Bizitzaren Jatorriaren Teoriak: Historia eta Egungo Ikuspegiak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 6,41 KB

Bizitzaren Jatorriaren Teoria Historikoa

Erlijioek ematen dituzten naturaz gaindiko azalpenak alde batera utzita, bi dira historian zehar nagusitu diren teoria nagusiak:

  1. Berezko Sorrera (XIX. mendera arte)
  2. Biogenesia (XIX. mendetik aurrera)

Berezko Sorrera (XIX. mendera arte)

XVII. mendera arte inork zalantzan jarri ez zuen teoria da: izaki bizidunak materia ez-bizidun batetik sortzen direla dio.

Aristoteles

Aristotelesen arabera, “printzipio aktibo” bat beren baitan zuten partikula material batzuk zeuden, izaki bizidunak sortzeko ahalmena zutenak. Bere esanetan, hauek ernaldutako arrautzetan, lokatzetan, haragi usteletan eta baita argian ere aurki zitezkeen.

Intsektuen kasuan, hiru mota bereizten zituen:

  • Batzuek elkar estaltzen dute, eta sortzen diren kumeak gurasoen berdin-berdinak dira.
  • Beste intsektu batzuek, elkar estali arren, ez dute beren espezie bereko izakirik ematen, larbak baizik.
  • Azkenik, beste intsektu batzuk usteltzen utzitako likidoetatik (batzuetan solidoetatik ere) sortzen ziren.

Duret

Bere ustetan, bazegoen zuhaitz bat hostoak uretara jausiz gero arrainak sortuko zirela eta lurrera jausiz gero hegaztiak sortuko zirela esaten zen.

Rediren Esperimentua (Berezko Sorreraren Aurka)

Redik zalantzak zituen berezko sorreraren teoriaren inguruan, eta horregatik teoria hau atzera botatzen saiatu zen esperimentu bat eginez:

Zortzi ontzi hartu zituen, eta haragi zati bat sartu zuen bakoitzean. Horietatik lau hermetikoki itxi zituen eta beste laurak tapatu gabe utzi zituen. Denbora batera, tapatu gabe utzitako ontzietan euliak eta harrak agertu ziren, eta itxitakoetan, aldiz, ezer ez.

XVIII. Mendeko Eztabaida

XVIII. mendean, bi joeren arteko borroka puri-purian egon zen: berezko sorreraren teoriak defendatzaile ugari bazituen ere, biogenesia indarra hartzen ari zen.

Needham (Berezko Sorreraren Alde)

Esperimentu bat egin zuen berezko sorreraren teoria zuzena zela frogatzeko: haragi egosiaren salda botila batean sartu eta hermetikoki itxi zuen, kanpoko airearekin kontakturik izan ez zezan. Denbora laburrera, bizitza sortu zen botilan.

Spallanzani (Biogenesiaren Alde)

Biogenesia defendatzen zuen honek, eta ezin zuen Needhamen esperimentuaren ondorioa onartu. Horregatik, zera esan zuen horri buruz: “Ontzi hermetiko horren barruko airea berotu gabe dagoenez, ezin da ziurtatu bizitza sortuko ez denik. Barruko airea behar bezala berotu izan balitz, ez lirateke inolako animaliarik sortuko, arrautza ñimiñoak ez liratekeelako egongo.”

Biogenesia (XIX. mendetik aurrera)

Izaki bizidun oro beste izaki bizidun batetik datorrela dio teoria honek.

Pasteurren Esperimentua (Biogenesiaren Froga)

Ikerlari frantsesak zisne-lepodun matrazeekin eta erraz usteltzen den likido batekin egin zuen esperimentua. Matrazeei bihurgune hau egin zien, mikroorganismoak bertara pasatzea ezinezkoa zelako horrela. Barruko likidoa irakiten jarri zuen, eta barruko mikroorganismo gehienak hil ziren.

Gainera, mikroorganismo kanporatuek eginiko bidea ere garbitu zuen, atzera buelta ez zitezen. Denbora pasa ahala, eta nahiz eta airearekin kontaktuan egon, salda ez zen usteldu.

