenbaitetan askatasunez aritzen garenaren berezko kontzientzia dago, zentzu batean edo bestean aritzera baldintzatuta egon arren.
Baldintzapena vs. Determinismoa
Baldintzatuta egotea eta determinatua egotea ez da berdina. Baldintzatuta egoteak esan nahi du askatasuna ez dela absolutua eta erabatekoa, baina gizakia bere ekintzen erantzule dela. Determinatuta egoteak, aldiz, askatasunez jokatzeko aukera erabat ukatzea esan nahi du.
Determinismo Motak
- Determinismo kosmologikoa (Patua): Estoikoen ustez, beharrezkoa da kosmoaren ordena zein den jakitea hartan nola jokatu jakiteko. Denak arrazoiren bat du eta arrazoi-multzoa ezin denez infinitua izan, unibertsoa zuzentzen duen legea dago. Estoikoek Heraklitoren kosmologia hartu zuten eta arrazoi hori unibertsoaren legea eta patua dela pentsatu zuten.
- Determinismo teologikoa: Erreforma protestantearekin eta kontraerreforma katolikoarekin, munduko ordena kausala eta askatasuna uztartzeko auzia mahaigaineratu zen berriro.
- Determinismo zientifikoa: Hainbat azpimota ditu: monismo fisikalista (gorputzen mugimendua eta psikismoa), determinismo fisiologikoa (ekintza askeak erreflexu baldintzatuak dira), determinismo ekonomikoa, genetikoa eta psikologikoa.
Erantzunkizun Morala eta Soziala
Zer da erantzule izatea?
Epaiketa batean zerbaiten alde egitera adierazi nahi du, edo zalantzazkotzat jo den ekintza bat justifikatzea. Norbaitek beste norbaiti kalteren bat egindakoan, kaltearen ordaina bere gain hartu behar duela adierazten du. Erantzunkizun morala kontzientzia moralaren fenomeno subjektiboa da; ausiki deritzogun gaitzepen-sentimenduak izango dira zigorra.
Askatasuna eta Erantzukizuna Gaur Egun
Askatasunaren beste aldea erantzukizuna da: aske izanez egindakoaren erantzule gara, ez beste ezerena, baina askatasunez egindako ororena, guzti-guztiena. Gaur egun, erantzukizuna gu guztiona da; egoerak hobera egingo badu, denok lagundu behar dugu. Ekoizpenaren eta kontsumoaren izugarrizko eraginez, kutsadura gero eta handiagoa da eta natura-baliabideak agortzen ari dira.
Etikaren Historia: Sokrates eta Sofistak
Sokrates da mendebaldeko etikaren sortzailea, berak proposatu zituelako etikaren funtsezko galderak eta metodoak. K.a. V. mendean, sofistak izeneko filosofo taldea sortu zen, diruaren truke hezkuntza ematen zutena. Sokrates ez bezala, sofistek elokuentziari ematen zioten garrantzia; Sokratesek, ordea, ez zuen kobratzen eta egia aurkitzea zuen helburu.
- Morala jarrera-kontua da: egia bilatzeko jarrera.
- Egia bilatzea dogmatismoaren aurka azaltzea da.
- Metodoak: gogoeta eta elkarrizketa (maieutika edo egia mundura ekartzeko artea).
Zoriontasunaren Teoriak
Hiru Erantzun Nagusi
- Eudemonismoa: Zoriontsu izatea nork bere burua errealizatzea da, gizakiak berezkoak dituen helburuak lortzea (Aristoteles).
- Autarkia: Zoriontsu izatea nork bere burua aski izatea da, inoren mende egon gabe.
- Hedonismoa: Zoriontsu izatea plazera sentitzea eta minik ez izatea da (Epikuro).
Aristoteles vs. Epikuro
Aristotelesen ustez, zoriontasuna gizaki gaituen jarduera (arrazoimena) betetzean datza. Epikurorentzat, ordea, plazera da gizakia bultzatzen duena. Eudemonisten ustez, autorealizazioak plazera eman dezake, baina hedonistentzat plazera zentzumenen asebetetzean datza batez ere.
Bizitza Teorikoa eta Jakinduria Praktikoa
Aristotelesek zioen azken helburua zoriontasuna dela. Zoriontasun gorena kontenplaziozko jardueran (bizitza teorikoa) datza, baina bizitza praktikoan zuhurtasuna behar da. Zuhurtasunak gabeziaren eta gehiegikeriaren arteko erdibidea aurkitzen laguntzen digu (adibidez, adorea koldarkeriaren eta ausarkeriaren artean). Etikak politika eskatzen du, gizabanakoaren zoriontasunak lege zuzenak dituen hiri bat (polisa) behar baitu.
Eskola Filosofiko Nagusiak
- Zinikoak: Zoriontasuna askatasun erradikalean eta naturaren arabera bizitzean datza, gizarteko konbentzioak baztertuz (Antistenes eta Diogenes).
- Estoikoak: Jakintsua dena patuaren esku dagoela ohartzen da eta barne-bakea (ataraxia) bilatzen du, emozioak menderatuz (Seneka, Epikteto, Marko Aurelio).
- Epikureismoa: Ongi kalkulatutako gozamenean oinarritzen da, plazer iraunkorrak bilatuz.
- Utilitarismoa: Helburua ahalik eta izaki bizidun gehienentzat ahalik eta zoriontasun handiena lortzea da.
Kant eta Inperatibo Moralak
Kanten ustez, bi agindu mota daude:
- Inperatibo hipotetikoak: Helburu bat lortzeko aholkuak dira ("X nahi baduzu, egin Y").
- Inperatibo kategorikoak: Baldintzarik gabe behartzen dute ("X egin behar duzu"), gizatasuna errespetatuz eta unibertsaltasuna bilatuz.
Prosedurazko Etika eta Diskurtsoa
XX. mendeko 70eko hamarkadan sortuak, etika hauek (Habermas, Apel) elkarrizketan oinarritzen dira. Diskurtsoaren etikak dio arau bat zuzena dela baldin eta eragina jasotzen duten guztiek, elkarrizketa ideal eta simetriko baten ondoren, onartzen badute. Horretarako, solaskide guztiak baliozko kide gisa hartu behar dira unibertsalizazio printzipioaren pean.