Etika Filosofikoak: Kanten Inperatibo Kategorikotik Utilitarismoraino
Enviado por Troleo y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,85 KB
Kanten Etika: Autonomia eta Inperatibo Kategorikoa
Immanuel Kant filosofoaren arabera, izaki bizidun sentikor guztiek dute plazerarekiko joera, eta guztiok nahi dugu zoriontsuak izan. Baina nahi ditugun helburuak ezin dira moralak izan, ezin baititugu aukeratu. Helburu moralak dira askatasunez proposa ditzakegunak, eta ez naturaz inposatzen zaizkigunak. Agindu horiek gure arrazoimenean sortzen dira, ez nahietan. Bere buruari arauak jartzeko gai den izakia izaki autonomoa da. Inperatibo kategorikoak baldintzarik gabe zerbait egitera behartzen dutenak dira. Inperatibo hipotetikoak, aldiz, zerbait egitera behartzen dutenak dira, egitearen bidez nahi den helbururen bat lortzeko. Kanten arabera, inperatibo hipotetikoak ez dira inperatibo moralak, zuhurtzia-aholkuak baizik.
Kanten prozedurak honako hau proposatzen zuen: arau bat benetan inperatibo kategorikoa bada, printzipio honi jarraitzen diola frogatu ahal izango da: "Ekin zure ekintzaren araua lege unibertsal bihur dadin nahi izateko moduan". Kanten inperatibo kategorikoaren printzipioak bi formulazio nagusi eman zituen.
Diskurtsoaren Etika: Autonomia eta Elkarrizketa
Diskurtsoaren etikaren jarraitzaileak bat datoz Kantekin moralaren mundua giza autonomiarena dela esatean. Gure buruari guk jartzen dizkiogu arauak, eta ez naturak. Baina ez daude ados Kantek autonomia ulertzeko zuen moduarekin. Arrazionaltasun morala ez da monologikoa; ez dute uste pertsona bakoitza nahikoa denik zein arau diren moralak bereizteko.
Pertsonok ez dugu arau bat moralki baliagarria den, edo ez den, ondorioztatu behar huts-hutsik banakakoa den arrazoibide baten bidez, elkarrizketaren bidez baizik. Elkarrizketak adosten denean zein arau den zuzena amaitu behar luke, denen interesak kontuan hartuta. Portaera morala izatea arauak erabakitzean elkarrizketa serioak burutzea da.
Epikuro eta Hedonismo Klasikoa
Mundu grekoa hedonismoaren sorlekua da, "hedone" hitzetik datorrena, "plazer" esan nahi duena. Tradizio etiko hau hiru puntu nagusitan oinarritzen da:
- Sentitzeko gaitasuna duten izaki bizidun guztiek bilatzen dute plazera eta ihes egiten diote minari. Plazera da animalien eta gizakien portaeraren eragilea.
- Zoriontasuna datza gure bizitza antolatzean ahalik eta plazer handiena lortzeko eta ahalik eta min txikiena jasateko.
- Gure ekintzen ondorioak kalkulatzen dituen arrazoimen bat dugu, ekintza horiek balioetsiz ematen duten plazeraren arabera.
Epikurok bi plazer mota bereizten zituen: negatiboak eta positiboak.
- Negatiboak: Armonian oinarritzen dira, gorputzeko min gabeziak eta arimako aztoramen gabeziak sortuak.
- Positiboak: Mina baretzea baino harago doazen kitzikatzeek sortzen dituzte, ondorio mingarriak erraz sor ditzaketenak.
Epikurok plazer negatiboak egonkorragoak zirela uste zuen, arrisku gutxiago zutelako.
Utilitarismoa: Hedonismo Modernoa
Utilitarismoak helburu moraltzat jotzen du ahalik eta zoriontasun handiena lortzea mina eta plazerra sentitzeko gai direnentzat. Plazerra, kasu honetan, gehiengoaren ongizatea bezala ulertzen da. Portaera bat morala izateko, gure erabakien ondorioak kalkulatzen ikasi behar dugu, ahalik eta pertsona gehienen plazer handiena helburu izanik, eta kalkulu horien arabera jardun behar dugu.
Jeremy Bentham-en iritziz, plazerra neurgarria da. Kualitatiboki plazer guztiak berdinak dira, eta kopurua da bereizten dituena. John Stuart Mill-ek, aldiz, uste zuen plazerrak desberdinak zirela kualitatiboki ere, ez bakarrik kopuruari dagokionez. Beraz, goi-mailako eta behe-mailako plazerrak daude. Stuart Mill-en utilitarismoaren arabera, on gorena ongizate soziala da.