Eboluzioa: Teoriak, Frogak eta Kontzeptuak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,74 KB

Eboluzioaren Oinarriak

Ingurunearen eragina eta mutazioak

Ingurunearen eragina: Ingurune-eragileen ondorioz moldaketak, hau da, aldaketa morfologiko eta fisiologiko egokiak ager daitezke bizidunengan. Baina bizidunek ingurunera egokitzeko egiten dituzten moldaketa indibidualak ez zaizkie ondorengoei transmititzen. Ondorengoei ezaugarri genetikoak baino ez zaizkie transmititzen.

Mutazioak: Bizidunen DNAn gertatzen diren aldaketa genetikoak dira. Oro har, ez dira egokiak, bizidunengan anormaltasunak eragiten dituzte, bizirik irauteko zailtasunak besterik ematen ez dituzten aldaketak. Baina noiz edo behin gerta daiteke mutazio horietakoren bat baliozkoa izatea, inguruneari aurre egiteko egokia izatea; halakoetan, bizidunak, bizirik irauteaz gain, abantailak izango ditu ingurunera moldatzeko. Gainera, mutazio horiek ondorengoei transmitituko dizkie, zeren abantaila duenez, ugaltzeko aukera gehiago izango ditu.

Espezie berrien sorrera

Espezie berrien sorreran hainbat faktorek eragiten dute:

  • Populazioaren aldakortasuna (denak berdinak ez)
  • Populazioaren banaketa (oztopo bat)
  • Isolamendua
  • Aldaketak (ingurunearen eragina, mutazioak, hautespen naturala)

Denbora gutxira: espezie bera, gurutzaketa posible.

Aldaketen metaketak epe luzean.

Denbora askora: espezie desberdinak, ugaltzeko ezintasuna.

Ondorioz, espezie berriaren sorrera.

Eboluzioaren Teoriak

Teoria Klasikoak

Kreazionismoa

Jainko batek momentu batean banaka-banaka sortu zituen gaur egun dauden espezie guztiak.

Aristoteles (K.a. 384-322): Hierarkia baten arabera antolatu zituen organismoak, konplexutasunaren arabera. Mailarik altuenean gizakia jarri zuen.

Fixismoa

Espezie bat behin sortuta aldaezina da, hau da, garen bezalakoak izan gara betidanik, eta horrela jarraituko dugu.

Linneo (1707-1778): Gaur egun erabiltzen den bizidunen latinezko izendegia sortu zuen fixista amorratua izan zen. Lehenengo zatia: generoa. Bigarrena: espeziea.

Katastrofismoa

Jainkoak behin baino gehiagotan sortu behar izan zituen animalia espezieak, hain zuzen ere, hondamendi edo katastrofe bakoitzaren ondoren.

Cuvier (1769-1832): Paleontologiaren aita dela esan daiteke. Teoria hau defendatzen zuen eta bere ustez 27 sorkuntza edo kreazio egon ziren.

Eboluzioaren Teoriak Nagusiak

Lamarckismoa (XVIII. mendearen amaiera)

Lehenengo organismoak berez sortu ziren, gainerakoak berriz hasierako haiengandik eboluzionatuz. Hala, ingurunearen eraginez erabiltzen diren organoak garatu egiten dira, eta erabiltzen ez direnak atrofiatu. Honaino teoria zuzena zen, baina banako batek jasotako aldaketa hauek ondorengoei transmititzen zirela zioen, eta ez da horrela, aldaketa fisiologikoak baitziren.

Lamarck (1744-1829): Lehenengo eboluzionista izan zen. Jirafaren adibidea erabili zuen bere ideia defendatzeko: jirafen arbasoak lepo eta hanka motzekoak ziren. Hobeto heltzeko ahaleginez, lepoa eta aurreko hankak luzatu eta ondorengoei transmititu.

Darwinismoa

Espezieen jatorria hautespen naturalaren bidez gertatzen da. Populazio batean bizirik irauteko lehia dagoenez (iraun dezaketen baino izaki gehiago jaiotzen dira, elikagaiak eta espazioa mugatuta daude), ahulenak hil egiten dira. Horretaz gain, populazio batean dagoen aldakortasunaren ondorioz, izakiak ez dira beraien artean berdin-berdinak. Beraz, batzuk besteak baino hobeto moldatuko dira ingurunera. Aldakortasun honetan naturak eragin handia du: ingurunearen baldintza jakin batzuetara egokitzeko banako egokienak hautatzen ditu. Gainerakoak baino hobeto egokitutakoak hobeto ugaltzen dira, eta ondorengoei transmititzen dizkiete aldeko ezaugarri horiek.