Matraze batzuei lepoa kendu zien, eta likidoa usteldu egin zen, mikroorganismoak airetik ontzira sartu baitziren. Honekin, mikroorganismoen eragina frogatu zuen.

Bizitzaren Jatorriari Buruzko Egungo Teoriak

Teoria Endogenoa (Eboluzio Biokimikoa)

Teoria honek dio gure planetaren hasieran existitzen ziren substantzia kimikoetatik abiatuta eta eboluzio biokimiko zail samar baten ondorioz lurreko lehen bizi-formak sortu zirela.

Oparinen Hipotesia (1923)

Oparinek bizitzaren jatorriari buruzko lehen teoria formulatu zuen 1923an. Haren arabera, duela 3.500 milioi urte, Lurraren atmosferan metanoa, amoniakoa, hidrogenoa, nitrogenoa eta ur-lurruna zeuden gehienbat.

Erreakzio kimiko batzuen bitartez (Eguzkiaren erradiazio ultramoreek eta karga elektrikoek lagunduta), materia organikoa sortu zen atmosferan, eta euriaren eraginez itsasora iritsi zen. Orduko itsasoaren tenperatura altua zen, eta ondorioz, erreakzio kimikoak erraz sortuko ziren molekula organikoen artean.

Erreakzio hauen ondorioz, tamaina eta konplexutasun handiagoko molekulak sortu ziren, eta molekula hauek elkartzean, agregakin heterogeneoak sortu ziren, koazerbatu izenekoak. Koazerbatu hauek materia organikoaren eta zelulen arteko trantsizio-egiturak dira.

  • Bilduki moduko bat zuten inguruan, eta ingurunetik babesteaz gain, beste molekula organiko batzuk hartzea ahalbideratzen zuen.
  • Zatitu ere egin zitezkeen, beraz, elikadura eta ugalketa funtzioak betetzen zituzten.
  • Anaerobioak ziren.

Izaki hauetako batzuk fotosintesi-mekanismoak egiten hasi ziren. Ondorioz, atmosferako oxigeno kantitatea handitzen hasi zen, lehenengo O2 sortuz eta ondoren O3 (goi-atmosferako ozono geruza). Azken honi esker, izaki bizidunak Eguzkiaren erradiazio kaltegarrietatik babesten gara.

Ordura arte bizitza sortzeko behar ziren ezinbesteko baldintza batzuk (15ºC-ko tenperatura, atmosfera jakin bat...) aldatu egin ziren, bizi-fenomeno konplexuagoak ahalbidetzeko moduko baldintzak sortuz.

Urey eta Millerren Esperimentua (1953)

Oparinen aldeko lehen froga egin zuten 1953an. Atmosfera eta itsaso primitiboen baldintzak sortu zituzten, eta horri deskarga elektrikoak aplikatu zizkieten energia iturri gisa.

Osagaiek erreakzionatu egin zuten, eta Oparinen teoriak dioen bezala, substantzia organiko desberdinak eman zituzten (aminoazidoak, erribosa, adenina...). Substantzia horiek, itsaso primitiboaren antzera, irakiten jarritako uretan metatu ziren.

Teoria Exogenoa (Panspermia)

Teoria honek dio gure planetaz kanpo sintetizatutako substantzia organiko batzuk Lurrera iritsi zirenean, baldintza bereziki onak aurkitu zituztela bertan, eta ondorioz, lehen bizi-formak sortu zituztela.

Duela gutxi hainbat aurkikuntza egin dira, hala nola, materia organikoa (aminoazidoak, base nitrogenatuak...) aurkitu izana Lurrera iritsitako meteoritoetan, kometetako nukleoan eta izarretako hautsean.

Aurkikuntza horiek frogatzen dute substantzia organikoak Eguzki-sistema osatu zen aldi berean sintetizatu zirela, eta ez ondoren (Teoria Endogenoak dioen bezala).