Eskaria, Eskaintza eta Merkatuaren Oreka
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Economía
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,23 KB
1. Eskaria
Eskariak adierazten du eskatzaileak ondasun baten zer kantitate erosteko prest dauden prezio jakin batean, lotutako ondasunen prezioa, errenta erabilgarria (dirua) eta zaletasunak edo lehentasunak kontuan hartuta.
A. Eskaria Baldintzatzen Duten Faktoreak:
- Ondasunen prezioa: Produktu bat zenbat eta garestiagoa izan, orduan eta kantitate txikiagoa erosteko prest egongo da eskatzailea, eta alderantziz. Adibidez: Arropa garestia bada gutxiago erosiko dugu, eta merkeagoa bada gehiago.
- Lotutako ondasunen prezioa:
- Ondasun osagarriak: Behar bat asetzeko biak beharrezkoak dira. Adibidez: Mugikorra eta telefono kontratua; kotxea eta gasolina: Kotxeak funtzionatzeko gasolina behar du. Baten prezioa aldatzen bada, bestearen kontsumoa aldatuko da. Kotxeak garestitzen badira, kotxe gutxiago egingo dira, eta ondorioz gasolina gutxiago kontsumituko da.
- Ordezko ondasunak: Behar bat asetzeko, bat edo bestea behar da. Adibidez: Azukrea eta sakarina. Azukrearen prezioak gora egiten badu, sakarinaren eskariak gora egingo luke.
- Errenta erabilgarria:
- Behe-mailako ondasunak: Eskatzailearen errentak gora egitean gutxiago eskatzen diren ondasunak. Adibidez: Errenta handitzean, mahaiko ardoaren edo garraio publikoaren ordez; adibidez, jatorrizko deitura duen ardoa eta taxia.
- Ondasun arruntak: Eskatutako kantitateak eskatzaileen errentaren proportzio berean egiten du gora. Adibidez: Etxebizitza, etxetresna elektrikoak eta automobila.
- Luxuzko ondasunak: Errenta txikia denean, kantitate txikian kontsumitzen direnak, edo batere kontsumitzen ez direnak. Errentak gora egitean haien erabilera edo kontsumoa nabarmen igotzen da. Adibidez: Bitxiak eta kirol-autoak.
- Kontsumitzailearen lehentasunak: Eskariak adierazten du eskatzaileak ondasun baten zer kantitate erosteko prest dauden, prezio jakin batean, lotutako ondasunen prezioa, errenta erabilgarria (dirua) eta zaletasunak edo lehentasunak kontuan hartuta.
B. Eskariaren Kurba:
Ondasun baten eskariaren kurba eskariaren funtzioaren adierazpen grafikoa da, eroslea prezio bakoitzean erosteko prest dagoen kantitatea erakusten duena.
2. Eskaintza
Eskaintzak adierazten du enpresak ondasun baten zer kantitate ekoizteko prest dauden prezio jakin batean, ekoizpen-kostuak –ekoizpen-faktoreen kostuaren eta erabilitako teknologiaren araberakoak dira kostu horiek– eta enpresa-helburuak kontuan hartuta.
A. Eskaintzan Eragiten Duten Faktoreak:
- Ondasunaren prezioa: Merkatua beren produktuen truke kobratu dezaketen prezioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta kantitate handiagoa ekoizteko prest egongo dira enpresak (kostuek konstante jarraitzen badute), etekinak lortzeko espektatibak areagotuko direlako.
- Ekoizpen-faktoreen kostuak: Baliabideen kostuak gora egiten badu, etekinak txikitu egiten dira, eta ondorioz, baliteke enpresak eskaintza murriztu behar izatea, gutxiago gastatzeko. Ekoizpen-kostuetan eragiten duten aldagaietako batzuk hauek dira: langileen soldatak, zergak eta makinak.
- Enpresa-helburuak: Enpresek merkatuan eskainitako unitateen kopurua espektatiben araberakoa da, eta horrek eragina du enpresa-helburuetan. Desberdina da gora egiten ari den merkatu baterako ekoiztea (telekomunikazioak) edo merkatu tradizional baterako ekoiztea (larrua, oinetakoak), eta beraz, enpresa helburuak desberdinak dira.
B. Eskaintzaren Kurba:
Ondasun baten eskaintzaren kurba eskaintzaren funtzioaren adierazpen grafikoa da, enpresek, prezio bakoitzean, zer kantitate ekoitziko luketen adierazten duena. Eskaintzaren kurba goranzkoa da zenbat eta prezio altuagoa izan. Enpresak gehiago irabazten du eta horregatik interesatzen zaio kantitate handiagoa eskaintzea.