Darwin (1809-1882): Izaki bizidunen eboluzioaren teoria azaldu zuen "Espezieen jatorria: hautespen naturalaren bidez" liburuan. Gaztetan 5 urteko bidaia egin zuen Beagle itsasontzian mundu osoan zehar, hainbat behaketa eginez. Behaketa hauen ondorioa izan ziren eratutako teoriak (Wallaceren teorian ere oinarritu zen).

Wallace (1823-1913): Eboluzioaren teoria proposatu zuen hainbat ikerketen ostean. Darwinekin lehia bizian ibili zen, nork sortuko teoria hobea ahalik eta denbora laburrenean. Azkenean, Darwin izan zen ospe guztia eraman zuena bere liburuarekin. Hala eta guztiz ere, biogeografiaren aita kontsideratzen da.

Neodarwinismoa edo Teoria Sintetikoa

Darwinen teoriaren berrikuspena da, eta ideia hauek jasotzen ditu:

  1. Populazioen baitako aldakortasunaren eragile nagusiak mutazioak direla esaten da. Hauek zoriz gertatzen dira, eta azaleratu nahiz ezkutuan gera daitezke. Mutazioek iraupenerako mesedegarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen ezaugarriak ekar ditzakete.
  2. Hautespen naturalak populazioaren aldakortasunari eragiten dio, hobekien moldaturik dauden indibiduoak hautatuz eta ezaugarri kaltegarriak dituztenak baztertuz. Inguruneko baldintzak aldatuz gero, kaltegarria zen ezaugarri bat mesedegarri suerta liteke inguruneko baldintza berrietan. Organismoen geneek aldeko ezaugarriak badituzte ingurune horretan, organismo horiek hautatuak izango dira, eta gene horiek ondorengoei transmitituko dizkiete. Ondorioz, aldeko gene gehiago egongo dira populazioan.

Eboluzioa prozesu itzulezina da, eta bi mota daude: mikroeboluzioa eta makroeboluzioa.

Hipotesiak: Uretako arrain batzuek hainbat mutazioren ondoren hanka eta birika bereziak garatu zituzten. Ondorioz, gai izan ziren lehorrean ere bizitzeko, anfibioak sortuz. Beste hainbat aldaketaren ondorioz, narrasti bilakatu ziren anfibio hauek, arnasa soilik biriketatik hartu ahal zutelarik. Ondoren, hegalak garatu zituztenean eta buztana moztu (beste hainbat ezaugarrirekin batera) hegazti bihurtu ziren. Beste batzuek, ordea, ugaztunetatik gertuago dauden ezaugarriak garatu zituzten.

Eboluzioaren Frogak

Froga paleontologikoak: Fosilak

Gurea baino lehenagoko garaietan bizi izan ziren eta geruza sedimentarioetan lurperatuta kontserbatu diren zenbait animaliaren eta landareen hondakin mineralizatuak dira fosilak. Bizidunen atal gogorrak izan ohi dira, gehienbat, fosil bihurtu direnak, nahiz eta bizidunek utzitako hondakin eta aztarna fosilduak ere topa daitezkeen arroka eta harrietan. Batzuetan sare ebolutibo osoak aurkitu dira fosilduta.

Froga enbriologikoak

Ornodunen enbrioiak hainbat fase izaten ditu jaio aurretik, eta fase horiek antz handia dute ornodun mota guztietan. Antzekotasun horiek galdu egiten dira garapenak aurrera egin ahala eta enbrioia eratuz doan heinean. Hala ere, antzekotasunak luzaroago irauten dute espezie batzuetako enbrioietan, ahaidetasun handiagoa dagoela edo jatorri bera dutela adieraziz.

Froga biogeografikoak

Kontinente guztietako espezieen antzekotasuna aztertuta, noizbait jatorri bera izan zutela adierazten dute: kontinenteak bereizi zirenean, bakoitzak bere eboluzioa izan zuen eta espezie berriak sortu ziren.

