Digestio-aparatua: Funtzionamendua eta Atalak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,36 KB
Digestio-aparatuak elikagaiak eraldatu eta substantzia soilagoak sortzen ditu, zelulek xurga eta erabil ditzaketenak. Halaber, digeritu gabeko hondakinak kanporatu egiten ditu.
Digestio-aparatuaren Atalak
- Ahoa: Ahoan, mihia eta hortzak daude. Mihia elikagaiak mugiarazi eta listuarekin nahasten ditu. Hortzek elikagaiak mastekatzeko balio dute. Listu-guruinek listua sortu eta ahora botatzen dute.
- Faringea: Epiglotis izeneko tolestura dauka; tolestura horrek ez die elikagaiei arnasbideetara pasatzen uzten.
- Hestegorria: Faringea eta urdaila lotzen ditu. Hestegorriaren pareen mugimenduari esker, elikagaiak urdailera iristen dira.
- Urdaila: Urdailaren sarrerari kardia esaten zaio, eta irteerari, berriz, piloroa. Urdailean, elikagaiak digeritzen hasten dira, urin gastrikoari esker.
- Heste meharra: Sei metro inguruko hodia da. Barruko paretek heste-bilo izeneko tolesak dituzte. Elikagaiak erabat digeritu eta elikagaien substantzia elikagarri gehienak xurgatzen dira; gero odolera pasatzen dira. Hiru zati ditu heste meharrak: duodenoa, jejunoa eta ileona.
- Heste lodia: Uzkian amaitzen da. Heste lodiko paretek ura eta gatz mineralak xurgatzen dituzte. Hiru zati ditu: heste itsua, kolona eta ondestea.
- Gibela: Behazuna sortzen duen guruina da. Behazuna behazun-xixkuan pilatu eta duodenora isurtzen da. Behazunak koipeak disolbatzen laguntzen du.
- Pankrea: Pankrea-urina sortzen duen guruina da. Urin hori duodenora isurtzen da. Elikagaiak erabat digeritzen dira.
Digestio-prozesua
Digestio motak:
- Mekanikoa: Elikagaiak moztu, txikitu eta nahasi egiten ditu. Batik bat, ahoan eta urdailean egiten dira ekintza mekanikoak.
- Kimikoa: Elikagaiak eraldatu eta konposatu soilagoak eratzen ditu.
Ahoratzea eta Digestioa:
Elikagaiak ahoratzen direnean hasten da digestioa. Ahoan, digestioa hasten da, bi prozesu hauen bidez:
- Mastekatzea: Ekintza mekanikoa da, hortzen eraginez elikagaiak txikitu egiten dira.
- Listuztatzea: Elikagaiak listuarekin nahasten dira. Hiru guruin pare hauek sortzen dute listua: parotidek, masailpekoek eta mihipekoek.
Prozesu horiek mihia izeneko organo gihartsuak errazten ditu. Elikagaiak txikitu eta listuarekin nahasten direnean, elikadura-boloa eratzen da. Irensketari esker, faringean eta hestegorrian behera joaten da. Hestegorriak, mugimendu peristaltikoen bidez, urdailera eramaten du elikadura-boloa. Kardiatik sartzen da urdailean. Gero, urdailean, digestio gastrikoa hasten da. Bi ekintza hauek gertatzen dira:
- Ekintza kimikoa: Paretek jariatutako urin gastrikoek egiten dute. Urin horiek azido klorhidrikoa dute.
- Ekintza mekanikoa: Pareten mugimendu peristaltikoek egiten dute.
Digestio gastrikoaren ondorioz, kimo izeneko papilla erdi likido, lodi eta azidoa sortzen da. Kimoa piloroan zehar heste meharrera igarotzen da. Duodenoan substantzia hauekin nahasten da kimoa: behazunarekin, heste-urinarekin eta pankrea-urinarekin. Behazunak koipeak disolbatzen laguntzen du, eta heste-urinak eta pankrea-urinak digestio kimikoa amaitzen dute. Urin horien guztien bidez, kilo izeneko ahi zurixka sortzen da.
Xurgapena:
Digestioaren ondorioz, mantenugaiak lortzen dira. Mantenugai horiek txiki-txikiak direnez, digestio-hodiaren paretak zeharkatzen dituzte eta odolera pasatzen dira. Prozesu horri xurgapena deritzo.
Egestioa:
Xurgatu gabeko substantziak heste lodira pasatzen dira, hestearen pareten mugimendu peristaltikoei esker. Han ia ur guztia eta gatz mineralak xurgatzen dira; horrenbestez, digestioaren hondarrak gero eta solidoago egiten dira, eta hala, gorotzak eratzen dira. Heste lodian, gainera, hainbat bakterio sinbionte daude. Bakterio horiek hartzitu eta deskonposatu egiten dituzte xurgatu gabeko hondarrak. Bakterioek zenbait bitamina sintetizatzen dituzte eta heste-gasak sortzen dituzte. Gorotzak hestearen azken zatian pilatzen dira, ondestean. Gero, egestioaren bidez, uzkian zehar kanporatzen dira gorotzak aldian behin.