Descartes: Res Cogitans eta Res Extensa arteko dualismoa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,36 KB

Zer da res cogitans eta res extensa?

Modu horretan, zer da res cogitans? Bada, res cogitans edo substantzia pentsatzaile delakoa pentsamendu hutsa da, pentsamendua baitu atributu. Gainera, atributu horren ñabardurak ditu, moduak; hala nola, memoria, maitasuna, irudimena… eta ez du res extensaren ezaugarririk; bizirauteko nahikoa baita atributu bakar bat.

Res extensa, berriz, zentzumenen bidez hautematen dugun mundua da. Hedadura du atributu eta bere moduak (atributu horren ñabardurak) matematikoki adierazi daitezkeen ezaugarriak dira: higidura, tamaina, forma… Nolabait esateko, res extensa higidura kopuru jakin bat duen hiru dimentsioko substantzia bat da.

Hala ere, res extensa zalantzaren pean dago oraindik ere, gure existentziaz soilik baikaude ziur (res cogitans propioaz). Oraindik ez baitugu frogatu ingurukoen res cogitans existitzen denik, ezta bakoitzaren gogamenetik kanpora dagoen kanpo-munduaren existentzia ere. Pentsatzen dugunero zehazten dugu arimaren existentzia; aldiz, gorputzarena zehaztea zailagoa da, gure zentzumenen bidezko ezagutza baita res extensa, oraindik ezagutza zalantzakorra.

Komunikazioa: Arima eta gorputzaren arteko lotura

Esana dugu substantzia pentsatzailea (res cogitans) eta substantzia hedatua (res extensa) bereiziak direla, heterogeneoak; baina horrek arazo bat sortzen du gizakia azaltzerakoan: arima espiritual huts batez eta gorputz hedatu batez osaturiko subjektua nola azaldu? Izan ere, zein da bi substantzia horien arteko elkarrekintza? Hau da, nola eragiten dio arimak gorputzari eta gorputzak arimari?

Guruin pineala: Elkarrekintzaren gunea

Descartesen arabera, guruin pinealean (garuneko epifisia) egiten zuten bat arimak eta gorputzak; bertan gertatzen zen bien arteko komunikazioa. Hala, arimatik zetozen espiritu eta nerbio-sistemako korpuskuluek (egungo neuronak) guruin pinealera eramaten zituzten gorputza higitzeko inpultsuak, eta inpultsu horiek gorputzari eragiten zioten.

Guruin pineala garuneko zati bat da, Descartesentzat zentzu berezia zuena. Bertan, odola “espiritu” bihurtu eta arimaraino zabaltzen da nerbio moduan.