Froga biokimikoak

Bi espezieren proteinak eta azido nukleikoak zenbat eta antzekoagoak izan, orduan eta ahaidetasun handiagoa dute edo gertuago dute beraien arbaso komuna.

Anatomia eta morfologia konparatua

Espezie desberdinetako hainbat atal hartu eta konparatuz eboluzioaren teoria baieztatzen duten gertakariak ikus daitezke, eta hauen ahaidetasun-maila finkatu. (Organo analogoak, homologoak eta aztarna-organoak azaldu).

Kontzeptu Garrantzitsuak

Organo analogoa

Funtzio bera eta anatomia (egitura) desberdina duten organoak dira.

Organo homologoa

Anatomia (egitura) bera baina funtzio ezberdina duten organoak dira.

Aztarna-organoak

Inolako funtziorik betetzen ez duten organoak dira. Organismo horien arbasoek organo horiek erabiltzen zituztela, baina eboluzioaren prozesuan funtzio haiek desagertzen joan direla esan nahi du.

Espeziea

Bi bizidun gurutzatzen direnean eta ondorengoa emankorra denean, bi bizidun espezie berekoak dira.

Populazioa

Une eta leku jakin batean bizi eta erlazionatzen diren espezie bereko bizidunek osatzen dute.

Hautespen naturala

Bere kasa eta inguruaren eraginez, naturak baimendu eta babestu egiten ditu zenbait aldaera. Naturak egiten duen hautaketa horri hautespen naturala deitzen zaio. Populazio bateko aldaketa berezi bati bidea errazten dionean, natura hautespen naturala bultzatzen ari dela esaten da. Laburbilduz, ingurune jakin batean bizitzeko moldatzen diren aldaera jakin batzuk bultzatzen dituen berezko hautaketa da. Bizidun batzuk ingurune jakin horretan bizitzeko okerrago moldatuta badaude, desagerrarazi egiten ditu, baldintza txar horietan errazago hilko baitira, edo ahulago hazi, edo ugaltzeko probabilitate txikiagoa izan. Bestalde, ingurune horretara hobekien moldatutakoak ugaldu egiten dira. Denborarekin, ingurune jakin horretako bizidunak bestelako baldintzak dituzten beste hainbat lekutako bizidunengandik bereiziko dira.

Inguruneak espezieari zenbat eta presio handiagoa egin, orduan eta bizkorrago nabaritzen da hautespen naturala. Bestalde, denbora luzean aldaketarik gabeko ingurune baten baldintzak aldatzen badira, hautespen naturalaren eragina askoz bizkorragoa izaten da, beste inon baino. Honen ondorioetako bat intsektuen eboluzioa da: intsektiziden erabilera iraunkorrak inguruneetako biozenosian (bizidunen artean) baldintzak goitik behera alda ditzake. Hala, intsektu ugari hilko dira, eta ekosisteman aldaketa gogorrak gertatuko dira; baina sarraskiaren ondoren bizirik irauten duten intsektuak intsektizida horri aurre egiteko moldatuagoak egongo dira, eta hurrengo belaunaldiak horrela jarraituko du, intsektizida gero eta errazago jasanez.

Hautespen artifiziala

Hautespen artifizialaren bidez, gizakiak bere ekintzetarako egokiak izan zitezkeen espezie bateko arrazak hautatzeko ahaleginak egin ditu milaka urtean zehar, bete behar zituzten funtzioetara ahalik eta hobekien egokitzen ziren animaliak hautatuz eta jatorrizko arraza basatietatik bereiztuz. Baina landareekin ere egin izan du gizakiak hautespen hau; gainera, landareen ezaugarriak hautatzea lan errazagoa da animalienak hautatzea baino, sexurik gabeko ugalketa erabili daitekeelako. Honek guztiak arraza berrien sorrera ekarri du: adibidez, hanka motzeko txakurrak, esne ugari ematen duten behiak.

Mikroeboluzioa

Populazio batean mailaka gertatzen diren aldaketa txikiak.

Makroeboluzioa

Aldaketa ebolutibo handiak (espezie, genero, familia... berriak agertzea).

Faktore biotikoak

Ekosistema batean elkarri eragiten dioten izaki bizidunak dira, hau da, ekosistema bateko flora eta fauna.

Faktore abiotikoak

Izaki bizidunen parte edo produktu ez direnak, hau da, bizigabeak.

Entradas relacionadas: