Demokrazia: Definizioa, Historia eta Ordezkaritza Sistema
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,38 KB
Demokraziaren definizioa eta eztabaida
Demokrazia hitza grezieratik dator, eta herriaren (demos) boterea edo gobernua (kratos) esan nahi du. Gizarte demokratikoetan, guk aukeratutako ordezkariek baino ez dute gobernatzen, eta gainera, ez denok hautatutako ordezkariek. Demokrazia herriak legitimatzen duen ordena politikoa da.
Egile batzuen iritziak
Egile batzuen iritziz, herritarrek botere gehiegi dute, beste batzuen ustez botere gutxiegi. Batzuek diote arauak zuzendu behar duela demokrazia, eta beste batzuek arau hori mugatu egin behar dela.
Greziako demokraziaren oinarria
K.a. VI. mendean, herritar guztien esku zegoen gobernua Atenasen. Baina polisean jaiotako gizon askeak baino ez ziren herritarrak. Herritarrak Asanblean biltzen ziren, gai publikoei buruzko erabakiak hartzeko. Hortaz, herritarrek zuzenean hartzen zituzten erabakiak, eta ez zuten ordezkaririk aukeratzen.
Gaur egungo eta Greziako demokraziaren arteko aldeak
Komunitatearen tamaina da funtsezko desberdintasunetako bat. Greziako komunitateak txikiak ziren, eta kide guztiek elkar ezagutzen zuten. Gizarte trinkoak eta ekonomikoki independenteak ziren.
- Greziako demokrazian estatua ez zen gaur egungo estatuaren modukoa.
- Eztabaidetan eta erabakiak hartzeko sistemetan ez ezik, herritarren partaidetzan ere bazuen eragina zuzeneko demokraziak.
- Herritarrek zozketa bidez lortzen zituzten karguak, eta Asanblearen aurrean eman behar izaten zituzten kontuak.
- Demokrazia jendearen bizimoduaren parte zen. Zaila zen gai publikoak eta pribatuak bereiztea. Parte-hartze politikoa zen eguneroko bizitzaren oinarria. Gaur egun, politikoak gure bizitzaren parte bat baino ez dira.
Demokrazia klasikoaren eta modernoaren antzak
Argudiaketa arrazionala zen Atenasko poliseko agintaritzaren oinarria. Botere politikoa duenak herritarrek onartzeko moduko arrazoiak eman behar ditu. Botere politikoaren eta onarpen arrazionalaren arteko lotura indarrean dago gaur ere.
- Gure demokraziaren arabera, lotura estua dago herritarren eta partaidetzaren artean. Aristotelesek ere adierazi zuen gizakien oinarrizko ezaugarria zela partaidetza.
- Greziako polisean funtsezko zeregina zuen gizarte hezkuntzak; izan ere, orduko demokrazian funtsezkoak ziren ondo prestatutako herritarrak, herritar zintzoak.
Ordezkaritzako sistema: funtsezko baldintzak
Botere banaketa egin behar da, gizabanakoen askatasuna babesteko. Botere legegileak hautatua eta arduratsua izan behar du: hautesleei erantzun behar die. Hori da ordezkaritzako sistemaren abantaila handia.
Ordezkaritzako sistema eraginkorra izateko, honako baldintzak bete behar dira:
- Sufragio unibertsala, botere politikoa bermatzeko.
- Botoa isilpean ematea, herritar guztiek erabakitzeko askatasuna izango dutela bermatzeko.
- Aldizka hauteskundeak egitea, horrela gobernatuek gobernari berak edo beste batzuk hautatzeko.
- Hautagai politikoen arteko lehia askea.
- Gehiengoaren araua onartzea, erabaki politikoak hartzeko tresna nagusi gisa.
Baldintza horiek guztiak ez lirateke eraginkorrak izango, adierazpen, elkartze eta prentsa askatasunik gabe. Horrez gain, herritar guztiek hezkuntza izango dutela bermatu behar da.
Gizakia, izaki askea eta banakotasuna
Gizakia askatasunak bereizten duen izakia da, bere gaitasunak gauzatzen eta garatzen dituena. Gure onura gure erara bilatzeko gaitasuna dugu, baldin eta ez bagara ahalegintzen gainerakoei beren onura kentzen edo gainerakoek beren onura lortzeko egindako saiakerak galarazten.
Askatasun hori banakotasunaren oinarria da, eta askatasunez jokatzeko aukera ematen duen gizarte eta politika esparru batean sortzen da. Gizabanakoak gizartea behar du bere burua garatzeko, eta komunitatearen eremuko askatasuna funtsezkoa da, guztien ongia lortzeko lan egiten baita eremu horretan.
Partaidetza demokratikoaren garrantzia
Garapenari aukera ematen dion eta garapen hori bultzatzen duen gizartea izango da gizarte ona. Eta horretarako funtsezkoa da antolaketa demokratikoa; izan ere, bizitza publikoaren gidaritzan parte hartzea da gaitasun horien funtsezko parte bat.
Partaidetza demokratikoak legeak egitera bultzatzen ditu gizabanakoak, arduran eta elkartasunean hezten ditu, eta zoriontsu egiten ditu. Bere asmoa ez da babestea, baizik eta gizateria hobetzea.