3. Merkatuaren Oreka
Merkatuaren oreka izeneko puntuan egiten dute bat kontsumitzaileen eta enpresen planek; beraz, truke biak asetzeko modukoa izaten da. Merkatuaren oreka bi modutan lor daiteke:
- Gehiegizko eskaria: Prezio jakin batean, kontsumitzaileek eskatzen duten produktu kantitatea handiagoa da enpresek eskaintzen dutena baino. Horren ondorioz, kontsumitzaile asko geratuko dira ase gabe, eta batzuk prest egongo dira ondasun jakin horiengatik prezio handiagoa ordaintzeko.
- Gehiegizko eskaintza: Prezio jakin batean, kontsumitzaileek eskatzen duten produktu kantitatea txikiagoa da enpresek eskaintzen dutena baino, eta kontsumitzaile askok ez dute erosten.
4. Aldaketak Merkatu-Baldintzetan
- Mugimenduak eskariaren kurban: Prezioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta txikiagoa izango da eskatutako kantitatea, eta alderantziz.
- Mugimenduak eskaintzaren kurban: Prezioa zenbat eta handiago izan, orduan eta handiago izango da ekoizleek eskaini nahiko duten kantitatea, eta alderantziz.
A. Eskarian Eragina Duten Beste Faktore Batzuen Aldaketak:
Eskarian eragiten duten gainerako faktoreetan aldaketarik badago, eta prezioa aldatu gabe geratzen bada, bi gauza gerta daitezke:
- Eskatutako kantitateak gora egitea: eskariaren kurba eskuinerantz. Hauen ondorioz gerta daiteke:
- Ordezko ondasunen prezioak gora egitea: Adibidez: Sakarinaren prezioak gora egingo balu, azukrearena aldatu gabe, jendeak azukre gehiago kontsumitzea hautatuko luke, azukrea eta sakarina ordezko ondasunak direlako.
- Ondasun osagarrien prezioak behera egitea: Azukrearen prezioa aldatzen ez bada, baina ondasun osagarri baten prezioak behera egiten badu (adibidez: kafearen prezioak), ondasun osagarri horren eskariak gora egingo luke, eta horren ondorioz, azukrearen eskariak ere gora egingo luke.
- Errenta erabilgarriak gora egitea: Erabiltzaileen erosteko ahalmena handitzen bada, produktu kantitate handiago kontsumituko dute prezio berean.
- Aldaketa zaletasunetan (aldeko aldaketa): Produktu jakin bat modan jartzen bada, jendeak kantitate handiagoak kontsumituko ditu prezio berean. Adibidez: jantziak, saritutako filmak, udako abestiak …
- Eskatutako kantitateak behera egitea: eskariaren kurba ezkerrerantz. Hauen ondorioz gerta daiteke:
- Ordezko ondasunen prezioak behera egitea: Adibidez: Diesel autoen prezioak behera egingo balu, gasolinazkoen prezioa aldatu gabe, jendeak diesel auto gehiago erosiko lituzke.
- Ondasun osagarrien prezioak gora egitea: Autoen prezioa ez da aldatzen, baina, gasolinaren prezioak gora egingo balu, gasolinazko autoen eskariak behera egingo luke, eta zeharka, diesel autoen eskariak gora egingo luke.
- Errenta erabilgarriak behera egitea: Erosteko ahalmenak behera egitean, eskatzaileen kontsumo-aukerak murrizten dira, eta ondasunek prezio bera izanda ere, kantitate txikiagoak erosteko aukera izango du jendeak.
- Aldaketa zaletasunetan (kontrako aldaketa): Kontsumitzaileek produkturen bati bizkar ematean, kantitate txikiagoan eskatuko dute, prezioak berdin jarraituta ere. Beraz, ekoizleek merkatu egingo dute, salmentak sustatzeko eta biltegiratutako stocka mugiarazteko. Adibidez: beste denboraldi bateko arropa, modaz pasatako CDak …
B. Eskaintzan Eragiten Duten Beste Faktore Batzuen Aldaketak:
Eskaintzan eragiten duten gainerako faktoreetan aldaketarik badago, eta prezioa aldatu gabe geratzen bada, enpresek produktu kantitate handiagoa edo txikiagoa ekoitzi ahal izango dute prezio berean.
- Eskainitako kantitateak gora egitea: Eskaintzaren kurba eskuinerantz. Aldaketa horren arrazoia izan daitezke: ekoizpen faktoreen prezioak behera egitea, erabilitako teknologian hobekuntzak egotea edo enpresak merkatu-kuota eskuratzeko espektatibak izatea.
- Eskainitako kantitateak behera egitea: Eskaintzaren kurba ezkerrerantz. Arrazoiak: ekoizpen-faktoreen prezioak gora egitea, erabilitako teknologiaren kostuak handiagoak izatea, eta epe ertaineko eta luzeko estrategiarekin lotutako enpresa-helburuak, merkatu batean sartzea edo etorkizunerako negozio-itxaropenak izatea.